Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Jogurtak, gero eta pertsonalizatuagoak

Era askotako jogurtak ekoizten dituzte gaur egun, eta bakoitzak zer elikadura-ezaugarri dituen jakin beharra dago norberari gehien komeni zaiona hautatzeko

  Hozkailuaren lehen apalean, arrautzen ondoan, ezkerraldean, eskuinean... Etxerik gehienetan izaten dira jogurtak, eta zer esanik ez haurrak bizi diren etxeetan. Guztiek jateko modukoak dira, haurrek, helduek eta adinekoek, eta jende askoren postrerik eta askaririk gustukoena izaten da. Jogurtak, elikagai gisa, berezko elikadura-balioa du, baina horretaz gain, elikagai probiotikoa ere bada: mikroorganismo biziak izaten ditu, eta horiek mesede egiten diote hesteetako bakterio-florari. Jogurtak funtzio hori betetzen du, beraz. Baina merkatuan hainbat eratako jogurtak aurki daitezke gaur egun, zapore, testura eta osaera ugaritakoak, eta zaila gertatzen da hautua egitea. Jogurt horien guztien arteko aldea elikadura-balioak ezartzen du, ez funtzio probiotikoak, hori guzti-guztiek betetzen dute eta. Gaingabetuek eta azukre erantsirik gabeek elikadura-izaera hobea dute, eta dieta zaindu eta gantzak, azukreak eta kaloriak kontrolatu beharra daukatenek jateko modukoak dira. Kaltzio gehien daukatenak, aldiz, behar bereziak dituzten pertsonentzat izaten dira, edo uneren batean mineral horretatik gehiago behar dutenentzat. Krematsuenak, azukredunak edo mousse erakoak gutizia gisa hartzekoak dira, eta oso noizbehinka jatekoak.

Elikadura-ezaugarriak

Kaltzio gehiago duten jogurtak egokiak izan daitezke aski esneki hartzen ez dutenentzat

Jogurtaren elikadura-balioa esneak duenaren oso antzekoa da; alderik handiena laktosa kopuruan dago: jogurtak oso gutxi izaten du, azido laktiko bihurtzen baita eraldatze-prozesuan. Balio biologiko handia duten proteinak ematen ditu, organismoak erraz bereganatzen duen kaltzioa eta B2 bitamina edo riboplabina. Gantza eta A eta D bitaminak (gantzaren ondoan egoten dira) gehiago edo gutxiago ager daitezke, jogurta nolakoa den: normala, esne-gainduna, gaztaduna edo gabea, gaingabetua... Gantzik gehienak saturatuak izaten dira. Jogurten balio energetikoa ere asko aldatzen da jogurt motaren arabera: gantz kopuruaren araberakoa izaten da, baina jogurtari eransten dizkioten osagaiek ere zeresan handia dute: esne-gaina, azukrea, marmelada, fruta freskoak edo lehortuak, zerealak fruitu lehorrak... Jogurt gaingabetu batek, adibidez, 50 Kcal eta 0,4 gramo gantz izaten ditu, eta jogurt krematsu batek, aldiz, gaingabetu batek halako lau izaten ditu kaloriak; gantzak, berriz, hamabi halako. Edozein gozok adina, beraz, eta esne-gainaz gain azukrea ere erantsi badiote, are kaloria gehiago izango ditu (ikus taula).

Esne osoak (basoa bete, 200 ml) eta zenbait jogurtek (125 g) dituzten ezaugarriak alderatzeko taula
Energia (Kcal) Proteinak (g) Gantzak guztira (g) Gantz saturatuak (g) Azukreak (g) Kaltzioa (mg)
Esne basoa 126 6,2 4,4 2,10 9,4 226
Jogurt naturala 70 4-6 1,3-3 0,9-2 5-8,5 171,25
Gaingabetua 50 5,25 0,40 0,22 6,12 175
Krematsua, esne-gainez 150 4,7 12,5 7,8 4,4 152
Krematsua, esne-gain eta azukrez 192 4,6 12,5 7,8 14,4 152
Kaltzioduna 70 5,3 1,9 1,25 7,6 400

Iturria: Elikagaien osaerari buruzko taula, CESNIDena. McGraw-Hill Interamericana, 2004.

Gustu eta behar guztietarako modukoak

  • Jogurt gaingabetuak edo "gantz gutxikoak". Jogurt horiek 3 gramo gantz izaten dituzte, gehienez ere, 100 gramo bakoitzeko. Horrez gain, gantza murriztearen ondorioz ez baditu ematen 40 Kcal baino gehiago 100 gramo bakoitzeko, "balio energetiko gutxikoa" dela esan daiteke. Egokiak dira dietari kaloria eta gantz saturatu batzuk kentzeko, jogurtak jateari utzi gabe.
  •   Azukre erantsirik gabeko jogurtak. Jogurt horien berezitasuna da ez dietela erantsi inolako monosakaridorik (fruktosa, glukosa), disakaridorik (azukrea, eztia) eta ez ezaugarri eztitzaileak dituen beste ezein osagai ere (marmelada, txokolatea...). Produktuak dauzkan azukreak berezkoak badira, honelaxe adierazi behar da: "Produktuaren berezko azukreak dauzka". Jogurt horiek ere egokiak dira dietari kaloriak eta azukreak kentzeko, modu erraz eta osasungarrian.
  • Kaltzio gehiago duten jogurtak. Ohiko jogurt batek, 125 gramokoak, 150 eta 170 miligramo artean izaten du kaltzioa, eta mineral hori erantsita duen jogurt batek, berriz, 400 miligramo ere eduki ditzake. Pertsona heldu batek 900 miligramo kaltzio behar ditu egunean; 10 urtetik 19 urte bitarteko haur eta gazteek, haurdun dauden emakumeek eta bularra ematen ari direnek, eta 50 urtetik gorako pertsonek, berriz, 1.000 eta 1.200 miligramo artean. Jogurt horiek egokiak izan daitezke aski esneki hartzen ez dutenentzat kaltzio-iturri gisa, eta gabezia hori berdintzeko kaltzio ugariko elikagaiak jaten ez dituztenentzat (hosto berdeko berdurak, latako sardinak, fruitu lehorrak, piku lehorrak eta fruta lehortuak, eta lekaleak). Dena den, ongi aztertu behar litzateke bakoitzak zer-nolako dieta egiten duen, zeren egungo elikadura-ohiturek erakusten dutenari jarraituz, pentsa baitaiteke kaltzio-gabezia ez dela sortzen, hain zuen, kaltzio gutxi hartzeagatik, baizik eta animalia-jatorriko proteina gehiegi jateagatik (haragiak), eta gatza/sodioa eta fosforoa ere behar baino gehiago hartzeagatik; mantenugai horiek, izan ere, kaltziogabetu egiten dute organismoa, eragozpenak jartzen dizkiotelako kaltzioa egoki xurga dezan eta mineral hori desagerrarazi egiten dutelako. Ez du deusetarako balio kaltzioz hornituta dauden jogurtak jateak, baldin eta gure elikadurak azidotzailea eta kaltziogabetzailea izaten jarraituko badu.
  • Fruta-zatiak dituzten jogurtak. Produktuak gutxieneko jogurt kopurua eduki dezan eta iruzurrak saihesteko, frutak, zukuak eta/edo beste osagai natural batzuk erantsita dituztenek % 70 eduki behar dute jogurta. Fruta-zatiak dituen jogurt batek ez du balio eguneko fruta-errazioa ordezkatzeko, eta argi eduki behar da hori. Fruta-zatiak dituzten jogurtetan, % 2 eta % 11 artean izaten da fruta, oso gutxi, alegia (gehien dutenek ere, 14 gramo fruta izango dute jogurt bakoitzeko). Sagar txiki batek, berriz, 100 gramo edukiko lituzke, marrubi batek 20 gramo eta mahats-ale batek 6. Jogurtekin jaten den fruta kantitatea hutsaren hurrena da, eta aintzat hartu ere ez da egin behar egun osoko menua aztertzerakoan.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto