Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Erabilitako objektuak diru-iturri bihurtzea oso lagungarria gerta daiteke hilabete bukaerara iristeko
Goia jotzen ari da krisia eta hondoa gu. Azken hirurogeita hamar urteetan ez dugu halakorik ezagutu, eta aldaketa sakonak ari dira gertatzen gure kontsumo-ohituretan eta etxeko ekonomiari begiratzeko moduan. Kontrolik gabe erosteko joera izan dugu oraintsu arte, eta orain, berriz, kontrolatu beste erremediorik ez zaigu geratzen, eta erdibide bat aurkitzea: zer egin liteke zentzuz kontsumitu eta gure ekonomiari arnasa pixka bat emateko? Erabilitako objektuak saldu, adibidez. Herrialde anglosaxoietan aspalditik egiten dituzte bigarren eskuko gauzen merkatuak, eta sustrai sakonak dituzten gizarte-gertakariak dira. Gaur egun, Internet da inon dagoen merkaturik handiena eta gizarte-gertakaririk bizienetakoa, eta aukera paregabea eskaintzen du bigarren eskuko salgaiak eskuratzeko, erraza eta eraginkorra delako. Nola egiten den, horixe jakin behar dugu ustekabe txarrik ez hartzeko.
Zerbitzu askok eskaintzen dituzte bigarren eskuko gauzak Interneten. Ezagunena eBay izango da, eta Espainiako Estatuan, berriz, Segunda Mano delakoa, baina ez dira bakarrak. Batzuk orotarikoak dira eta besteak espezifikoagoak, eta azken horiek eraginkorragoak izan daitezke objektu jakinak saltzeko. Zenbait plataforma, adibidez, arropa eta haurtxoen objektu erabiliekin espezializatu dira. Badira auto eta motorrenak ere, ordenagailuenak, telefono mugikorrenak eta informatikako beste produktu batzuenak; esparru jakineko produktuei eskainitako plataforma horietan, erraz aurki dezakegu gure produktuentzako eskaria. Dena den, horrek ez du esan nahi plataforma handiak ez direla eraginkorrak edo gomendatzeko modukoak; horiek ere egokiak dira oso, eta, gainera, gune txikiek batzuetan eskaini ezin dituzten bermeak eskaintzen dituzte. Askotariko bisitariak izaten dituzte, eta gure produktuak saltzeko leku onak dira, zalantzarik gabe.
Gure produktua salgai jarriko dugun gunean, eskaria badela egiaztatu behar dugu, eta horrez gain, berme batzuk eman behar dizkigu salmentak egin ostean ezustekorik ez izateko, eta kexak aintzat hartzen dituztela eta horiei erantzuten dietela ziurtatu behar dugu. Gune horrek, azken batean, ezaugarri jakin batzuk eduki behar ditu, salmenta modu fidagarri eta serioan egin dadin:
Izena emateko eskatu behar du, modu formalean. Zerbitzuan izena eman eta gauzak saltzen hasteko, oinarrizko datu batzuk eskatu behar dizkigu: helbide elektroniko baliozko bat, pasahitzen bat, guri buruzko datuak eta bizilekuaren helbidea. Pentsatzekoa da guri eskatzen diguten horixe bera eskatzen dietela erostunei ere. Segurtasuna zaintzea da salerosketak arazorik gabe egiteko bermerik onena. Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa