Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Etxeko ekonomia

Λ

Ezin dut ordaindu hipoteka. Zer egin dezaket?

Saihestu egin behar da luzaroan ordaindu gabe egotea, zorra asko handitzen baita, eta gero eta zailagoa gertatzen da murriztea

  Laneko diru-sarrerak bukatu edo apaldu egin zaizkie familia askori, eta egoera larrian daude. Batzuk, ez zeru eta ez lur geratzeko zorian. Hipotekaren kuotak lehengo bidetik iristen dira etxera, eta dirurik ezean, ezin ordaindu, eta ordaindu ezean... Egoera horretan, lehenik eta behin, bankuarekin berriz negoziatzen saiatu behar da, maileguaren baldintzak malgutu edo moldatu ditzaten. Dena den, batzuek ongi dakite, negoziatuta ere, ez dutela izango ordaintzeko modurik, eta horiek beste neurri batzuk hartu beharko dituzte derrigor: etxea bankuaren eskuetan utzi, merkatuko balioaren azpitik saldu, bitartekariekin harremanetan jarri etxea erosiko lukeen norbait aurki dezaten edo, behar balitz, porrot egoeran deklaratu. Bitartean, beharrezkoa da handik edo hemendik diru-sarrerak lortzea, bai logelaren bat alokatuz, edo bai balio handiko gauzak salduz. Saihestu egin behar da, inondik ahal dela, kuotak luzaroan ordaindu gabe uztea, zeren zorra asko handitzen baita, eta orduan ia ezinezko bihurtzen da murriztea.

Erabakiak hartzen hasi aurretik, ikusi egin behar da arazoa zenbateraino den larria. Batzuek badakite, zenbait hilabetez ordaindu ezin badute ere, aurki izango dituztela diru-sarrerak eta zorra kitatzeari ekingo diotela berriz ere. Beste batzuen egoera, aldiz, irtenbiderik gabea izango da, eta ia ezinezkoa gertatuko zaie hipotekaren kuotei erantzuten jarraitzea.

Lehen aholkua: hitz egin bankuarekin

Oinarri horretatik abiatuta, norberak erabaki dezake zer-nolako neurriak hartuko dituen zorra ordaintzeari ez uzteko, horixe baita helburu nagusia. Lehenik eta behin, kontratuari begiratu bat eman behar zaio, ea baduen klausularen bat, zeinaren bidez bezeroak onuraren bat eskura dezakeen diru-sarrerarik gabe edo langabezian geratuz gero. Beste aukeraren bat ere eskain dezake, agian, kontratuak: adibidez, urtean zehar zenbait kuota atzeratzeko aukera, inolako zigor ekonomikorik gabe.

Informazio hori eskuan duela, dirua mailegatu dion erakundera joan behar du bezeroak, eta zer-nolako egoeran dagoen azaldu behar die. Arazoa aurkeztea komeni da, zer baliabide eduki nahi genituzkeen adieraztea eta, batez ere, bankuari uztea irtenbideak eskain ditzan. Egoera ekonomiko zailean dauden pertsonarik gehienentzat deserosoa gertatzen da bankura joan eta hipoteka ordaintzerik ez daukatela jakinaraztea. Hori dela eta, behin eta berriz atzeratzen dute bulegora joan eta arazoaren berri emateko unea, baina alferrik da geroko gerotan ibiltzea: lehenbailehen egitekoa da, arazoa larriagotu egingo baita bestela. Kontuan hartu behar da jende asko dagoela antzeko egoeran, eta bankuko langileak ohituta daudela irtenbideak edo aukerak eskaintzera; beraz, ez dago zertan nork bere burua estutu.

Finantza-erakundeen ordezkariek diotenez, nahiago izaten dute bezeroarekin negoziatu, eta bakoitzaren egoerari egokitzen zaizkion proposamenak egin. Bankuak pisu gehiegi dauzkate eta ezin saldurik dabiltza; gainera, horien balioa apaldu egin da, eta ez dute higiezin gehiago nahi, likidezia baizik.

Kasu guztiak ez dira berdinak, eta badira arintzat jo litezkeenak; hau da, bezeroak zailtasunak eduki arren ordaintzeko, kuotei aurre egiteko moduan egongo litzateke baldintzak hobetuz gero. Halakoetan, bi aukera izaten dira: mailegua itzultzeko epea luzatu edo karentzia-aldi bat eskatu. Bankuak, dena den, beste eskaintza batzuk ere egin ditzake, eta horiek ere entzutea komeni da.

Amortizatze-epea berriro negoziatu

  Finantza-erakundeek onartzen edo eskaintzen duten aukeretako bat izaten da dirua itzultzeko epea handitzea edo luzatzea. Demagun bezero batek 100.000 euroko mailegua hartu duela 20 urtean ordaintzeko, eta hilean 620 euro ordaintzen dituela; hamar urte gehiagotan itzultzeko aukera emango baliote, 470 euro ordaindu beharko lituzke hilero. Era horretan, mailegua itzultzeko epea luzatuta, hilero gutxiago ordaindu beharko luke, eta arazo ekonomiko iragankorra daukan pertsonak errazago erantzungo lieke gastuei. Luzera begira, ordea, askoz garestiagoa aterako zaio hipoteka, urte gehiago emango baititu interesak ordaintzen. Hala ere, egoera ekonomikoa hobetzen zaionean, hasierako epeetara itzul daiteke.

Aldaketa hori egitea 100 euro inguru kostako litzateke (notarioa eta erregistro-gastuak ordaindu behar dira). Zenbait erakundek, gainera, komisio bat ezartzen dute kontratuaren baldintzak aldatzeagatik, zeina ezin baita izan ordaintzeko geratzen den kopuruaren % 0,1 baino handiagoa. Bezeroari 100.000 euro faltako balitzaizkio ordaintzeko, 100 euroko komisioa kobratuko liokete. Bankuek, hala ere, ez dute beti onartzen amortizatze-epea luzatzeko aukera; zenbait hipotekak lehendik ere aski epe luzeak izaten dituzte dirua itzultzeko (badira 40 urtean itzultzekoak ere), eta kasu horietan, bezeroak beste aukeraren bat bilatu beharko du.

Karentzia-aldi bat eskatu

Karentzia-aldi bat eskatzea arazo iragankor bati aurre egiteko modua izan liteke

Bankuak onartuko balu, bezeroa hipoteka ordaindu gabe egon liteke aldi batez (hilabete batzuk izan daitezke edo urtebete baino gehiago). Zenbait aukera daude: kapitala ez amortizatzea izan liteke bat, interesik ez ordaintzea bestea, edo erabateko karentzia bestela, hau da, bi horiek ordaintzeari uztea adostutako tartean. Zenbaitetan, kontratuan agertzen da aukera hori eta, beste batzuetan, bankuak berak proposatzen die irtenbide hori gastuak ordaindu ezinik dabiltzanei. Aldi baterako arnasa eta lasaitasuna ematen die horrek bezeroei, baina luzera, garestiago irteten da, amortizatu beharreko kapitala ez baita murrizten. Karentzia-aldia pasatzen denean, kuota handiagoa ordaindu behar izaten da hilabetero; kuota hori murrizteko, amortizatze-epea luzatu beharko da.

Ezin dut berriro negoziatu

Orain arte zerrendatu ditugun aukerak, gehienetan, egoera jakinean dauden bezeroei eskaintzen dizkiete: ordu arteko baldintzekin kuotak ordaindu ezin dituztenei, baina baldintzak hobetuta erantzuteko moduan leudekeenei. Baina bezero guztiak ez daude egoera horretan, eta batzuek inondik ere ezin izaten dute dirua itzuli, ezta baldintzak hobetuta ere. Kasu horietan, oso garrantzitsua da enkante publikora ez iristea. Hondoa erabat jo aurretik, aparteko diru-sarrerak lortzeko saioa egin behar da, edo etxearen zati bat alokatu, etxea saldu edo porrot egoera deklaratu.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto