Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Haurrak ez du jan nahi

Guraso askok obsesioa izaten dute janariarekin, eta platerean dagoen guztia janarazi nahi izaten diote haurrari; hain zuzen, jokabide horrek gaiztotzen du egoera

  "Ez dit axola neska ala mutila den, ongi etor dadila, ez dut besterik nahi". Horixe izaten da guraso egingo denaren desira behinena. Bigarren haurraren zain daudenek ere horixe eskatzen dute lehenbizi, eta beste gauza batzuk ere bai ondoren: "Eta lo onekoa izan dadila", "eta ongi jan dezala"... Gauza ederra baita haurra ongi etortzea, eta gero ere ongi egotea, haurra eta gurasoak. Hainbat etxetan, komeria handiak izaten dituzte jate kontuarekin, eta gurasoak desesperatu egiten dira. Ezinegon horren oinarrian, gehienetan, gurasoen neurriz kanpoko kezka egon ohi da. Haurrek hainbat aldaketa bizi izaten dituzte denbora gutxian, eta horrek ezinbestean eragiten du haien jarreran, baita janariari dagozkion jokabideetan ere. Bularra edo biberoia utzi eta jaki solidoak jateari ekitea, adibidez, aldaketa handia da haurrarentzat, edo haurtzaindegian hastea, jantokian geratzea, oporraldi luzeen ostean berriz eskolara itzultzea, beste senidetxo bat jaiotzea... Egoera horiek guztiek gorabeherak sortzen dizkiete haurrei, berezkoa dute hori, eta gainerako gauza guztiekin bezala, janariarekin ere antzematen zaie. Hainbatetan, gurasoen edo zaintzaileen errua izaten da haur osasuntsu batek jangalerik ez edukitzea edo behar adina ez jatea, haien jokabide okerraren ondorio; izan ere, heldu batek adina jan dezala nahi izaten dute.

Egia ote da haurrak ez duela jaten?

Ez dugu pentsatu behar haurrak heldu batek adina jan behar duenik

Alde nabarmena dago egiaz jaten ez duen haur baten eta itxuraz jaten ez duenaren artean: lehena argaldu egiten da eta bigarrena ez. Dena den, kezkak eta zalantzak uxatzeko, pediatrarengana eraman behar da haurra, hark azterketa zorrotza egin diezaion eta eritasunik baduen edo ez esan dezan. Askotariko egoerak sortzen dira otorduetan, eta horietako batzuei zer-nolako irtenbideak eman dakizkiekeen azalduko dugu:

  • Eskolan jaten du baina etxean ez (edo gutxi jaten du, eta asko saiatuta). Lotura emozionalak izango du zerikusia, eta arreta bereganatu nahiak ere bai, eskolako jangelan ez bezala, etxean badu-eta horretarako aukera; dena den, bi arrazoi horiek hor egonik ere, segur aski izango da beste zerbait hain jokabide desberdinen atzean. Eskolako jantokian, adin bereko haurrek elkarrekin jaten dute, eta ez dago ez telebistarik eta ez jostailurik. Bazkalordua horrexetarako erabiltzen da: bazkaltzeko. Jan ondoren bai, jolasten dira, baina ez jaten ari direla. Jantokian, gainera, ez dago aukeratzerik, eta haurrek ezin dute beste zerbait eskatu mahaira atera dietena gustatzen ez zaielako edo jan nahi ez dutelako; denbora tarte bat uzten zaie menuan egokitu den platera jan dezaten (eurek bakarrik edo norbaitek lagunduta). Denbora hori igarotzen denean, jan duena jan duela, bigarren platera aterako diote. Horrez gain, postrea ere dagoena jan behar dute, eta ez gehien gustatzen zaiena. Etxean, aldiz, errazagoa da haurrek nahi dute horixe lortzea, gurasoek, osaba-izebek eta aitona-amonek amore ematen dutelako eta haurrari onartu egiten diotelako etengabe -eta gogaitzeraino ere bai- eskatzen ari den hori. Irtenbidea bilatzeko, bi gune eta giro horietan sortzen diren egoerak aztertu behar dira, eskolan funtzionatzen duena kopiatu eta etxean berdin egin, saiatzen jarraitu, ez amore eman haurraren apetei eta aldaketek funtzionatuko duten konfiantza eduki.
  •   Etxean jaten du, baina eskolan ez. Egoera bestelakoa da, baina aholku berbera hartu behar da aintzat: etxean zerk funtzionatzen duen aztertu, eta eskolan berdin egiten saiatu, nahiz eta beti ez den izaten modurik, eskolako jantokiak bere arauak izaten ditu eta. Kasu horretan, aukera ona izan liteke haurrari askatasun eta independentzia handiagoa ematea gauzak egiterakoan. Onartu egin behar da, inolako gaitzespenik egin gabe, gainera, haurrak arropa edo mahukak zikin ditzan berak bakarrik jaten duenean. Ez da deus ere gertatzen; arropa garbitu egiten da, nahiz eta erakutsi egin behar zaion txukun jaten.
  • Ia inon ez du jaten. Haurra osasuntsu badago, baina jangalerik gabe, agian gurasoengan dago arazoa; gerta liteke gurasoek modu desegokian jokatzea elikadura gaietan, eta horrek eragitea haurraren jarrera ezkorra. Aurrerago agertuko den taulan, gurasoek egiten dituzten zenbait hutsegiteren berri eman dugu, eta horiek nola zuzendu ere adierazi dugu, haurrek ere jokabidea alda dezaten.
  • Beti jaten du ongi, etxean, eskolan... Aholku askoren beharrik ez dago halakoetan. Aurrerantzean ere berdin jarraitzea, horixe da gomendiorik onena, eta ez kezkatzea haurrak gutxixeago jaten badu egun batean edo bitan, edo otordu jakin batzuetan (askaria, afaria...). Haurrek, helduok bezala, beti ez dute izaten apetitu bera. Batzuetan hain ongi jaten ez badu, bake-bakean utzi behar dugu. Akats handia litzateke haurrak goserik eduki ez eta guk jatera behartuko bagenu.

Zergatik ez dute jan nahi haur askok?

Hainbatetan eta hainbatetan, gurasoek eragiten dute haurraren jarrera txarra: etengabe aritzen zaizkio jateko esanez, edozein ordutan eskaintzen diote jatekoa, haren adinari dagokion baino janari gehiago jartzen diote, edo apeta guztiak onartzen dizkiote eta gehien gustatzen zaiona ateratzen diote kexarik txikiena egin orduko... Pediatrek behin eta berriz azpimarratzen dute, haurra ezezkoan tematzen bada, jarrera hori aldatzeko itxaropen bakarra dagoela: gurasoek jokabidea aldatzea. Haurrak asko argaldu behar du egiaz gaixotzeko arriskua izan dezan. Haurra osasuntsu badago, bizitasuna badu, jolasean aritzen bada eta irri egiten badu, gutxitxo jaten duela iruditu arren, gorputzak eskatzen diona jaten ari da. Ez gehiago.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto