Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Arreta-gabeziaren nahasmendua (TDAH) ondoretasunezko gaitza da kasuen % 80tan, eta bestela sortu bada, haurdunaldian toxikoak kontsumitzeagatik izan ohi da
Ikasgelan eta etxean inurrien gisa lanean aritu arren emaitza onik lortzen ez duen haurra izan liteke gurea, eta gauzak oso maiz ahazten dituena; Bigarren Hezkuntzara iritsi, eta orduan jabetzen gara zer gertatzen den: arazo bat du. Edo izan daiteke haur mugitu-mugitua, ikasgela osoa dantzan jartzen duten jarrerak dituena, eta baliteke hari Lehen Hezkuntzan antzematea zer nahasmendu duen. Arreta Gabeziaren Nahasmendua eta Hiperaktibitatea (TDAH), hain zuzen. Kalkuluek diotenez, ikasgela bakoitzean gaitz hori duen haur bat bada, gutxienez. Beraz, aski hedatua dago, eta diagnostikoa garaiz egin dezaten eta eskola-porrota ez dadin hainbeste hedatu, funtsezkoa da gurasoak eta hezitzaileak adi egon daitezen eta sintomei errepara diezaieten.
Guztiek ez dute berdin jokatzen. TDAHa daukaten haur batzuek oso erraz galtzen dute arreta, ahaztu egiten zaie etxeko lanak egitea eta eskolan emandako oharrak gurasoei jakinaraztea. Akordatzea ahazten zaien horietakoak dira, despistatu hutsak. Beste batzuk, berriz, ezin izaten dira geldirik egon eta oso zaila da horiek kontrolatzea ikasgela batetik bestera doazela, ilaran jarrita daudela edo jantokian bazkaltzen ari direla, eta oihuak eta iruzkin desegokiak egiten dituzte. Esan liteke bazter-nahasle peto-petoak direla. Laburbilduz, eskolan jokabide horiek izaten dituzte Arreta Gabeziaren Nahasmendua eta Hiperaktibitatea daukaten ikasleek, eta haien emaitza akademiko apalek ere salatzen dute arazoren bat eduki behar dutela. Eta garaiz antzeman eta tratatzen ez bada, saihestezina izan liteke eskolan porrot egitea. Gaur egun, TDAHa da ikaskuntza-nahasmendurik ohikoena dislexiaren ondotik. Eskola adinean dauden neska-mutilen % 5-10i eragiten die, eta, ikerketa epidemiologikoek diotenez, ikasgela bakoitzean ikasle batek, gutxienez, badauka gaitz hori. Hori dela eta, gurasoek eta irakasleek arretaz zaindu behar dituzte ikaslearen arreta-falta eta emaitza apalak. Hain zuzen, eremu egokia izan daiteke eskola gaitz hori antzemateko. Hori lortzeko, funtsezkoa da jakitea zer sintoma agertzen diren TDAH mota bakoitzarekin. Hiru dira nagusiak:
Nahasmendu hau pairatzen duten guztiek ez daukazte sintoma berberak
Nahasmendu hori pairatzen duten guztiek ez dauzkate sintoma berberak. Zein sintoma gailentzen den, mota bateko edo besteko TDAHa izango du. Komunitate zientifikoak era honetan sailkatu ditu:
Ondoretasunezko gaitza da TDAHa kasuen % 80tan, eta % 20tan soilik izaten da kanpotik hartutako arrazoiren batek sortua (haurdunaldian toxikoak kontsumitzea, adibidez). Haurrek gene kaltetu batzuk jasotzen dituzte gurasoengandik, eta gene horiek aldatu egiten dute garunean dauden neurotransmisore edo substantzia batzuen ekoizpena (noradrenalinarena eta dopaminarena). Aldaketa horrek eta garuneko zenbait egitura (aurrealdeko lobulua) heldu gabe egoteak azaltzen dute nahasmendu honen sintoma-ugaritasuna, eta, halaber, horrek azaltzen du haur horiek ez edukitzea hain garatuak funtzio exekutiboak; hau da, autokontrolerako gaitasunari lotuta daudenak, arazoen konponbidea aurkitzeari (ondorioz, irakurtzen dutenaren zati txiki bat baino ez dute ulertzen, zailtasunak dituzte matematikekin edo kosta egiten zaie ahozko edo idatzizko testu bat egituratzea), eta antolatzeko, planifikatzeko, helburuak jartzeko eta erabakiak hartzeko gaitasunari. TDAH gaitzak oinarri neurobiologikoa duela ulertzea funtsezkoa da gurasoek onar dezaten haurra ez dela gai arreta gehiago jartzeko, eta ez dela ari "adarra jotzen". Zoritxarrez, ordea, oso erraz jotzen da haur horiei adjektibo bidegabeak jartzera, eta ahazkorrak direla esaten da, despistatuak, alferrak, eta abar. Baina errua ez da haiena, ez dute haiek hautatu gisa horretakoak izatea, eta, beraz, haur horiek ez dira hartu behar arazotsutzat; arazo bat daukate, bai, baina horri aurre egin eta konponbidea aurkitu behar da. Hain zuzen, diagnostiko horrek zer esan nahi duen ulertzen dutenean, guraso asko errudun sentitzen dira gene kaltetu horiek transmititu dizkietelako, eta, gainera, ohartzen dira eurek ere TDAH bat pairatzen dutela, haurtzaroan diagnostikatu eta tratatu gabea. TDAHa daukaten guraso horiek seme-alaben tratamenduan inplikatzea are zailagoa gertatzen da, baina ez ezinezkoa: haurrekin batera, gurasoak ere tratatu behar izaten dira halakoetan.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa