Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Sukarra: lagun edo etsai?

Birusek edo bakterioek sortzen dituzten infekzioei erantzuteko modua izaten da ia beti sukarra, nahiz eta beste arrazoiren batek ere sor dezakeen

  Jende gutxik esango luke sukarra gauza ona dela, eta are gutxiago sukarraldi bat pasatu berritan, baina horri ere beroarena kenduta, onartu beharra dago sukarra lagun ona izan daitekeela infekzioen aurka egiteko. Adituek esana da. Ezin da ukatu, hala ere, sukarrak hainbat zalantza eta galdera sortzen dituela familietan, eta beti ez dugula jakiten nola neurtu eta kontrolatu modu egokian, edo zer sendagai erabili aldi bakoitzean. Galdera horietako batzuei erantzuteko, lehenik eta behin, ongi jakin behar da zerk eragiten duen sukarra. Gizakiak -eta odol beroko animalia guztiek- gorputz-tenperatura jakina izaten dute beren bizi-organoak (garuna, bihotza eta gibela) infekzioetatik eta bestelako erasoetatik babesteko. Termostato baten gisako mekanismoak doitzen edo erregulatzen du tenperatura hori; garunaren alde batean egoten da, hipotalamoan, eta bizi-organoren bati kalte egin diezaiokeen faktoreren bat sumatzen duenean, igoarazi egiten du tenperatura. Horrek esan nahi du, beraz, sukarra ez dela gaixotasun bat (nahiz eta gaixo sentiarazten gaituen), babes-mekanismo bat baizik, gure organismoan zerbait ongi ez dabilen sintoma. Ia beti, kasuen % 99tan, birusek, bakterioek edo beste mikroorganismo batzuek sortzen dituzten infekzioei erantzuteko modua izaten da. Beste arrazoi batzuen ondorioz ere ager daiteke, hala ere; adibidez, arropa gehiegi jantzi, eta bero-kolpe bat izan dugulako, larruazaleko eritasunen batek eraginda, eritasun metabolikoek, autoimmuneek eta are sendagai batzuen erruz ere.

Noiz da sukarra arriskutsu?

Giza gorputzaren tenperaturak 36,8 ºC-ren inguruan ibili behar du (galtzarbean neurtzen denean). Tenperaturak gora egin ahala, izen tekniko bat hartzen du, eta zenbat eta gorago egin, orduan eta arriskutsuagoa izan daiteke organismoarentzat:

  • Tenperatura normala, 36 ºC eta 37 ºC artean.
  • Febrikula edo sukar-puntua, galtzarbeetako tenperatura 37 ºC-38 ºC artean dabilenean.
  • Sukarra, 38 ºC-etara edo hortik gora iristen denean.
  • Sukar handia, 39 ºC-ak gainditzen dituenean.
  • Hipertermia, 40 ºC-ak gainditzen dituenean; sukarra oso handia dela esaten da, eta arriskutsua.

Zenbat eta tenperatura handiagoa, orduan eta sintoma gehiago

  Gorputzeko tenperatura igotzen denean, beste sintoma batzuk ere agertu ohi dira askotan, eta horiei erreparatuz, sukarra zenbateraino den larria ikusi beharko du medikuak, eta nola jokatu erabaki. Honako hauek dira sintometako batzuk:

  • 38 ºC eta 39 ºC arteko sukarra. Galtzarbeetako tenperatura tarte horretan dabilenean, organismoak gorritzera egin dezake, bihotz taupadak azkartu egin daitezke (takikardia) eta arnasketaren erritmoa ere bai (takipnea).
  • 39 ºC-tik aurrera. Haur txikienek konbultsioak izan ditzakete.
  • 40 ºC-tik aurrera. Sukarra neurri horretara iristea aski arrazoi bada haurrak larrialdietara eramateko, beste sintomarik gabe ere. Zorabioa ager daiteke, goragalea eta buruko mina, eta asko izerdituz gero, deshidratazioa ere bai.
  • 41 ºC-tik aurrera. Egoera larria da, berehala osasun zerbitzuen esku utzi beharrekoa; nahasmendua, haluzinazioak eta logalea ager daitezke.
  • 42 ºC-tik aurrera. Tenperatura hori edo hortik gorakoa duen heldu bat koman sar daiteke, eta hipertentsio edo hipotentsio larriak jasan ditzake, baita muturreko takikardia ere.
  • 43 ºC-tik aurrera. Saihestezina da garunean kalteak agertzea eta bihotz-birikak gelditzea.

Noiz eta nola hartu tenperatura

Egunean, gutxienez, hiru aldiz hartu behar da gorputz-tenperatura: goizean, arratsaldean (16:00ak eta 18:00ak artean) eta gauean (lotara joan aurretik). Gorputzeko lau lekutan har daiteke tenperatura. Honako hauetan, hain zuzen:

Gorputzaren tenperatura normalak 36,8 ºC-ren inguruan ibili behar du

  • Galtzarbean. Termometroa galtzarbean jartzen da, eta hantxe eduki behar da, larruazala ukitzen duela, hotsa ateratzen duen arte. Pertsona helduetan, leku hori hartzen da unibertsaltzat, hortxe lortzen dira-eta baliorik zehatzenak. Galtzarbeetako tenperaturak 38 ºC-etatik gora egiten duenean, pertsona horrek sukarra duela esaten da.
  • Ondestean. Haurtxoetan, uzki-ondesteetako tenperatura da fidagarriena, eta horixe bera erabiltzea komeni da termometroari ahoan eusteko gai ez diren haurrekin ere. Uzkian hodi asko daude, hemorroideetako bena-paketea dela eta; ondorioz, uzki-ondesteetako tenperaturak oso ongi adierazten du zenbatekoa den gorputzaren tenperatura. Haurra ahuspez jarri behar da, gainazal lau baten gainean, edo magalean bestela, ipurmasailak bereizi eta sendo eutsi behar zaio, ez dadin mugitu eta termometroa uzkitik sartu dezagun, 1,5 edo 2 zentimetro barrenera; termometroaren muturra baselinaz igurtz daiteke, errazago sar dadin. Ondoren, termometroak hotsa egin arte itxaron behar da. Kasu horretan, 38,5 ºC-an jartzen da sukarraren muga.
  •   Ahoan. Ahoko tenperatura edo aho-mihipetakoa ere oso fidagarria da, nahiz eta ez den ohikoa termometroa hor jartzea, infekzio-arriskua egon litekeelako pertsona batek baino gehiagok erabiliz gero. Badu kontrako beste alderdi bat ere: galtzarbean baino tenperatura handiagoak ematen ditu, eta, zenbaitetan, sukarra egiaz den baino handiagoa dela pentsarazten du horrek. Hala ere, haurrekin erabiltzeko moduko aukera da, 4 edo 5 urte egiten dituztenetik aurrera, gehixeago laguntzeko moduan egoten dira-eta. Tenperatura hartzeko, mihiaren azpian jartzen da termometroa, ahoa itxi dezatela eskatzen zaie, arnasa sudurretik har dezatela eta ezpainak estutu ditzatela (termometroa ez dadin mugitu). Termometroak hotsa egiten duenean ahotik atera, eta tenperatura 37,8 ºC-tik gorakoa bada, haurrak sukarra duen seinale.
  • Belarrian. Berriki The Lancet aldizkarian argitaratu duten ikerketa batek frogatu duenez, tenperatura belarrian hartzen duten termometroak ez dira hain eraginkorrak. Badira zenbait oztopo termometro horientzat: ezin dira erabili eritasunen bat edukiz gero (otitisa edo infekzioren bat, adibidez), eta behar bezala jarri ezean, okerreko balioak eman ditzakete, batez ere haurrik txikienetan, entzumen-kanal txikiagoak dauzkate eta. Haurra lo dagoela ere har daiteke tenperatura gailu horiekin, eta aintzat hartzeko abantaila da hori.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto