Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Daniel Ramon Vidal, Elikagaien bioteknologian aritzen den ikertzailea: "Transgenikoak dira elikagairik seguruenak, eta, gainera, ekologikoak dira"

 Transgeniko bat merkaturatu aurretik, oso kontrol zorrotzak egiten dizkiote zazpi-hamar urtez: beraz, historiako elikagairik seguruenak dira. Halaxe dio Daniel Ramon Vidalek, elikagaien bioteknologian aritzen den ikertzaileak. Hainbat sari irabazi ditu arlo horretan egindako lanarengatik (Espainiatik eta nazioartetik etorri zaizkio garaikurrak), eta egun, Biopolis enpresaren zuzendari zientifikoa da; arlo horretan espezializatua dago erakunde hori, eta Valentzian du egoitza. Ramon Vidalek dioenez, ez dago datu zientifiko bakar bat ere, transgenikoak beste elikagaiek baino arriskutsuagoak direla esateko. Espainiako Estatuan oso gutxi kontsumitzen omen dira produktu horiek, eta etiketetan behar bezala adierazten omen da horien izaera. Transgenikoak, gainera, ekologikoak direla azpimarratzen du, ugaritu egin dutelako lur landuen produktibitatea, eta murriztu, aldiz, ingurumenari kalte egiten dioten pestiziden erabilera.

Zergatik zaude transgenikoen alde?

Balio dezaketelako gizateriak dituen arazo handi batzuk konpontzeko.

Zer arazo, adibidez?

Datozen 30 urteetan, 9.000 milioi pertsona izango gara (egun, 7.000 milioi gara), eta galdu egingo dira lur landuen % 10. Transgeniarekin, egun pentsaezina den lekuetan landu daiteke, elikagaien elikadura-ezaugarriak hobetu, eta abar. Indian, % 70 murriztu dute ingurumenarentzat toxiko diren intsektiziden erabilera. Esan beharra dago, dena den, ez dutela bukatuko munduan dagoen gosea, horretarako neurri politiko eta sozial egokiak behar baitira.

Esan daiteke ekologikoak direla?

Bai, handitu egiten dutelako produktibitatea eta murriztu ingurumen-eragina. Bt esaten zaion artoak, adibidez, ez du behar intsektizida kimikorik, artoak berak sortzen duelako izurriteei aurre egiteko proteina toxikoa. Soja transgenikoa landatzen duten zenbait herrialdetan % 90 murriztu dute herbiziden erabilera.

Zuk diozunez, beraz, ez dira kaltegarriak ez osasunarentzat eta ez ingurumenarentzat ere. Transgenikoen aurkakoek besterik diote...

Ez dago datu zientifiko bakar bat ere hori baieztatzen duenik. Ezin da esan arriskugabeak direla, gauza guztiek dutelako arriskuren bat, baita nekazaritza ekologikoa esaten zaionak ere.

Espainian kontsumitzen al da transgenikorik?

1998. urtean, elkarte ekologista ezagun batek blokeatu egin zuen transgenikoak saltoki handietan eskaintzeko aukera. Orain aurki liteke produkturen bat edo beste, behar bezala etiketatua, indarrean dagoen legediaren arabera, baina oso bakan.

Egon liteke produktu transgenikoren bat etiketatu gabe?

Kontrol-sistemak bermatu egiten du iruzurra hutsaren hurrengoa dela.

Zeuen burua multinazionalei saldu diezuela aurpegiratzen dizuete.

Begi-bistakoa da hori ez dela horrela: ez dago mundu mailako konspiraziorik. Eta ez da ahaztu behar kritika egiten duten erakundeek ere badituztela beren interes ekonomikoak.

Gai honen inguruko jarrerak ez al dira oso muturrera joan?

Gai honek aspaldi samar utzi dio eztabaida tekniko izateari, eta ideologiko bihurtu da, politiko. Ama zelulekin gertatu den bezala, klima-aldaketarekin edo Espainian uraren auziarekin.

Gizarteak, beraz, ez daki egiaz zer diren transgenikoa.

Ez, eta komunitate zientifikoaren errua ere bada hein batean: ez dugu jakin azaltzen. Baina, aldi berean, neure buruari galdetzen diot ea non egon diren komunikabide publikoak eztabaida hori egin behar zen garaian.

Zer esango zenieke kontsumitzaileei?

Fida daitezela elikadura arloko segurtasunean esperientzia eta ezagutza dauzkatenekin: Osasunerako Mundu Erakundea (OME), Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundea (FAO), Elikadura arloko Segurtasuneko Europako Agintaritza edo Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentzia (AESAN). Eta, horrez gain, historiak eman duen zientzialaririk handienetakoaren hitzak gogoraraziko nizkieke, Marie Curie-renak, hain zuzen: ezezagunari ez zaio beldurrik izan behar, ulertu egin behar da.

Kontsumitzaileek ez al dute ulertzen zer diren transgenikoak?

Ez, zeren jakingo balute, aldatu egingo bailukete jarrera ezkor hori. Elikagai transgeniko bat intsulina transgenikoa bezala egiten da, edo jean galtza koloregabetuak bezala. Gizakiaren eskuak oso aspaldidanik egin dizkio hobekuntza genetikoak jaten dugun guztiari; lehen, ausaz egin izan ditu, eta orain, ingeniaritza genetikoa daukagu, eta horri esker, gene jakin batzuk isola ditzakegu, aztertu eta txertatu, modu seguruan. Hori guztia elikagai baten diseinuari aplikatuta, transgenikoak sortzen dira.

Monsanto multinazionalari, besteak beste, zera leporatzen diote: hark nahi duen bezala hozitzen diren haziak sortzen dituela eta herri indigenak jatorrizko hazirik gabe uzten dituela.

Merkatuan ez dago "terminator teknologia" daukan hazi transgenikorik, horretaz asko hitz egiten bada ere. Kontratu bat sinatzera behartzen dute, hori bai, inork ez dezan hazia sortu berak erabiltzeko. Eta merkatuan egun dauden eraldaketa genetikoetako bakar batean ere ez dira erabili jatorrizko landaketen geneak. Europan soilik eztabaidatzen da horretaz, gainerako herrialderik gehienak transgeniaren aldekoak dira eta.

Ez dago eztabaidarik Europatik kanpo?

Ezta batere. Ameriketako Estatu Batuetan hamabost urte badira transgenikoak kontsumitzen dituztela, eta ez dute eduki segurtasun-arazorik elikaduraren arloan. Txinak, Indian eta Latinoamerikak modu masiboan ekoizten dituzte. Iaz, Brasilek izugarrizko hazkundea izan zuen: azalera landatu handiena duen bigarren herrialdea da.

Ez al da beharrezkoa, ekologistek dioten bezala, arduraz jokatzeko printzipioa?

Printzipio hori erabili behar da gutxieneko arrisku bat dagoela ikusten denean, baina hemen ez dago. Laborategitik irteten denetik eta merkatuan saltzen den arte, zazpi-hamar urtez egiten dizkiote ebaluazioak produktu transgeniko bati, osasun- eta ingurumen-eraginik baduen egiaztatzeko.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto