Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Azaleko gaia

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

125 gimnasio aztertu ditugu Estatuko 18 hiriburutan: Oraindik ere gabeziak dauzkate arreta-zerbitzuan eta kirol eta medikuntza arloetako aholkularitzan

Alde nabarmenak antzeman ditugu: gimnasioen % 14k ez dute gainditu azterketa, eta hirutik batek, berriz, emaitza 'oso ona' edo 'bikaina' lortu du

  "Mens sana in corpore sano". Aspaldiko esaera da horrako hori, baina ez da zaharkitua geratu. Gimnasioetan mugitzen den jende kopuruari begiratu besterik ez dago horretaz jabetzeko: bederatzi milioi lagun baino gehiago dira ohiko erabiltzaileak. Bilakaera handia izan dute zentro horiek azken urteetan. Garai batean, lokal txikiak ziren, kirol-jarduera oinarrizkoak egiteko lekuak, baina egun, zerbitzu ugari eskaintzen dituzte, askok, gainera, frankizia gisara, eta horrek ere izango du zerikusia hainbeste jende erakartzeko. Gimnasio horiek eskaintzen duten zerbitzuaren kalitatea aztertu du EROSKI CONSUMERek. Aldizkari honetako teknikariek, ohiko erabiltzaileak balira bezala, hainbat gimnasio bisitatu dituzte irailean: 12 Madrilen eta Bartzelonan; 8 Bilbon, Valentzian, Sevillan, Murtzian, Zaragozan eta Malagan; 6 Alacanten, Kordoban eta Valladoliden; eta 5 A Coruñan, Granadan, Logroñon, Oviedon, Iruñean, Donostian eta Gasteizen. Gimnasio horien guztien tarifak eta ordutegiak aztertu dituzte teknikariek, instalazioak zer egoeratan dauden begiratu dute, zer ekipamendu eta zerbitzu eskaintzen dituzten, zer segurtasun-neurri dauzkaten, zer-nolako irispideak, bezeroari nolako arreta- eta aholkularitza-zerbitzuak ematen dizkioten, eta horren barrenean, ea mediku-azterketarik egiten dioten hasieran edo haren egoera fisikoaz arduratzen diren.

Aurten aztertu ditugun gimnasioek, batez beste, emaitza 'ona' atera dute orokorrean (2008an, maila 'onargarria' bano ez zuten lortu), nahiz eta % 14k ez duten gainditu azterketa (proportzio bera izan zen duela hiru urte ere). Ez da hori izan, ordea, daturik deigarriena: emaitza 'bikaina' edo 'oso ona' lortu duten gimnasioak % 30 izan dira, eta emaitza 'ona' erdietsi dutenak, berriz, % 26 izatetik % 35 izatera pasatu dira hiru urtean, eta maila 'onargarrian' geratu direnak, % 31tik % 21era. Dena den, bilakaera on hori gorabehera, badira gabeziak ere, eta erabiltzaileari eskaintzen dioten arretan antzeman ditugu handienak, eta kezkagarria da hori, 2008. urteko urtarrilean egin genuen azterketak ere horixe bera erakutsi baitzuen. Arreta-zerbitzu horretan sartzen dira, adibidez, zer-nolako informazioa ematen den, egoera fisikoaren jarraipen eta kontrol pertsonalizatua egiten duen edo ez profesional batek, edo bezeroaren osasunaz eta jarduera fisikoaz arduratzen diren edo ez. Atal garrantzitsua izanik ere, gimnasioen % 42k ez dute gainditu. Instalazioen egoera eta oinarrizko zerbitzuak 'oso onak' eta 'onak' izan dira, hurrenez hurren. 2008an, batekoz bestera gertatu zen: zerbitzuek lortu zuten emaitza 'oso ona' eta instalazioen mantentze- eta zainketa-lanek 'ona'.

Azkenik, diru-kontuei ere erreparatu diete. Gimnasio batzuek (lautik hiruk, hain zuzen), hileroko kuotaz gain, matrikula bat kobratzen dute izena emateagatik. Matrikula hori, batez beste, 65 eurokoa, baina ez da berdin ordaintzen gimnasioak ur-eremua eduki edo ez: halakorik ez badu, matrikula hori 48 eurokoa da, batez beste, eta ur-eremua baldin badu badu, 83 eurokoa.

Bezeroarentzako arreta-zerbitzua, pattal

  Ariketa fisikoa egitea onuragarria da osasunarentzat, baina kaltegarria ere izan daiteke inolako kontrolik gabe edo osasun-egoera desegokian egiten denean. Ezinbestekoa da zentro horiek lehentasuna eman diezaiotela bezeroen osasuna zaintzeari eta profesional prestatuak eduki ditzatela gidari-lanak egiteko. Arreta berezia jarri behar zaie, adibidez, lesio fisikoak dituztenei, erretzaileei, bihotzeko eritasunen bat dutenei, kolesterola daukatenei edo familian kardiopatia-kasuak dituztenei. Baina ez da hala gertatzen, EROSKI CONSUMERek egiaztatu duenez; gimnasioetan ez da zaintzen alderdi hori. Guk aztertu ditugun hamar gimnasiotatik bitan soilik adierazi dute bezeroari mediku-azterketa egiten diotela hasieran, zer egoera fisikotan dagoen jakiteko (2008an, % 14k egiten zuten). Azterketa hori egiten duten gimnasioen erdietan, aski osatua izaten da: osasun-azterketa, hezur-masaren azterketa, arteria-presioa, esfortzu-proba... egiten dituzte. Gainerakoetan, ordea, pisua eta neurria hartzera mugatzen dira, bihotz-taupadak neurtzera edo norberaren ezaugarri fisikoei buruzko galdetegi bat betearaztera. Atal honi erreparatuta, honako hiri hauetako gimnasioak izan dira profesionalenak: Gasteiz, Bartzelona, Madril, Valentzia eta Valladolid; kaskarrenak, aldiz, Bilbon, Kordoban, Iruñean, A Coruñan, Murtzian eta Logroñon aurkitu ditugu (hiri horietako gimnasio bakar batek ere ez du egiten azterketa garrantzitsu hori).

Mediku-kontsulta edo -zerbitzua daukaten zentroetan ere badira gabeziak atal horretan: % 27tan soilik galdetu diete teknikariei zer-nolako osasun-egoera daukaten eta zer bizimodu egiten duten (sendagairik hartzen duten, zenbat ariketa fisiko egiten duten, erretzaileak diren...). Ez dute era horretako galderarik egin honako hiri hauetako gimnasio bakar batean ere: Bartzelona, Bilbo, Murtzia, Zaragoza, Valladolid, Iruñea, Gasteiz, Alacant eta Logroño. Sevillan, aldiz, ia gehienek agertu dute interesa, Madrilen lautatik hiruk, eta Valentzian eta Donostian, erdiek baino gehiagok.

Begirale tituludunak

  Kirola egiten hasteko, begirale profesional baten aholkuak behar izaten dira, eta hark prestatzen dituen ariketa- eta jarduera-taulei jarraitu behar zaie. Horretarako, jakina, zerbitzu hori eskaini egin behar dute gimnasioek, eta guk aztertu ditugunetatik, 15ek ez dute eduki halakorik (Granadan, bostetik hirutan falta izan da, eta Donostian, bitan). Gainera, gimnasioen % 14tan ez da egon begirale bat areto guztietan, erabiltzaileak ongi ari ziren kontrolatzeko (Iruñekoak, Valentziakoak, Gasteizkoak eta Bartzelonakoak ibili dira okerren).

Begiraleen lanak berebiziko garrantzia du, eta, horregatik, dagokien tituluaren jabe izan behar dute. Gimnasioen % 45etan adierazi digutenez, tituludunak dira begiraleak, baina hirutik batean ez dute argibiderik eman nahi izan teknikariek galdera egin dietenean. Gainerako gimnasioetan (% 22), erantzun anbiguoa edo nahasia eman dute, eta ez da argi geratu zer titulazio daukaten langileek. Emaitzarik txarrena honako hiri hauetako gimnasioek atera dute atal honetan: Murtzia, Oviedo, Logroño, Iruñea, Bartzelona, Zaragoza, Madril eta Kordoba; erantzunik onenak, berriz (zehatzak eta egokiak), Valentzian, Malagan, Sevillan, A Coruñan, Donostian eta Granadan eman dizkigute. Arrazoi hori dela medio, zenbait gimnasiotan (% 17tan) eman diguten tratua ezin da egokitzat jo. Traturik onena eta informaziorik osatuena Bilbo, Zaragoza, Valladolid, Iruñea, Oviedo eta Donostiako gimnasioetan jaso dugu, eta kaskarrena, Gasteizkoetan eta Logroñokoetan: bi hiri horietako bakoitzean aztertu ditugun bost gimnasioetatik hirutan, tratu eta azalpen eskasak eman dizkigute.

Gimnasioen % 45ak esan digute begirale tituludunak dituztela

Aipatzekoa da, halaber, jacuzzia eduki duten gimnasioen % 41etan ez dutela ohartarazten zer arrisku eduki ditzakeen zenbait eritasun dauzkatenentzat (arteria-tentsioa, kardiopatia larria, zirkulazio-arazoak...) edo haurdun dauden emakumeentzat. UVA izpiak eskaintzen dituzten hiru gimnasiotatik batean, berriz, ez dute eman arriskuen berri, eta nola erabiltzea komeni den ere ez dute adierazi. Kasu horretan, honako hiri hauek nabarmendu dira txarrerako: Alacant, Sevilla, Logroño eta, berriro ere, Valladolid.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto