Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Zorabioa eta inguru guztia bueltaka ari delako irudipena, horiek dira oreka-sistemak ongi ez dauden seinale ohikoenak
Bertigoa edo zorabioa. Hitz horiek entzun, eta berehala lotzen ditugu altuerarekin eta beldurrarekin. Baina bertigoa ez da soilik fobia bat edo Hitchcok maisuaren film ezaguna oroitarazten duen terminoa. Sintoma bat da berez, baina ez eritasun batena. Barne-belarrian zerbait ongi ez dabilela adierazten duen seinalea da, edo barne-belarriaren eta garuneko nerbio-sistema zentralaren arteko konexioren batek huts egiten duela. Arazo hori daukatenei iruditzen zaie gorputza edo inguruan dituzten objektuak biraka ari direla. Edozein adinetako pertsonek eduki dezakete arazoren bat belarriko oreka-sisteman, eta, beraz, edozein adinetako pertsonei erasan diezaieke bertigoak. Zorabiatu egiten dira, eta sentsazio desatsegina izaten dute mugitzean. Goragalea ere senti dezakete, beherakoa, izerdia eta hotzikarak, bihotz-erritmoa bizkortu egin dakieke eta belarrian ere sintomak senti ditzakete (zaratak entzun, entzumena galdu...). Autoan bidaiatzeak sortzen duen ohiko zorabioarekin (zinetosia) edo altuerak eragiten duenarekin aldera daitezke bertigo mota honen sintomak eta ondorioak, baina ez dute zerikusirik. Bertigo honi aurre egiteko, gorputz-jarrera berezi batzuk landu daitezke, eta oreka lehengoratzeko ariketak egin ere bai.
Hiru sistemak egiten duten lanari esker eusten dio orekari gizakion organismoak, eta arazoaren iturburua batean egon edo bestean, era bateko sintomak edo bestelakoak pairatuko ditu bertigoa daukanak. Honako hauek dira orekaren hiru zutabeak:
Hiru sistema horiek hargailu batzuk izaten dituzte, eta nerbio-sistemari informazioa bidaltzen aritzen dira etengabe, jakin dezan gorputzak zer jarrera hartu duen eta zer mugimendu egin dituen. Garunak prozesatu egiten du informazio hori guztia, eta agindu jakinak ematen dizkie muskuluei, orekari eutsi eta erorikoak saihesteko. Baina ikusmenak (ikusmen-sistemak) huts egiten duenean, belarriak eta nerbio-sistemak (sistema bestibularrak) informazioa ongi prozesatzen ez dutenean, edo gorputz-adarrak behar bezala ez dabiltzanean (muskulu- eta hezurdura-sistema), arazoak sor daitezke orekarekin, eta, orduan, bertigoa agertzen da.
Adinari dagokionez, edozein garaitan agertzen dira bertigoak, baina gehiago eragiten diete emakumeei
Belarriko sistema bestibularrean izaten diren arazoek sortzen dituzte bertigorik gehienak. Sistema horri eritasunen batek erasaten dionean sortzen dira bertigo horiek, edo bestelako gertaeraren batek kalte egiten dionean: barne-belarrian malformazioren bat dagoelako, buruan kolpea hartu delako, hezur tenporalean hausturaren bat gertatu delako, traumatismoren bat, infekzioak, hantura-prozesuak, belarriko likidoetan nahasmenduak, otosklerosia (ondoretasunezko gaitza da, gorreria ematen duena) edo belarrian tumoreak agertu direlako. Beste zenbait eritasunek ere egin diezaiokete kalte belarriari eta entzumena galarazi: diabetesa, hipertentsioa, kardiopatiak eta giltzurruneko gaitzak. Bertigo mota bat baino gehiago daude, eta honako hauek nabarmentzen dira:
Oro har, emakumeetan maizago agertzen dira bertigo mota guztiak, baina zahartu ahala, kopuruz berdin eragiten die emakumeei eta gizonei. Adinari dagokionez, berriz, edozein garaitan ager daitezke bertigoak. Hain zuzen, bada haurrek soilik izaten duten bertigo mota bat: haurtzaroan agertzen da eta helduaroan erabat desagertzen da. Adineko pertsonek arazo gehiago izaten dituzte jarrerazko bertigoarekin, gazteek baino; adinarekin, izan ere, otolitoak higatu egiten dira (sistema bestibularrean dagoen kaltziozko egitura bat da, eta kaltziogabetu egiten da, hezurrak bezala).
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa