Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Etxeko ekonomia

Λ

Etxea saltzeko komeriak

Saltzaileak jakin behar du pisuari balio handiegia emanda zailagoa gertatuko zaiola saltzea, eta ongi pentsatu beharko du prezioari eutsi edo zerbait merkatu

  "Pisua salgai. Oraintxe berritua. Leku paregabean. Presakoa. Prezioa negozia daiteke". Aspaldi honetan, era horretako hainbat iragarki irakur daitezke egunkarietan, web espezializatuetan, kaleargietan, autobus-aterpeetan... Ez da zalantzarik ziklo-aldaketa gertatu dela higiezinen alorrean, eta tokitan geratu dira lehengo garaiak, etxeak salgai jarri eta ia norberak nahi zuen prezioan saltzen ziren garaiak. Orduan aski izaten zen kolore biziko kartel bat jartzea balkoian edo etxe-atarian; orain, aldiz, saltzaileak lan gehixeago hartu behar du eroslea erakartzeko, hari ez baitzaio falta non aukeraturik. Ataka gaitzean daude bat baino gehiago, eta zirt edo zart egin behar dute: etxeak "Salgai" jarraitzen du, halaxe dio leihoko kartelak oraindik ere, eta estrategia aldatzeko garaia izan daiteke. Lehen pausoa? Etxearen prezioa berraztertzea.

Prezioa da gakoa

Pisuaren prezioak buruhauste ugari ematen dizkie etxejabe askori. Begi-bistakoa da, izan ere, horixe dela alderdirik garrantzitsuena saltzeko garaian, eta gaur egun sekula baino beharrezkoagoa da prezioa eta balioa bat etortzea, eta ez eskatzea pisuak balio lezakeen baino gehiago.

Etxeak zenbat balio duen kalkulatzeko, etxe jabeari inguruan saltzen diren etxeen prezioak aztertzea komeni zaio

Saltzaileak jakin behar du ez duela deusetarako balio goiko bizilagunarekin alderatzeak, eta hark urtebete lehenago saldu zuen etxeari jarri zion prezio berbera jartzeak. Dena den, logikoa da adreiluaren krisia iritsi aurreko salmenta-teknikei atxikita egotea oraindik ere saltzaileak. "Itxaron, eta irabazi", horixe zen orduko leloa, baina estrategia horrek orain ez du balio. Itxaroten geratzen denak, uneotan, ez du salduko pisurik. Eta saltzeko premia daukanak, etxeari balio handiegia eman badio, doitu egin beharko du prezioa, harik eta erostuna aurkitzen duen arte. Aldiz, lehenbailehen saldu beharrik ez badu, ez da burugabea hasierako prezioari eustea ere, beherapenik egin gabe.

Saltzaileen ohiko hutsegitea izaten da, halaber, zenbat diru falta duten kalkulatu, eta irizpide bakar horren arabera ezartzea etxearen prezioa. Askotan, kopuru horri begira jarri, eta higiezinak egiaz balio duen baino gehiago eskatzera jotzen dute; euren beharrak aseko dituen salneurria hautatzen dute, baina irrealak dira guztiz.

Nola kalkulatu beherapena?

  Higiezinen arloko adituek diotenez, bigarren eskuko pisu bati behin prezioa merkatuta, bederatzi eta hamabi hilabete artean behar izaten dira saltzeko. Baina zenbat merkatu behar da? Oso komenigarria izaten da etxejabeak merkatu-azterketatxo bat egin dezan bere kabuz, etxeak zenbat balio dezakeen jakiteko. Alderdi askok baldintzatzen dute higiezin baten prezioa: zenbateko etxea den, zer auzo edo kaletan dagoen, zenbat urte dituen, zer-nolako ezkaratza eta eskailerak dauzkan, barrutik nola dagoen, terrazarik baduen edo ez...

Hori dela eta, etxeak egiaz zenbat balio duen erabakitzeko, inguru horretan salgai dauden etxeekin alderatzera jo behar du saltzaileak. Jakin egin beharko du beste etxe horiek zer ezaugarri dauzkaten eta zenbatean saldu nahi dituzten, eta bere etxeari zer dagokion erabaki beharko du. Puntu horretara iritsita, oso zorrotz jokatu behar da, zintzo eta alderdikeriarik gabe. Gainera, kritikoa izan behar da, eta erostun izan litezkeenen begiekin aztertu behar du nork bere etxea. Hori guztia oso lagungarria gertatuko da etxeari zentzuzko prezioa jartzeko. Jende askok, izan ere, balio handiegia ematen dio bere etxeari, berea delako besterik gabe.

Agur kolore biziko kartelari

Berriki arte, kolore bizi eta deigarrietako kartelak erabili dituzte etxejabeek beren etxea salgai jarria zutela jakinarazteko. Era askotako afixak daude (koloreetakoak, inprimatuak, hule oihalez propio kanpoan jartzeko eginak...), eta denetarikoak ikusten dira leiho, balkoi eta ezkaratzetan; gehiegi ere bai! Hainbeste ageri dira, begiratzeko ere ez baitugu lanik hartzen askotan.

  Saltzaileek gehixeago ahalegindu behar dute orain, eta inbertsioak egin behar dituzte han eta hemen iragartzeko etxea salgai dutela. "Salgai" jartzen duen kartelari eutsi behar zaio noski, baina beste pauso bat egin behar da, eta bestelako euskarri batzuekin saiatu. Adibidez, iragarki osatu bat presta liteke, saltzaileek etxebizitzari buruz esan nahi duten guztia bilduko duena, eta higiezinetan espezializatuta dauden webguneetan jarri, prentsa idatzia eta gehigarri espezializatuak ahantzi gabe. Honako xehetasun hauek agertu behar ditu testuak: zer prezio duen, zenbateko azalera duen eta zenbat den erabilgarria, zenbat logela dauzkan eta zer egoeratan dagoen; horrez gain, garraiobideen inguruko datuak ere eman behar dira, inguruan ikastetxerik baden edo ez ere esan behar da, edo auzoak izan ditzakeen beste alderdi onei buruz ere mintzatzea komeni da. Azkenik, harremanetarako telefonoa eta helbide elektronikoa jarri behar dira.

Oso lagungarria izaten da, halaber, Internetek eskaintzen dituen aukerez baliatzea eta, era horretan, informazio erabilgarri gehiago ematea. Adibidez, kalitate oneko argazki sorta bat gehi dakioke iragarkiari. Etxeak dituen gune guztiak erakutsi behar dira horietan, eta, bereziki, sukaldea eta bainugela, etxetresna elektrikoak eta bainugelako ontziak zer egoeratan dauden ikusteko moduan. Webgune askok, gainera, bideoak jartzeko aukera ere ematen diete saltzaileei, eta, horien bidez, etxeko geletaraino sar daitezke bisitariak.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto