Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Oinarrizko elikagaia da ogia, baina mito asko sortu dira haren inguruan eta ohiko dieta-eredua bera ere bazterrean geratzear da; ondorioz, aldatzen ari da jendearen ikuspegia
Hutsik jan liteke edo tartean zerbait sartuta. Zuria izan liteke edo osoko irinez egina. Batzuei labean luzaz egona gustatzen zaie eta beste batzuek nahiago dute gutxi egosia. Elikagairik unibertsalenetakoa da ogia, oso hedatua eta estimatua, baina ez da falta haren inguruko mito eta uste okerrik ere. Gaur egun, oinarri handirik gabe bada ere, zenbait alderdi txar egozten zaizkio ogia jateari, batik bat argaltze kontuak tartean daudenean. Herri-jakinduriak dio ogiak asko gizentzen duela, eta jendeak utzi egiten dio ogia jateari "dieta egiten" ari denean; jendeak uste du, halaber, mamiak gehiago gizentzen duela azalak baino; edo argaldu nahi duenarentzat egokiagoak direla biskoteak, barrako ogia baino; edo dietaren bat egiten ari direnean soilik jatekoa dela osoko irinez egindako ogia (argaldu nahi dutelako, diabetesa dutelako, idorreria, kolesterola). Ogiari lotuta dauden mitoei edo uste okerrei buruzko argibideak ematea lagungarria gerta daiteke jende askorentzat, jakin dezaten ogia ez dela ez dietaren etsaia eta ez osasunarena ere, eta berriz ere lasai asko jaten has daitezen.
Ez da osasungarria beti moldeko ogia jatea ohikoaren ordez
Elikagai guztiek ematen dituzte kaloriak, eta ogiak ere bai, jakina. Egia esan, ogiak ez dauka balio energetiko handi-handia ere: 80 kcl dauzka, 30 gramo bakoitzeko, eta, nagusiki, karbohidratoetatik datoz horiek (proteina gutxi dauzka, eta are gutxiago gantza). Alabaina, kaloria askorik ematen ez badu ere, argaltzeko dietetatik lehenbiziko desagertzen den elikagaietako bat da. Oso ohikoa izaten da hori, baina ez da batere jokabide egokia. Eta zer arrazoi egon litezke, bada, hori gertatzeko? Honako hauek, adibidez:
Mamiak kaloria gutxiago ematen ditu pisu-unitate bakoitzeko, azalak baino. Ogia bera bakarrik hartzen denean ere, hau da, ogiarekin jan litezkeen gainerako elikagaiak kontuan hartu gabe, orduan ere ez da falta izaten uste okerrik. Zenbaitetan, ogiari mamia kentzen dio jendeak, uste baitu horrexek ematen duela kaloria gehien, baina guztiz bestela da. Mamiak eta azalak osaera berbera dute, baina azalak ur gutxiago du mamiak baino; beraz, berdin pisatzen duten bi zati hartuz gero bakoitzetik, azalak kaloria gehiago biltzen ditu gramo kopuru berean. Laburbilduz: ogia ez da dietatik desagerrarazi behar; arretaz erreparatu behar zaio zenbat jaten den, sukaldaritza-tradizioarekin bat datozen elikadura-ohiturei eutsi behar zaie eta janariarekin gozatu egin behar da.
Elikadura-Piramide berriak ogia jateko gomendioa egiten du (zerealetatik lortutako elikagai guztiak gomendatzen ditu, oro har), eta, ahal dela, osoko bertsioa edo integrala lehenesteko eskatzen du. Zuntzaz gain, osasunarentzat onuragarri diren beste zenbait substantzia ere badituzte osoko zerealek eta horien eratorriek. Azterketa zientifiko batek dioenez, garia fintzeko prozesuan, jatorri fitokimikoa duten 200-300 substantzia osasungarri galtzen dira.
Dieta orok askotarikoa izan behar du, eta ogiari ere leku egin behar zaio, baita lehentasuna argaltzea bada ere. Honako ondorio hau atera dute zenbait ikerketak: ogiz ongi hornituta dagoen dieta batek, batik bat ogia osoko irinez egina bada, lagundu egiten du pisua, gerrialdea eta gorputz-masa murrizten, edo, gutxienez, ez du eraginik alderdi horietan. Baieztapen zientifiko horren arabera, egokia da ogia jatea, baldin eta dieta bera, osorik hartuta, orekatua bada energetikoki eta elikagaiei dagokienez.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa