Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Urrutiko puntu bati finko begiratzea eta ahoan txiklea erabiltzea lagungarri gertatzen dira zorabio-sentipena murrizteko
Zorabioa ez da hasten autoan, portu batean edo hegazkinean. Etxean bertan agertzen dira lehen sintomak (ondoeza eta larrimina), maletak prestatzerakoan, edo autobus-geltokirako bidean. Dena den, prebentzio-neurri eta aholku mediku erraz batzuei jarraituz gero, badago modua burua jiraka ez hasteko eta goragaleak ez erasateko.
Bidaiarik atseginena ere sufrikario bihur daiteke bidaiaria zorabiatu egiten bada, paisaia lausotzen hasten bazaio eta urdaila korapilatzen; ahultasunak joko du gero, goragalea etorriko zaio ondoren, eta goitika eginez hasiko du bidaia. Autoan edo beste garraiobide batean bidaiatzeak eragiten du ondoez mota hori, edo biraka dabilen atrakzioren batean igotzeak. Teknikoki, zinetosia esaten zaio (grezierazko kiné hitza du oinarrian, zeinak mugimendua esan nahi baitu); jendeak, berriz, zorabioa eta txorabioa esaten dio.
Zenbait egoeratan, orekaren organoak -barne-balarrian dago- estimulazio gehiegi jasotzen du kanpotik, eta horrek sortzen du zorabioa. Mekanismoa aski konplexua izaten da, eta sintomak ere askotarikoak izaten ditu zorabiatu den pertsonak (izerdi hotza, buruko mina, biratze-sentipena, urdail nahasia, goitika eginaraz dezakeen goragalea); prozesu horretan parte hartzen duen nerbio-sistemak urdaila kontrolatzen du, eta estresari eman beharreko erantzuna ere bai, eta horrexegatik agertzen dira sintoma horiek.
Bidaietan ohiko izaten diren zorabioek ez dakartzate sintoma larriak, eta bizi-konstanteak ere ez dituzte aldatzen. Dena den, bihotz-palpitazioak hasten badira, konortea galtzen bada, sukar oso handia agertzen bada edo tentsioa igo, zerbait larria gertatzen den seinale izaten da hori.
Pertsona bakoitzaren araberakoa izaten da zinetosi sentipena: autoaren atea ireki orduko zorabiatzen dira batzuk, eta beste batzuk, aldiz, sekula ez dira zorabiatzen, ezta atrakziorik bihurrienetan ere. Minarekin ere gauza bera gertatzen da: pertsona batzuek oso ongi eusten diote, eta beste batzuek, minik txikiena ere ezin izaten dute jasan.
Txiklea murtxikatzeak txistua egiten laguntzen du eta goragalea kontrolatzen
Zorabiatzeko joera handiena dutenek sentikortasun berezia izaten dute mugimenduarentzat; horien begiek ohitu egin behar izaten dute gauzak mugimenduan ikustera, eta belarriak eta garunak sentikorragoak dituzte neurriz kanpoko kitzikapena dakarten estimuluen aurrean.
Adin-taldeka hartuta, haurrei eragiten die gehien zorabioak, horien organismoa heldugabeagoa delako eta bidaietara ohitu egin behar izaten dutelako. Zerbikaletako edo garondoko arazoak dituzten adineko pertsonek ere gorabehera asko izaten dituzte, baita zenbait sendagai hartzen dituztenek ere (depresioaren aurkakoak eta analgesiko indartsuak), horien nahigabeko ondorioetako bat zorabioa eragitea edo burua nahastea izaten da eta.
Baina, zalantzarik gabe, zorabiatzeko orduan gehien eragiten duten faktoreetako batzuk norberaren egoera emozionala eta antsietatea dira; zorabiatzeko joera duten pertsonek, izan ere, bidaiatzeko unean gaizki pasatuko dutela pentsatzen dute, eta maletak prestatzeko hasi orduko gogaitzen dira. Hori dela eta, adituen gomendioei jarraituz, sentimendu horiek ongi bideratzen saiatu behar da, eta bidaia hasi aurretik lasai egoten.
Zorabioaren ohiko sintomak agertu orduko, autoa geratzea izaten da onena, edo autobusak egiten duen atseden-geldialdiaz baliatzea, ibilgailutik irten eta tartetxo batez etzanda egoteko leku freskoren batean, zeharka jarrita (umeentzat da bereziki egokia jarrera hori, goitika egiten laguntzeko). Zorabiatu den pertsona bere onera etorri bitartean, zapi hotzak jar dakizkioke aurpegian edo edari freskoak eman edatera. Eta zutik jartzeko bezain ongi dagoenean, poliki-poliki egin behar du, ez bat-batean. Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa