Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Beroa kolpeka hasten denean

Tenperatura handien eragin kaltegarriak saihesteko, funtsezkoa da maiz-maiz likidoak edatea, itzalean egotea eta ordurik beroenetan ahalegin fisikorik ez egitea

  Zerua oskarbi, hondartza-egunak, txangoak, beroa, denbora librea... Izan daiteke bidaia baten iragarkia, baina hori baino gehiago da: udaren iragarpena. Gauza on horiek guztiak ekartzen ditu udak, baina horietako batzuek badituzte arriskuak ere; esaterako, beroak. Zenbait pertsonak asko maite dute beroa, eta ordu luzeak ematen dituzte eguzkipean, baina gure gorputza ez dago prestatua bero itogarria jasateko. Udako tenperatura handiekin eta, bereziki, bero-boladekin, gerta daiteke bero-kolpeak izatea jendearen artean, eta ez da txantxetarako kontua izaten: azkar eta ongi erantzun ezean, larria izan daiteke, eta heriotza ere ekar dezake. Horregatik, neurri batzuk kontuan hartzea komeni da, gure osasuna eta ongizatea arriskuan ez jartzeko, eta gauza guztien gainetik, zentzu pixka batekin jokatu behar da: itzala bilatu, maiz edan, gorputza freskatu, haizemailea erabili, bero gehieneko orduetan etxean geratu... Begi bistako kontuak dira, baina eguzkiak, berotu ez ezik, itsutu ere egiten du jendea, nonbait, eta horren adibide dira uda guztietan izaten diren gertaerak. Bero-kolpeak saihesteko, teoriatik praktikara egin behar da jauzi.

Zer da bero-kolpe bat?

  Gustagarria izaten da eguzkiaren igurtzia, baina eguzkiak, igurtziez gain, kolpeak ematen ere badaki, eta arazo handiak etor litezke hortik. Fenomeno hori, bero-kolpea esaten zaiona, alegia, honako arrazoi honengatik sortzen da: gorputza erregulatzeko mekanismoek huts egiten dute, eta gorputz-tenperatura 40 graduetatik gora igotzen da. Gizakion organismoak 37 graduren inguruan funtzionatzen du, eta nahiko sentibera da kanpo-tenperaturen aldaketekin, batez ere kanpoan asko berotzen duenean. Aldaketa horien eragina doitzeko, tenperatura erregulatzen duten mekanismoak dauzka (izerdia da horietako bat), eta odolaren bidez beroa banatu eta kanporatu egiten du. Bero-kolpe bat jasaten denean, gorputzaren tenperatura igo, eta galdu egiten dira gorputzeko likido asko; ondorioz, handitu egiten da kalte neurologikoak edukitzeko arriskua, eta hiltzekoa ere bai.

Sintomak eta biktimak

Bero-kolpea ez du sortzen tenperatura jakin batek. Handia izan behar du, hori bai, baina pertsona bakoitzaren eta kokapen geografikoaren araberakoa izaten da. Halakoak errazago gertatzen dira uda hasieran, eta horren arrazoia hauxe izango litzateke, zenbait ikerketaren arabera: gorputza ez dela egoten behar bezala girotua beroari aurre egiteko. Bero-kolpearen eragina hiru egun lehenagotik antzeman daiteke, eta astebete pasatu ondoren ere iraun dezake. Honako sintoma hauek adierazten dute bero-kolpeak astindu gaituela:

Haizemailea erabiltzea komeni da eta, ahal dela, ez da kalera atera behar eguzkiak gehien berotzen duenean

  • Gorputz-tenperatura nabarmen handitzen da (39 ºC edo gehiago).
  • Larruazala gorritu eta berotu egiten da, eta izerditan hasten da.
  • Pultsazioak edo bihotz-taupadak areagotu egiten dira.
  • Buruko min ziztatzailea izaten da.
  • Memoriak huts egiten du
  • Konortea galtzen da

  Bero-kolpea, izenak esaten duen bezala, kolpean etortzen da, eta ezustean harrapa dezake jendea, sintomak bat-batean agertzen dira eta. Sei urtetik beherako haurrak eta 65etik gorako pertsonak dira zaurgarrienak. Bi jende multzo horietan, gorputz-tenperatura erregulatzeko mekanismoek ez dute ongi funtzionatzen, izerdi gutxiago egiten dute eta okerrago eusten diote beroari. Gaixo kronikoek edo lehendik beste patologia batzuk dituztenek (buru-eritasunak, arnas eritasunak eta, batez ere, bihotz-hodietakoak) arrisku gehiago dute halakoak pairatzeko, beroak handitu egiten baitu infartuak edukitzeko arriskua. Ezintasun psikiko edo fisikoren bat daukaten pertsonak ere zaurgarriagoak izaten dira, baita gorputz-tenperatura erregulatzeko prozesuan eragin dezaketen sendagaiak hartzen dituztenak ere.

Beroak hiru sendagai multzotan izan dezake eragina: akidura eta deshidratazioa larritzen dutenak (diuretikoak, hanpaduren aurkako ez-esteroideak, hipertentsioaren aurkakoak, bihotzeko hutsegiteen aurkako sendagaiak, diabetesaren aurka ahotik hartzen direnak, migrainen aurkakoak, litio-gatzak eta tiroides-hormonak); gorputz-tenperatura igotzen dutenak (neuroleptikoak eta depresioaren aurkakoak); eta beroaren eragina zeharka okertzen dutenak, eta organismoaren erreakzio-gaitasuna murrizten (lo-eragileak, ansiolitikoak eta hipertentsioaren aurkakoak).

Bada beste pertsona talde handi bat ere oso zaurgarria dena: turistak. Eremu geografiko hotzetatik edo beroagoetatik datozenak sentiberagoak dira bero-kolpe bat jasateko. Izan ere, pertsona bakoitza bere ohiko klimara egokitua egoten da, eta tenperatura-tarte horretatik ateratzen denean, sentiberagoa izaten da beroaren eraginaren aurrean.

Nola jokatu bero-kolpeekin?

  Bizkor jokatzea funtsezkoa da bero-kolpea jasan duena onik atera dadin. Hala egin ezean, ondorio neurologikoak jasan ditzake, eta hil ere egin liteke. Halako gertaera larri bat pairatu duten pertsonek, berez, ez dute besteek baino arrisku gehiago beste behin ere gerta dakien, salbu eta neurririk hartzen ez badute.

Bero-kolpe bat gertatzen denean, berehala deitu behar zaie osasun-zerbitzuei, eta, segidan, hoztu egin behar da biktima, eguzkitatik baztertu, leku fresko batean jarri eta ur hotzarekin busti, gorputz-tenperatura apal dakion. Neurri horiexek hartu behar dira osasun-zerbitzuak iritsi arte. Behin ospitalera eraman ondoren, gorputz-tenperatura jaistea eta pertsona hidratatzea izaten da tratamenduaren helburua.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto