Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Ikasleek ikasturtean berenganatu ditugun ohiturak ez atzentzeko, aukera ona da udaldiko oporretan aisialdia eta ikasketak uztartzea
Ikasturte guztia ordutegi eta arau zorrotzen pean pasatu dute ikasleek, eta udako oporrak noiz iritsiko egon dira. Heldu dira, bada! Errutinak eta eguneroko eginbeharrak baztertzeko gogoz egongo dira asko eta asko, eta eskolarekin zerikusirik ez duten jarduerak egiteko desiratzen. Adituen ustez, dena den, guztia ezin da izan aisialdia eta jolasa. Irakasleen eta hezkuntza arloko adituen esanetan, udaldian ere eutsi egin behar zaie lan-eredu eta ikasketa-jarrera batzuei, ikasleek ez ditzaten erabat atzendu ikasturtean bereganatu dituzten ohiturak, eta iraila heltzen denean, ez daitezen arrastaka ibili berriz ere eskolako martxa hartzeko.
Kasu batzuetan, aski izaten da ikasturtean ikasitakoa berrikustea edo errepasatzea, berariaz horretarako prestatuta dauden eskola-materialak erabilita (udako koadernoak, esaterako). Beste batzuetan, berriz, irakasleak hala gomendatu diolako, adibidez, ikasgai jakin bat edo curriculumeko konpetentzia jakin bat finkatu beharra izango du ikasleak, heldu den ikasturteari behar bezala ekiteko hasietatik beretik. Egoera batean zein bestean, funtsezkoa da udan ere denboratxo bat eskaintzea ikasturtean ikasitakoa berrikusteari, horixe baita modurik onena ezagutzak finkatzeko.
Oreka bilatu beharra dago, eta neurria hartu atsedenari, aisialdiari eta lanari. Nola egiten da hori, ordea? Udaldiaren lehen zatia, adibidez, mozteko erabili behar da, ikasturtearekin eteteko, nolabait, eta lagungarria gertatzen da bestelako jarduera ludiko batzuk egitea. Udaldiko azken hilabetean, berriz, ikasketa-ohiturak hartzen hasi beharra dago, adin eta ikasle bakoitzaren beharrak aintzat hartuta. Lehen Hezkuntzan hasiberri den edo hasierako zikloan dagoen ikasle batentzat, aski litzateke egunean 10 minutuz aritzea; aldiz, Bigarren Hezkuntza egiten ari direnek ordu eta erdiko saioak ere egin behar izango dituzte.
Ikasteko unerik egokienak goizak izaten dira, beste edozein jarduerari ekin aurreko uneak. Haurrik gehienak gai izaten dira eurek bakarrik lan egiteko, nahiz eta gero gurasoek gainbegiratu beharko duten egindako lana, eta zalantzak argitzen ere lagundu behar dieten. Adituen ustez, gurasoen zeregin nagusia ez da haurren ondoan eseri, eta haien gain-gainean egotea. Seme-alabei denbora antolatzen laguntzea eta ordutegi batzuk ezartzea da gurasoen eginbeharra, eta lanak egin dituztela egiaztatzea eta zuzenketak bideratzea.
Ikaslearen tutoreak daki beste inork baino hobeki haren ibilbide akademikoaren berri. Edozein zalantza sortzen dela, hari eskatu behar zaio laguntza, eta hark esango du udaldian zenbat denboraz aritu behar duen ikasten eta curriculumeko zer alderdi landu behar dituen bereziki.Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa