Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Zistitisa: antibiotikoetatik autotxertoetara

Ur asko edatea eta antibiotikoak hartzea izaten dira tratamendurik ohikoenak infekzio horrentzat, baina badira eritasun hori saihesten laguntzen duten jokabideak ere: sexu-harremanak eduki aurretik eta ondotik gernua egitea, adibidez

  Gernua egiterakoan erremina sumatzea, komunera joateko premia larria sentitzea, maskuria hutsa edukita ere pixagalea izatea, pubis inguruko oinazea edukitzea... Horiek izaten dira zistitisaren edo maskuriko hanturaren sintometako batzuk. Nagusiki, emakume gazteei eta gizon adinekoei erasaten die gaitz horrek; oro har, gernu-infekzio batek sortua izaten da, eta oinaze handia eragiten du. Sexuaren eta adinaren arabera, dena den, alde handiak daude, eta emakumeen artean askoz hedatuagoa dago, gizonen artean baino: pairatzen dutenen % 90 emakumeak izaten dira, eta % 10 gizonak. Emakumeen artean, berriz, ugaltze-adinean egon eta sexu-harreman aktiboak dituztenei eragiten die batik bat, eta gizonetan, 60 urtetik gorakoei. Gaitza daukaten askok, medikutara joan gabe, beren kabuz egiten dute diagnostikoa eta beren kabuz hasten dira sendagaiak hartzen, baina hutsegite handia da hori: gaitzari aurre egiteko erabiltzen diren antibiotikoei erresistentzia gero eta handiagoa garatzea ekartzen du horrek. Zorionez, beste zenbait sendabide agertu dira, arrakasta eduki dutenak gaitzari aurre egiterakoan; hor daude, besteak beste, Ameriketako ahabia gorriarekin egindako konprimituak eta autotxertoak

Eragile nagusiak

Gaur egun, ohiko osasun-arazoa da zistitisa, eta onargarri jotzen da ugaltze-adinean dauden emakumeek, sexu-bizitza aktiboa izanda, urtean behin edo bitan eduki dezaten. Halere, hirugarren aldiz agertzen denean, errepikapenezko zistitisa izaten da, eta ohi baino maizago agerrarazten duen faktorea zein den identifikatu behar izaten da. Emakumeengan, gernu-infekzio bat izaten du jatorrian, eta gizonengan, semen-bideetako infekzioaren erruz bihurtzen da kroniko. Baina zergatik sortzen da?

  Zistitisak ez du izaten eragile bakarra. Agerrarazten duten pieza guztiak (faktoreak) bat etorri, eta puzzlea (gaitza) osatzen dutenean sortzen da. Pieza horien artean, norberaren berezko joera dago, zistitisa pairatzeko joera, alegia. Era askotako maskuri motak daude, eta norberak nolakoa duen, zistitisak errazago edo nekezago erasango dio. Maskurian, infekzio-bakterioek kako moduko batzuk edukitzen dituzte, eta organo horren paretei atxikitzen zaizkie; zehazki, maskuria estaltzen duen muki-mintzari. Emakumeengan zistitisa agerrarazten duen beste faktore bat higiene txarra da (bai higienerik ez dagoelako, bai desegokia delako). Kaka egin ondoren, funtsezkoa da aurretik atzera garbi daitezen, gorozkiekin ez kutsatzeko uretra sarrera. Kutsatuz gero, maskurian pilatzen den gernuaren berotasuna aurkitzen dute germenek, eta giro hori ezin hobea izaten da gernu-infekzioa sortzeko, eta, ondorioz, maskuriaren hantura edo zistitisa. Hori saihesteko, emakumeek txiki-txikitatik ikasi behar dute nola garbitu bulba ingurua: aurretik atzera, uzkira iritsi arte, eta ez alderantziz. Gernuari eusteko ohiturarik ez hartzea ere oso garrantzitsua da: behar bestetan joan behar da komunera, eta, bereziki, sexu-harremanak eduki aurretik eta ondoren.

Eta bukatzeko, puzzlearen hirugarren pieza nagusia, gernu-infekzioa eragin dezaketen germenak dira, hortik sor daiteke-eta zistitisa. Ohikoenen artean daude Escherichia coli delakoa (kasuen % 56-58ren iturburua da) eta Enterococcus faecalis (kasuen guzien % 11 sortzen ditu). Mikrobio horiek ondestean, perineoan edo bagina-floran egoten dira. Hain zuzen, zistitis guztien % 95 gernu-infekzioek sortzen dituzte, eta gainerako % 5ak beste arrazoiren batengatik izaten dira. Zistitis guztiak ez dira izaten infekziosoak. Zenbait pertsonak zistitisaren sintomak edukitzen dituzte, baina beren gernu-analisietan ez da agertzen bakteriorik. Eragozpena sumatzen dute gernua egiterakoan, premia larria, eta hainbat aldiz egiten dute, baina ez dute izaten infekziorik; esterila izaten dute gernua. Zistitis interstiziala esaten zaio horri (maskuriaren paretaren hantura kronikoa da). Oraindik ez da argitu zergatik sortzen den, eta tratamendu guztiz sintomatikoa ematen zaio, antibiotikoei ez baitie erantzuten.

Automedikazioa eta erresistentziak

  Zistitisa mingarria, deserosoa eta desatsegina da. Sintomen artean, gernua egiteko gogo handia izaten da, eta erremina, gernua egiterakoan; baliteke gernuan odola egitea ere (nahiz gutxi izan), eta sukarra edukitzea ere bai. Tenperatura 40 º-tik gora joaten denean, infekzioa larria da, eta odolera pasatua izaten da. Bestalde, gaitz horrek segurtasun falta ere sortzen du, batez ere sexu-harremanen ondorioz sortzen bada nagusiki, edo urtean zenbait aldiz erasaten badu (errepikapenezko zistitisa), zeren kaltetuek bai baitakite berriz edukiko dutela, nahiz eta ez jakin noiz.

Sukar oso altua eragiten badu, litekeena da infekzioa larria izatea eta odoletara pasatua

Zistitisa daukaten zenbait pertsonak, halere, hotzeri edo katarro bat balitz bezala hartzen dute gaitz hori, eta diagnostikoa beren kabuz egiten dute, eta, are okerragoa dena: beren kabuz hartzen dituzte sendagaiak (automedikazioa). Hutsegite handia da hori. "Autotratatzen" hasita, arriskua egoten da gaitzari aurre egiten dioten antibiotikoenganako erresistentzia handitzekoa. Hain zuzen, Europako herrialdeen artean, Espainian antzeman dute antibiotikoenganako erresistentziarik handienetakoa. Halaxe salatu dute Eritasun Infekziosoen eta Mikrobiologia Klinikoaren Espainiako Elkarteak (SEIMC) eta Osasunerako Mundu Erakundeak (OME). Escherichia coli delakoaren anduien % 60, adibidez (hori da zistitisaren eragile nagusia), erresistenteak zaizkio ampizilinarekin eta amoxizilinarekin egiten diren tratamenduei, baita kinolana deitzen diren antibiotikoen % 20-30i ere (Espainiako Osasun Ministerioak emandako informazioa da, antibiotikoen erabilera zuhurra sustatzearen aldeko kanpainan). Hori dela eta, medikutara joatea da onena. Hark esango du antibiotikoa hartu beharra dagoen ala ez.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto