Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Teknologia Berriak

Λ

Banka ere, gizarte-sareetan 'harrapatuta'

Finantza-erakundeek gizarte-sareak erabiltzen dituzte jende berria erakartzeko, bezeroak hobeki ezagutzeko eta eskaintzak egiteko

  Idazmakinak, kaseteak edo binilozko diskoak erabiltzen dituen jendea zaharkitua geratu dela esan izan da, nahiz eta horiek ere izango dituzten beren arrazoiak. Finantza arloarekin alderatuta, aurrezkiak koltxoiaren azpian gordetzea bezala izango litzateke, edo beti esku-dirutan ordaintzea bezala. Teknologia berriak bazter guztietara hedatu dira, eta horietara egokitu beste aukerarik ez dagoela dirudi. Horren adibide dira, esaterako, gizarte-sareak. Gaur egun, lehentasunezko komunikazio-bide bihurtuta daude, eta finantza-erakundeak ere ohartu dira horretaz. Ondorioz, banku eta kutxa askok beren kontuak sortu dituzte horietan. Aurrezkiek eta inbertsioek, beraz, beren lekua hartu dute komunikazio-sare horietan ere.

Merkatu oso erakargarria

Bankak interes handia dauka gizarte-sareetan sartzeko, eta oso erraz uler liteke horren zergatia: plataformarik ospetsuenetan, erabiltzaile mordoa biltzen da. Facebook-ek, adibidez, 800 milioi erabiltzaile ditu mundu osoan. Twitter-ek 200 milioi, eta Youtube-k, 100 milioi bazkide baino gehiago. Bankarentzat, arrantza-leku oparoa da hori, bezero berriak egin eta egun dauzkanak sendotzeko. Bankari handiak, aholkulariak eta ondasunak kudeatzen dituzte adituak ohartu dira sare horiek lagungarri gerta daitezkeela beren erabiltzaileen konfiantza eskuratzeko, tratu hurbilago bat lortzeko, haien eskariak eta kezkak zein diren jakiteko, baita merkatuak zer joera izango dituen aurreratu eta inbertsio-estrategiak lantzeko ere.

Txikizkako bankaren eremuan ere, bezeroei eusteko, funtsezkoa izan daiteke gizarte-sareen eragina. Uneotan, zalantza handiak daude finantza-merkatuetan, eta bezero asko batean eta bestean galdezka ari dira, eskaintza onenak non aurkituko, adibidez, gordailu bat kontratatzeko. Joan-etorri horiek gelditzeko eta bezeroak atxikitzeko helburuz, txatak, blogak eta bestelako bitartekoak erabiltzen hasi dira bankuak, eta arrakastatsua gertatzen ari da horien ahalegina.

Bankuen eta kutxen eskaintzak: banan-banan

Hurbiltasuna eta konfiantza, bi balio horiek transmititu nahi dituzte bankuek eta kutxek gizarte-sareen bidez. Horiek eskaintzen dieten funtzionaltasunaren inguruan, honako alderdi hauek nabarmendu daitezke:

  • Komunikazioa. Sareen bidez, bezeroekin zuzenean komunikatzea lortzen du bankak. Bezeroekin txatean arituz, haiengandik zuzen-zuzenean jasotzen dute zer iritzi dauzkaten produktuei buruz, eskaintzen dieten arretari buruz edo zerbitzuaren kalitateari buruz.
  • Produktu esklusiboak. Mezu pribatuen bidez (Facebook-ek ez du ematen horretarako aukerarik), baldintza on-onak dauzkaten produktuak eskaintzen ahal dizkiete erakundeek bezeroei (gordailuak edo hipotekak, adibidez). Zenbaitetan, produktuak sareen bidez kontratatzeko aukera ematen dute, finantza-erakundeko community manager-ak ematen dituen jarraibide erraz-errazei jarraituz.
  • Puntako zerbitzuak. Tresna eta zerbitzu esklusiboak eskaintzen dituzte, Burtsan denbora errealean kotizatzea, adibidez. BBVA da bankurik aktiboenetakoa arlo horretan.
  • Iritzi-barometroa. Bankuak eskaintzen dituen produktuen inguruko iritzia beste bezero batzuekin partekatzeak aukera ematen du erabiltzaileak gustura dauden edo ez jakiteko, eta joeren eta jokabide-ereduen berri izateko.
  • Kanpaina komertzialak. Sareak bitarteko ezin hobeak dira marketin- eta merkatu-kanpainak egin, eta merkatu bakoitzeko bezero potentzialen ezaugarrietara doitzeko.

Egungo eskaintza

Gure inguruan jarduten duten erakunde handiak barneratu dira gizarte-sare ezagunenetan, edo beren proiektuak sortu dituzte bezeroekin harremanetan egoteko: blogak, Interneteko txatak...

Nafarroako Kutxa, adibidez, aitzindaria izan da gizarte-sareak eta bankaren mundua lotzeko orduan, eta horren adibide da Gizabidezko Bankaren blog-komunitatea; eguneroko baten gisakoa da, eta egunez egun egiten duen guztia jartzen baitu erakundeak sarean. Gainera, Cancha 24 ere jarri du abian, bezeroei finantza-aholkularitza emateko programa; Twitter, Mezularitza-zerbitzua, Skype eta Facebook erabiltzen ditu horretarako.

BBVAk actiBva.com ataria dauka, eta Facebook-en, Youtube-n eta Twitter-en ere badago erakunde hori. Blog bat ere jarri du abian, Ahorro e Inversión izenekoa, non bezeroek iritzia ematen duten bankuan kontratatu dituzten produktuen inguruan. Twitter bidez, berriz, zerbitzu esklusiboak eskaintzen dizkiete bezeroei: Espainiako Burtsan denbora errealean egiten diren kotizazioak, adibidez (bezeroek oso gustura hartu dute).

La Caixak, blog bat dauka, eta horren bidez, erakundearen berriak jasotzen dituzte bezeroek, eta merkaturatu dituen produktuen eta zerbitzuen inguruko iritzia eman dezakete. Aurrezki kutxa horrek Youtube-n duen kanalaren bitartez, erakunde horri buruzko 320 bideo baino gehiago ikus daitezke.

Caja Madrid-ek ere bat egin du gizarte-sareekin. Hiru kanal dauzka Twitter-en: Gizarte Ekitzari buruzkoa, La Casa Encendida delakoaren jardueren ingurukoa eta Caja Madrid Fundazioari dagokiona.

Banco Sabadell-ek bezeroari arreta eskaintzeko zerbitzua sortu du Twitter-en. Web horren bidez, bezeroen parte-hartzea sustatu nahi du, eta beren proposamenak eta kexak aurkezteko gonbita egiten die.

Bankinter-ek, berriz, Bankinter Labs kanala sortu du, eta aukera ematen du bezeroek beren proiektuak aurkez ditzaten hor (bankuak landu ditzake gero, egokiak irudituz gero). Twitter-en kontu bat ere ireki du: @BankinterLabs.

Bankia ere, sortu berri den finatza-taldea (Caja Madrid, Bancaja, Caixa Laietana, Caja Segovia, Caja de Avila, Caja de Canarias eta Caja de La Rioja biltzen ditu), Facebook-en dago sortu zenetik beretik, 2011ko martxoaren 2tik, hain zuzen.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto