Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Natalia Lopez Moratalla. Nafarroako Unibertsitateko Biokimika eta Biologia Molekularreko katedraduna: "Barre egiten duten pertsonek infartu gutxiago edukitzen dituzte, eta lau urte gehiagoko bizia ere izaten dute"

 "Sartu da bat tabernan, eta halaxe galdetu dio tabernariari: 'tabaskorik bai?'. 'Bai, maskinan!'". Txiste hori irri eginarazteko erabiltzen dugu gehienok, baina Natalia Lopez eta bera bezalako ikertzaileek, etekin gehiago atera nahi izaten diote. Halakoen bidez, txisteek gure garunean zer bide egiten duten ikertzen dute, zer zati aktibatzen zaizkion, eta zergatik esaten den gizonak oso barre-eragileak direla eta emakumeek barre gehiago egiten dutela. Galdera horiek guztiek badute erantzuna, oinarri zientifiko sendoa daukana, gainera, eta honako bideo honetan laburbildu dituzte: Garun zoriontsua: barrea eta umore-sena. Garunaren inguruko dokumental sorta baten lehen atala izan da horrako hori; Zure garunaren sekretuak izena hartu du ikus-entzunezko proiektu horrek, eta hogei bideo egiteko asmoa dute, gizaki egiten gaituen organo nagusiaren inguruan guztiak ere. Besteren artean, Lopez Moratalla aritu da lehen bideo hori egiteko lanean, Nafarroako Unibertsitateko Biokimika eta Biologia Molekularreko katedraduna. Ibilbide profesional eta akademiko paregabea dauka, guztiek goraipatzen dute, baina ez dio utzi hurbileko pertsona izateari. Berak dioenez, barre egitea osasun fisikoaren eta buru-osasunaren mesedetan izaten da maiz. Eta bera da horren adibide. Baikor ageri da une orotan, eta barre eginez eta txisteak kontatuz aritu da elkarrizketan (andaluziarra delako izango ote da?). "Egoera absurdo bat sortzen duten hitz-jokoak dira txisteen arrakastaren gakoak, eta gizakion umore-senarenak".

Umore-sena zer da, jaiotzatikoa edo landu egiten dena?

Umore-sena edukitzeko aukerarekin jaiotzen gara, absurdoari antzemateko gaitasunarekin. Horren atzean, prozesu natural eta berezko bat dago, zeinaren bidez, absurdoa edo ilogikoa denari antzematen diogunean, sari bat lortzen dugun. Gizakiaren berezko gaitasuna da, baina landu egin behar izaten da bizitzan zehar.

Zer gertatzen da gure buruan txiste batek barrezka jar gaitzan?

Uste dut, horren aurretik, komeni dela azaltzea garunak nola lan egiten duen txiste bat kontatzen digutenetik barre egiten dugun arte.

Eta nola egiten du, bada?

Txiste bat prozesatzeko, garunaren hiru geruzak esku hartzen dute. Horietako bat besteak baino barrenerago dago, eta orno-muinari lotzen zaio; garunaren oinarrian dago, eta barru-barruko kontuak prozesatzen ditu. Erdi mailako geruza da bestea, sintema linbikoa esaten zaiona, zeinak emozioak eta sentimenduak prozesatzen baititu, eta azkena, garun-azala da, gizakiak oso garatua duen geruza, eta ezagutza eta pentsamendua prozesatzen dituena. Pentsatzen eta hitzak ulertzen ditugun zatian hasten da txistea prozesatzen, garun-azalean, alegia. Garun-azalaren erdialdean, halaber, akatsei antzemateko zentrala daukagu, eta txisteak hasieran zeukan logikarekin bat ez datorren zerbait sumatzen duenean, hutsegiteren bat dagoela jakinarazten digu. Bilakaera logikoa eteten denean, ilogikoa iristen da. Eta biek bat egiten dutenean, garun-azalaren zati horrek antzeman egiten dio absurdoari.

Orain bai: eta zerk egiten du batzuek barrezka jar gaitzaten eta besteek ez?

Dena oso azkar gertatzen da. Absurdoari antzeman ondoren, seinale bat bidaltzen da barreneko geruzara, eta askatu egiten da tegumental edo tegmental ventral izeneko gune batean. Hor, absurdotik etorri den seinale horrek zorionaren hormonak isurarazten dizkie zelulei, dopamina, alegia. Dopamina horrek "busti" egiten du zati emozionala, eta zorion-seinale horrekin, dibertsio-seinale horrekin, ongi pasatzen ari garelako emozioa sortzen da, bozkario-emozioa.

Eta barre-algarara iristen bagara?

Emozio guztiak somatizatzen dira: tristura malko bihurtzen da, maite dugun pertsona bat ikusteak sortzen digun poza, berriz, irribarre bihurtzen da... Guztiek daukate gorputz-adierazpen bat. Barre-algara da bozkarioa somatizatzeko modua. Absurdotzat jotzen dugunak poz sentimendua sortzen du, eta algara gisa bukatzen da.

Garun zoriontsua: barrea eta umore-sena bideoaren oinarrian dauden ikerketek esaten dutenez, gizonezkoek eta emakumezkoek ez dituzte berdin prozesatzen txisteak.

  Hala da, bai. Garun-azalean berdin ulertzen ditugu eta barre-algara berdin sortzen da bietan, baina bada desberdintasun nabarmen bat, eta emakumeen eta gizonen estrategia guztiei eragiten die, gainera: gure zati emozionalak desberdinak dira. Emakumeek osagai emozional gehiago jartzen dute gauza guztietan, eta, beraz, haientzat, zerbait absurdoa izatea ez da aski ongi pasatzeko; gizonezkoek, berriz, absurdoa bera aski dute barre egiteko. Horregatik esaten da gizonek txiste gehiago kontatzen dituztela -eta gauza absurdoei tira eginez ibiltzen direla beti-, eta emakumeek, berriz, barre gehiago egiten dutela.

Emakumeek horregatik esaten al dute, maitemintzen direnean, beren bikotekideak barre "eginarazten" diela?

Bai. Barre eginaraztea eta pertsona batekin umorez aritzea opari bat da, beti. Aukera ematen du, estres- edo tristura-egoeretan, guztiak erlatiboagoa eman dezan eta deus ez dela gertatzen pentsa dezagun. Emakumeok joera gehiago dugu depresiorako, osagai ezkor eta estresagarriek indar gehiago hartzeko, eta gatazka pertsonaletik inhibitzeko. Gizon gazteak, aldiz, oso lehiakorrak dira, kanporantz. Haiek, esan dudan bezala, txiste gehiago kontatzen dituzte, eta emakumeek, berriz, atsegin gehiago hartzen dute entzunda. Horrek adierazten du emakume batek zergatik maite duen edo zergatik maitemintzen den "barre eginarazten" dion gizon batekin. Hau esatea bezala da: "Zulo beltzean sartzen naizenean, atera egiten nau".

Baina pertsona batzuek umore-sen gehiago dute besteek baino. Zerk bereizten du garun bat beste batetik?

Umore-sen gehien daukaten pertsonek garatuagoa izaten dute garunean sormenari dagokion zatia, sortzen dituzten pertsonaien lekuan jarri beharra izaten baitute, kontatzen duten historian barneratu, zeina, bat-batean, aldatu egiten den, gainera. Historia hori kontatzeko eta beste testuinguru batera eramateko behar den buru-malgutasun hori, zerbait kontatu eta gauza absurdo batekin lotzekoa, berez landua izaten dute. Hori landua edo hezia ez duten pertsonek, buru-malgutasun gutxi izaten dute, eta txisteak ez dituzte ulertzen. "A zer txorakeria!", esaten dute. Komiko bat etengabe ari da sortzen barre eginarazteko behar dituen absurdoak. Altxor handia da zentzu artistikoa duen gaitasun hori edukitzea; pinturak duena bezalakoa, adibidez.

Wiseman-ek ere esaten du txisterik barregarrienak eta unibertsalenak hitz-jokoak erabiliz egoera absurdoak sortzen dituztenak direla, baina ez al da unibertsalagoa umore bisuala, Tricicle-rena bezalakoa edo erorikoen bideoak?

Gauza bera da; azken batean, egoera absurdo bat sortzea da kontua, hitzekin edo keinuekin. Baina egia da txiste batzuek grazia gehiago dutela hizkuntza batean, bestean baino, hitzengatik; mimika, berriz, unibertsala da, ez delako itzultzen, zeinuen hizkuntzarekin gertatzen den bezala. Komikoek joera izaten dute keinu nabarmenekin indartzeko esaten ari diren hori, eta, horregatik, hizkuntza guztietan eragiten du barrea.

Umorea eta kultura. Ez al dira desberdinak ingeles umore fina eta andaluziarrena?

Jakina, baina, azken buruan, gauza bera da. Ingelesek, aurpegiarekin imintziorik ere egin gabe sortzen dute absurdoa, eta andaluziarrek, berriz, keinuekin eta hitzekin egiten dute. Azken batean, gauza berbera egiten dute: egoera absurdo bat sortu, kulturaren menpe dagoena, eta horregatik eginarazten digu barre.

"Gizonezkoek txiste gehiago kontatzen dituzte, eta emakumezkoek barre gehiago egiten dute"

Hain osasungarria da barre-algara?

Barre egietan, giharrak uzkurtu eta barru-barruko mugimenduak egiten ditugu. Algararekin, alde batetik, buru-osasuna irabazten dugu, eta, bestetik, gorputz-osasuna. Bihotzari ere azkarrago eginarazten dizkio taupadak (berdin gertatzen da zerbaitek ikaratzen gaituenean, baina adrenalinagatik orduan), gehiago oxigenatzen da, eta hobetu egiten da odol-zirkulazioa eta immunitate-sistema. Estatistikek diotenez, maiztasun handiagoarekin barre egiten dutenek lau urte gehiagoko bizia ere izaten dute, eta infartu gutxiago. Garuna oxigenatu egiten da, zirkulazioa bizkortu eta umore-senak sendotu egiten ditu gure defentsak. Pertsonarik izutienek maizago izaten dituzte infekzioak eta hotzeriak, eta baikorrenek, berriz, osasun eta sendotasun gehiago izaten dute. Sentitzen dugunari erantzuten dio gorputzak.

Orduan, zenbat barre egin behar nuke egunean?

Oso zaila da kuantifikatzea, baina estatistikek iradokitzen dute 15 minutuz aritzea. Batzuetan, halere, ez da erraza: japoniarrek, adibidez, beren heziera halakoa delako, ez dituzte sentimenduak adierazten, eta haiei ezingo diezu eskatu ordu laurdenez barrezko aritzeko. Japonian, barrearen yogarekin lan egiten dute; guztiak kokoriko jarri, eta "barre egin behar dut" pentsatzen hasten dira, elkarri begiratu eta barrez hasten dira bat-batean, egoera zein barregarria den ikusita. Azken batean, garunean sortzen da umore-sena, algara eginarazten digu, eta on egiten dio gure osasunari.

Eta txoro-barrea?

Animaliena bezalakoa da, barru-barrukoa. Tentsioa sortzen da, adibidez, pertsona batek irrist egin eta barre batean hasten garenean, nahiz eta lehen lerroan egon, edo hileta batean edo beila batean, non badakigun ez dugula barrerik egin behar. Baina egoera batekin oroitu, eta txoro-barrea ateratzen zaigu. Gure tentsioa askatzeko modua da hori, barre eginez lasaitzekoa. Gainera, oso erraz kutsatzen da. Parlamentuan ere gertatu izan dira halakoak, baina ez da izaten honi edo hari barre egitea, ezta umore-senagatik ere. Hasieran, gerta liteke zerbait egotea, hitzen bat edo astakeriaren bat, barrea eragin duena, edo gerta liteke deus ez egotea ere, baina kontrolaezina da.

Egungo krisi ekonomikoaren ondorioak pairatzen ari diren pertsona askorentzat oso zaila da barre egitea. Baduzu formula magikorik egoera horrek umorea ez galarazteko?

Baikortasuna sustatzea. Garai zailetan, horrek izan behar du mundu guztiaren helburua. Amorru handia dago. Gehiago hitz egin behar da, sortzen diren liskartxoak desagerrarazi, batez ere lantokian, non jende batek oso gaizki pasatzen duen. Ulertzen saiatu behar dugu, hitz egin, barrua hustu eta arazoak konpondu, eta are gehiago zailtasun ekonomikoak dauden garaian... egoera horiek estres handia ekartzen baitute. Gauzak erlatibizatu egin behar dira, eta norbera bakarrik gauza ez bada, lagunen edo beste pertsona batzuen laguntza bilatu.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto