Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Zapaten barne-zolek, erosotasuna emateaz gain, funtsezko eragina dute oinazpiko eritasunei aurre egiteko orduan
Oinetakoak janzten dizkiegu, eta han behean geratzen dira, zama guztia gainean dutela eta erdi ahantzita. Arreta handirik jarri gabe eta zer behar duten kontuan hartu gabe, muga-mugara eramaten ditugu sarri askotan. Haiek, berriz, batetik bestera eramaten gaituzte, ordainetan deus eskatu gabe. Oinei buruz ari gara, eta, zehazki, oinazpiei edo oin-zolei buruz. Gorputzari eusten dioten zutabeak dira, baina behar-beharrean ez bada, ez diegu eskaintzen merezi duten arretarik, eta arrazoi horrexegatik, gero eta jende gehiagok behar izaten ditu barne-zolak zapatetan, bai arazoren bat zuzentzeko, bai oinazeei aurre hartzeko eta, zergatik ez, erosoago ibiltzeko ere bai. Azken batean, konponbide bikainak dira gure oin nekatu, minberatu eta gogortasunez beteentzat. Askotan, min arinak saihesteko, aski izaten da ohiko oinetakoentzat diren zolak erabiltzea, baina horiekin ezin denean, erdi mailako zolak behar izaten dira, eta bestela, profesional batek agindutako zola terapeutikoak jarri beharko dira. Oin bakoitzarentzat, beraz, zola bat komeni da. Norberak zer podologia-arazo daukan ikusi beharra dago, harentzat zola mota egokiena zein den jakiteko.
Oinetakorik gehienek barne-zola eduki ohi dute erosotasuna bermatzeko; batzuk kendu egin daitezke, eta besteak zapatari itsatsita egoten dira. Uneotan, era askotako barne-zolak daude, EVASekin, latexarekin eta poliuretanoarekin eginak, besteak beste, eta badira ezaugarri bereziak dituztenak ere, pertsona talde jakinek erabil ditzaten: kirol-oinetakoak erabiltzen dituztenek, haurrek, adinekoek edo emakumeek. Zola guztien artean, bio anatomikoak dira erosoenak, horien forma egokitu egiten baitzaio oinaren anatomiari (orpoak, arkuak eta metatartso-hezurrek osatzen dute oina). Kirol-oinetakoarentzat, barne-zola bereziak egin dituzte, zoruaren aurkako kolpeak arintzen dituztenak lasterka egiterakoan edo jauzi egiterakoan. Zola horiei zati bat eransten diete orpoan, material espezifikoz egina, zeinak hobeki xurgatzen baititu zoruaren aurkako kolpeak.
Haurren oinetakoetan, oinen higienea hobetuko duten zolak behar izaten dira, elementu bakterizidak eta onddoen aurkakoak dauzkatenak. Haurrak zenbat eta txikiagoak izan, orduan eta ehun guri gehiago izaten du haien oinazpiak, eta, beraz, ez da beharrezkoa izaten barne-zolak beste ezerekin osatzea. Adinekoei, berriz, kontrakoa gertatzen zaie: oinazpiko mintza murriztu egiten da, eta oina lurrean jartzean, presio handia jasaten dute; ondorioz, material aringarriekin osatu behar izaten dira zolak, oinazpiko presioa modu egokian banatu dadin.
Barne-zola aukeratua baino lehen norberak ze arazo duen jakin behar da
Emakumeentzako zoletan ere berrikuntza interesgarri bat agertu da azken urteetan: zapata takoidunetan jartzeko zola-zatiak. Orpoan jartzen dira zolak, oin erdiraino, edo, bestela, oinaren aurreko aldean, metatartsoa hartzen dutela. Zola-zati horien helburua da oinak ez dezala irrist egin, eta erabiltzaileak erosotasun handiagoa eta presio txikiagoa senti dezala takoiaren gainean jarrita eta oinaren aurreko aldean. Egonkortasuna hobetzen dute, erosotasuna ere bai, eta ohiko patologiei aurre hartzen laguntzen dute; besteak beste, talalgiei eta metatartsalgiei. Min kronikoak dira horiek biak, orpoan izaten dena lehena eta oinaren aurrealdean bigarrena, eta emakume askok izaten dituzte 65 urtetik aurrera.
Ohiko oinetakoen zolen eta terapeutikoen artean, erdi mailakoak daude, botiketan, supermerkatuetan eta kirol-dendetan saltzen direnak. Erabiltzaileek horiek erosten dituzte, baldin eta zapatek lehendik dauzkatenak gustatzen ez bazaizkie edo beren beharretara egokitzen ez badira, oinetakoek zola oso gogorra badute edo arazoak badituzte oinazpian edo orpoan. Oinetan izaten den mina arintzea eta erosotasuna hobetzea izaten da helburua. Hainbat material erabiltzen dituzte horiek egiteko: gela, EVAS, poliuretanoa edo latex sofistikatuagoa. Prezioa, berriz, 5 eta 20 euroren artekoa izaten dute. Horiekin ere oinazea joaten ez bada, podologotara joan beharra dago laguntza profesionala eskatzera; hark aztertuko du oinean patologiarik baden edo ez, gerta daiteke-eta lotura edukitzea belaunetan, bizkarrean edo egitura muskulu-eskeletikoan sortu den arazoren batekin.
Iturria: Juan Carlos Gonzalez, Valentziako Biomekanika Institutuko Jantzien Saileko
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa