Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Konjuntibitisa: negarra ez, baina malkoak bai

Azkura, erredura, malko-isurtzea, sumindura, begi-gorritzea eta fotofobia dira konjuntibitisaren sintomarik ohikoenak

  Eguraldi onaren zain jarriak gaude, udaberritik udari begira, baina lehen eguzki-izpiek eta murgilaldiek badute arriskutxo bat ere: begietan hanturak ager daitezke -konjuntibitisa, alegia-. Konjuntibitis alergikoak ohikoagoak izaten dira udaberrian, polenen eraginez-eta; bakterio bidezko konjuntibitisak, berriz, udan agertzen dira, eta, batik bat, haurrei eragiten diete. Eta igerilekuetako konjuntibitisak ere eragin handiagoa izaten du oporraldian. Horregatik, zenbait neurri zaintzeak lagundu egin dezake gaitz horri aurre hartzen eta begietako arazorik gabe gozatzen udaberriko eta udako giroaz.

Azkura, erredura, sumindura, begian hondarra edo beste zerbait sartu zaigulako irudipena, malko-isurtzea, begi gorrituak eta fotofobia (argiarekiko hipersentiberatasuna) dira konjuntibitisaren sintomarik ohikoenak. Konjuntiba izeneko muki-mintz fin-fin bat izaten du begiak, betazalak barrualdetik bildu eta begi-globoaren aurreko alderaino hedatzen dena, eta hori handitzeari edo hanpatzeari esaten zaio konjuntibitisa. Begiak babestea izaten da mintz horren funtzioa, etengabe kanpo-giroaren eragina jasan behar izaten dute-eta. Hainbat arrazoirengatik sor daiteke hantura edo handitze hori, eta infekzio bidezkoa izan daiteke, alergikoa edo begiak produkturen batekin erre edo narritatu direlako ager daiteke.

Infekzio bidezkoa, alergikoa edo narritadurak sortua

  Infekzio bidezko konjuntibitisa agertzen denean, betazalak handitu egiten dira, eta ohiko sintomez gain, begia jarioan hasten da eta makarrak sortzen dira. Birusek, bakterioek edo bestelako mikroorganismoek eraginda sor daiteke, zenbait onddok eta parasitok, adibidez. Konjuntibitis mota hori haur txikiek izaten dute maiz, lehen bi edo hiru urteetan. Adin horretan, lau hankan ibiltzen dira askotan, eta erraza izaten da lurrean dauden bakterio eta germenekin kutsatu eta esku zikinekin begiak igurztea. Gainera, haurrek eurek kutsatzen dituzte gero familiako gainerako kideak. Konjuntibitis alergikoa loreen eta zuhaitzen polenek agerrarazten dute. Eta narritadurak sortutako alergiak, berriz, begian partikula organikoren bat sartu delako edo produkturen batek begia erre duelako izaten dira: lantokian erabiltzen diren produktu kimikoek (azido eta alkaloideak, adibidez), edo etxea garbitzeko edo higienerako erabiltzen direnek. Etxeko garbigarrien artean, esaterako, lixiba aipa daiteke, zoruak garbitzeko likidoak, koipea kentzekoak eta xaboirik gogorrenak. Higiene-produktuen artean, xanpuak nabarmentzen dira, nahiz eta horien kaltea akutua eta arina izaten den, eta kosmetikakoak ere bai, egia den arren gero eta kasu gutxiago agertzen direla horien eraginez, hedatzen ari da-eta produktu hipoalernegikoak erabiltzeko joera.

Konjuntibitisak urte guztian izaten diren arren (birusek sortuak, batez ere), bakterio bidezkoak udan agertzen dira gehienbat, eta alergikoak, berriz, udaberrian (urte-sasoi horretan izaten dira arazorik gehien begien osasunarekin).

Igerilekuetan eta hondartzetan

  Igerilekuetan, konjuntibitisa sortzen da kloroaren eraginez (narritagarria da eta alergiak eragiten ditu), edo ager daiteke desinfektatzeko erabiltzen diren beste substantzia kimiko batzuek begiak narritatu dituztelako, edo birusek edo bakterioek erasan dietelako. Hondartzetan, urak gatz gehiegi daukalako ager liteke gaitza, baita begia eguzkiaren eta haizearen eraginpean dagoelako ere, eta, bereziki, izpi ultramoreen eraginpean, mota horretakoak ugari izaten baitira itsasoko urak islatzen duen argian.

Igerilekuetako konjuntibitisik ez agertzeko, igeri egiteko eta murgiltzeko betaurrekoak erabiltzea komeni da, bai helduek eta bai haurrek, salbu eta hiru urte baino gutxiago dituztenek (horiei ez zaie komeni erabiltzea). Begiek ura ez ukitzea da neurri horren helburua. Gainera, infekzio bidezko konjuntibitisa daukaten pertsonek ez dute igerilekuan bainatu behar, besteak ez kutsatzeko, hain zuzen. Eta ukipen-leiarrak edo lenteak erabiltzen dituztenek kendu egin behar dituzte beti bainatu aurretik, eta sekula ez dituzte erabili behar ez igerilekuan ez itsasoan, zeren urarekin, oso erraz ager baitaiteke begian infekzioa, acanthamoeba izeneko protozoo baten eraginez. Infekzio larria eragiten du begian, ultzera oso mingarria ekar dezakeena (acanthamoeba bidezko keratitisa), eta kalte handia eta behin betikoa egin diezaioke ikusmenari.

Konjuntibitisik ager ez dadin, igeri egiteko eta murgiltzeko betaurrekoak erabiltzea komeni da

Narritadurak sortzen duen konjuntibitisari aurre egiteko beste modu bat izaten da urean gai kimiko gutxiago dauzkaten igerilekuetara joatea. Gaur egun, aukera bat baino gehiago daude: ionizazioa da horietako bat, aski egokia, gainera, urak ez baitu izaten inolako produktu kimikorik; gatz-klorazioak, berriz, gatz kopuru jakin bat soilik eransten dio urari; ozonoarekin, kloro gutxi-gutxi botatzen zaio urari; eta, azkenik, kloroarekin tratatuta dauden igerilekuek baimendutako kopuru estandarra eduki ohi dute, pertsonak bainatu ahal izateko adina.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto