Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Elikadura osasungarriaren piramide berria

Azken ikerketen ondorioz, badirudi aldaketak egin beharra dagoela elikadura-piramidean, ohitura hobeak sustatzeko helburuz

  Elikadura arloko adituek elikadura-piramidea esaten diote, baina, funtsean, elikagaien gaineko eskuliburutzat har daiteke, zeinak erakusten baitigu zer elikagai jan ditzakegun maiz, eta zein diren neurrian jatekoak. Uneotan, elikaduraren eta osasunaren arloan egin diren ikerketek zer esaten duten arretaz aztertuz gero, bistan da aldaketa batzuk egin beharra dagoela elikadura-piramideak orain arte eman izan dituen mezu batzuetan. Dietisten-Nutrizionisten Espainiako Elkartearen Berrikuste, Ikertze eta Iritzi-emate Taldea (GREP-AEDN) aztertzen ari da piramidearen zenbait puntu berrikusteko aukera, horien araberakoak izaten dira-eta ohitura osasungarrien inguruan gero ematen diren mezuak: irudi grafikoan zenbait elikagaik daukaten kokalekuaren inguruan ari dira gogoetan (frutek eta barazkiek, fruitu lehorrek, lekaleek eta esnekiek, adibidez), eta beste zenbaitek hor agertu behar ote duten ere erabaki nahi dute (edari alkoholdunek, esaterako). Elkartearen lehendakaria, Giuseppe Russolillo, are urrunago joan da, eta adierazi du bizi- eta elikadura-ohiturei buruzko gidak egiteko zeregina (elikadura-piramideak horien artean) osasun-erakundeena izan behar lukeela, eta ez elkarte zientifikoena edo profesionalena. Horixe litzateke modurik gardenena mezu adostuak gizarteratzeko, eta interes-gatazken eraginetik kanpo uzteko auzi hori; baina, hori bai, dietaren inguruko aholku eta gomendio guztiek zientifikoki frogatuta egon behar dute.

Ikerketen egin diren aldaketen ondorioz, elikadura-piramidean aldaketak egitea komeni dela dirudi

Aldaketak behar ditu elikadura-piramideak

Ikerketetan egin diren aurrerapenen ondorioz, elikadura-piramidean aldaketa batzuk egitea komeni dela dirudi. Ez dira asko, baina bai oso garrantzitsuak elikadura-ohitura osasungarriak sustatzeko bidean. Piramideak heziketa-tresnak dira, elikadura-ohitura onen inguruko mezuak gizarteratzeko baliabideak, gizarte osoa helburu dutenak zenbaitetan, edo talde jakin batzuk beste zenbaitetan (haurrak eta nerabeak, adibidez). Eta hartzailea zein den, haren arabera moldatzen dira hizkuntza eta irudi grafikoak. GREP-AEDN erakundearentzat ere bistakoa, elikadura arloko aurkikuntza zientifikoen harira, aldaketak egin beharra dagoela. Laburbilduz, honako alderdi hauek lirateke aldatu beharrekoak: frutek eta barazkiek agertu behar lukete piramidearen oinarrian; osoko labore gehiago jatera bultzatu behar litzateke; fruitu lehorren onurez baliatu behar litzateke, oliba-olioak dituenekin batera; lekaleei garrantzi gehiago eman behar litzaieke eta osoko laboreekin konbinatzea sustatu behar litzateke, proteina-iturri bikainak direlako; eta edari alkoholdunak kendu behar lirateke.

  •     Edateko: urarentzat baino ez dago lekurik. AESAN Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziaren NAOS piramidearen alde egiten du Dietisten-Nutrizionisten Espainiako Elkarteak (AEDN), non ez baita ageri edari alkoholdunik, nahiz eta alkohol gutxi eduki (ardoak eta garagardoak bezala, adibidez); piramide horrek ura aurkezten du hidratatzeko eta egarria kentzeko elementu ordezkaezintzat. Alkoholari dagokionez, mezu garbi eta erabatekoa ematen du GREP-AEDNk: osasun arloko profesionalek ez lukete indarrik egin behar alkoholaren kontsumoaren alde, eta ez lituzkete azpimarratu behar ardoaren eta garagardoaren onurak, frogatuta baitago zerikusi zuzena dutela minbiziarekin eta beste patologia batzuekin. Gainera, edari mota horiek ematen dituzten onurak berdin-berdin lor litezke bestelako elikagai batzuen bidez, alkohola alde batera utzirik; esaterako, herdoilaren aurkako substantzia ugari dauzkaten elikagaiak hartuta.
  •   Piramidearen oinarria: frutak eta barazkiak. Orain arte, jaki irinkaren multzoak hartzen zuen piramidearen oinarria, laboreek eta horien eratorriek alegia (arroza, ogia, pasta), eta tuberkuluek ere bai (patatarekin irudikatu izan dira). Oinarrian horiek jarrita, organismoarentzako mantenugairik oinarrizkoenak karbohidratoak direla adierazi izan da (horietatik jan behar dela gehien), horretan baitira aberatsak elikagai multzo horiek. GREP-AEDNk proposatu duen lehen aldaketa handiak piramidearen oinarri horri eragiten dio, hain zuzen. Erakunde horren iritziz, frutek eta barazkiek egon behar dute oinarrian, bi elikagai multzo horiek soilik erakutsi baitute, aski ziurtasunez, hainbat eritasun kronikori aurre hartzen laguntzen dutela; horien artean daude bihotz-hodietako eritasunak eta minbizia, Espainiako Estatuan eragin gehien dutenak, alegia. Elikagai horiek, gainera, osasungarriak dira berez, zeren babes-dieta bati egozten zaizkion hainbat mantenugai baitauzkate: zuntza, bitaminak eta herdoilaren aurkako konposatu fitokimikoak.Horixe da lehen urratsa gure elikabidean landare-jatorriko elikagai gehiago sartzeko. Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) eta Minbizia Ikertzeko Ameriketako Institutuak (AICR) honako gomendio hau egiten dute elikagai horien babes-ahalmenari etekina ateratzeko: egunean 600 gramo edo gehiago jatea frutak, barazkiak eta berdurak. "Egunean 5" izeneko elkarteak dioenez, fruta-errazio batek 140-150 gramo dauzka, garbituta eta gordinik, eta egunean, ondorioz, 420-450 gramo jan behar lirateke. Edonola ere, behar baino fruta gutxiago jaten da, Espainiako Estatuan eguneroko dietaren inguruan egin den lehen inkestaren emaitzek azaldu duten bezala.
  • Bigarren maila: laboreak, baina osokoak. Hurrengo aldaketa saihetsezina osoko laboreak sustatzea da. Zenbait ikerketak zientifikoki frogatu dute gantz gehiegi jateak (batik bat, trans gantzak eta gantz saturatuak) baduela lotura bihotz-hodietako eritasunen ondoriozko heriotzekin, eta frogatuta geratu da, halaber, laboreak zenbat eta finduago egon, orduan eta kaltegarriagoak direla bihotz-hodien osasunarentzat. Elikadura osasungarriaren aldeko mezuek ere, beraz, ildo horretan joan behar dute: zuhur jokatu behar da, trans gantzak eta gantz saturatuak murriztu eta osoko laboreak eta horien eratorriak maizago jan. Eta osoko laboreen aldeko gomendioak ematen hasita, jendeari esan behar litzaioke labore horiek, osokoak ez ezik, osoak izatea ere komeni dela; hau da, ale osoan datozenak. Proposamen horren bidez, inguruotan hain ezagunak ez diren laboreak erabiltzeko aukera sor liteke, kuskusa eta artatxikia, besteak beste.
  • Lekaleek garrantzi gehiago behar dute. Lekaleei garrantzi gehiago eman behar litzaieke piramidean, elikagai funtzionaltzat hartzen baitira: mantenugai ugari eta osatuak dituzte, eta nutritiboak ez izan arren, osasunarentzat garrantzizko diren elementuz ere hornituta daude. Elikaduraren ikuspegitik, osoko laboreen maila berean egon behar lukete lekaleek, oinarrizko elikagaiak dira-eta horiek ere: laboreek bezala, karbohidrato ugari ematen dituzte, eta organismoak, hain zuzen, horiek behar izaten ditu kopururik handienetan, ongi funtzionatu ahal izateko. Bestalde, lekaleek landare-proteinak izaten dituzte, eta kolesterolik eta gantz saturaturik ez dutenez, proteina-iturri gisa, haragien ordezko egokiak dira. Gainera, lekaleak laboreekin konbinatuz gero, proteina-kalitate gorena bermatuko dugu: arrozarekin (dilistak arrozarekin), pastarekin (fideo eta garbantzu zopa), kuskusarekin (kuska garbantzuekin edo ilarrekin)...
  • Gantz ona bereizten ikasi: oliba-olioa eta fruitu lehorrak. Elikagaiek dauzkaten gantz saturatugabeek on egiten diote bihotz-hodien osasunari. Gantz azido monosaturatugabeak izan daitezke (oliba-olioak dauzka ugari), edo gantz azido polisaturatugabeak (fruitu lehorretan ageri dira). Azken horiek piramidearen erpinean ageri dira hainbat eredutan, kaloriei soilik erreparatzen dietelako (asko ematen dituzte, izan ere). Baina fruitu lehorrei begira, bada zeri erreparatu kaloriei ez ezik: hainbat ikerketak frogatu dute kardioprotektoreak direla, eta neurrian janez gero, ez dutela gizentasunik eragiten, guztiz bestela baizik: asetasun-mekanismoen bidez (zuntz asko daukatelako), pisua erregulatzen laguntzen dute. Hori dela eta, GREP-AEDN erakundetik esaten dute fruitu lehorrek eta oliba-olioak berezko lekua behar dutela piramidean, elikagai gantzatsuak direlako eta elikadura-dohain osasungarriak dauzkatelako.
  • Esnea eta esnekiak: guztiak ez dira berdinak. Esnearen eta esnekien elikadura-osaera nabarmen aldatzen da batetik bestera, eta gehienbat, gaztekin alderatzen badira. Esnekirik gehienak eta gazta, beraz, ez dira sail berean sartzekoak. Esnearekin egindako produktua da gazta, elikagai proteinaduna eta gantzatsua, eta bere osaera bromatologikoa aldendu egiten da gaztak eta jogurtak daukatenetik, salbu eta gutxien onduta dauden gaztetan (freskoetan, adibidez). Horrez gain, jendeari esan behar litzaioke badirela beste kaltzio-iturri batzuk ere esneaz eta esnekiez gain: sardinak eta antxoak, fruitu lehorrak, sesamo-haziak edo hosto berdeko berdurak, besteak beste. Gogoeta horren ondorioz, piramideetan sail berezia egin behar litzateke esnearentzat eta jogurtentzat, ez direlako gantz-dentsitate handiko eta proteina ugariko elikagaiak, bi mantenugai horiek neurrian ematen dituzten jakiak baizik. Esnea eta jogurtak bakanago jatearen aldeko mezua ere eman nahi da, eta berdin gantz gutxiko esnekiak eta gaztak ere.
  •   Animalia-proteinak, bere neurrian. Kontsumitzaileak elikaduraren arloan hezteko, esan egin behar zaie animalia-jatorriko proteinak haragitik etor daitezkeela (hobe haragi zuria, gorria baino), arrainetik (zuria eta urdina) eta itsaskietatik, arrautzetatik, urdaiazpikotik edo gaztetatik. Gainera, elikagai horiek astero jatekoak direla nabarmendu behar da, ez derrigorrez egunero jatekoak, zeren espainiarrei berriki egindako dieta-inkestek esaten dutenez, haragi gehiegi jaten baitute.
  •   Erpinean, beharrezko ez direnak. Gozoak eta antzeko osaera duten produktuak (azukre eta/edo gantz ugarikoak) ez dira beharrezkoak elikadura egoki baterako. Halakoak dira, esaterako, opilak, gozoak, freskagarriak, zizka-mizkak, eta saltsa eta krema gantzatsuak (gurina, margarina, maionesa...). Zapore eta testura gustagarriak edukitzen dituzte, eta jendeari gustatzen zaizkio, baina neurrian jatekoak dira, zentzu pixka bat erabiliz.

Gaur egun, GREP-AEDN erakundeak proposatu dituen aldaketa horietatik hurbilen dagoen elikadura-piramidea, NAOS piramidea da, AESAN erakundearena. Hori oinarri hartu, behar diren aldaketak egin, eta horren gainean eraiki behar dira mezuak, elikadura eta bizimodu osasungarriaren ingurukoak.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto