Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Gernu-jarioa emakumeengan: Emakumeen gernu jarioa: Tabu gutxiago, sendabide gehiago

Nahi gabeko gernu-jarioa, txikia izanda ere, arazo sozial eta higienikoa bihurtzen da emakumeentzat, eta asko baldintzatzen du haien bizitza-kalitatea

  Isilean eramatea egokitu zaie, baina hori ere ari da aldatzen. Emakumeen gernu-jarioaren edo gernu-inkontinentziaren gaia tabu izateari uzten ari zaio poliki-poliki, eta uste baino arazo ohikoagoa eta hedatuagoa dela ohartzen ari gara. Gero eta kasu gehiagoren berri jasotzen da, eta arazoa nolanahikoa ez den seinale izan liteke, besteak beste, gernu-jarioari aurre egiteko konpresen iragarkien ugaritasuna. Gazteen artean arazo hori pairatzen dutenen artean, adibidez, askoz gehiago dira emakumeak (gizonak halako bost); adinean aurrera egin ahala, ordea, berdindu egiten dira bi sexuen arteko proportzioak. Kataluniako Osasun Inkestak emandako datuen arabera (18.000 pertsonak parte hartu dute), emakumeen % 12,2k eta gizonen % 3,6k pairatzen dute. Montserrat Espuñak eta Bartzelonako Ospitale Klinikoko beste egile batzuek landu dute inkesta hori, eta hor ageri denez, 65 urtetik aurrera, gernu-jarioa bikoiztu egiten da emakumeengan, eta % 26,6ra iristen da.

Nahasmendu hori agertzeko arrazoietako bat emakumearen beraren biologia dela esaten dute adituek. Biologia horri esker, umeak eduki ditzake, baina haurdunaldiak eta erditzeak zenbait ondorio ere uzten dizkio, eta gernu-jarioa da horietako bat. Dena den, faktore batek baino gehiagok eragiten dute arazo hori sarriago agertzea emakumeengan, eta biologiarena, beste bat gehiago baino ez da. Sendabideak ere gero eta ugariagoak dira, eta azkenaldian agertu eta gehien zabaldu denetakoa, toxina botulinikozko injekzioak dira.

Jario motak

  Emakume gazteetan, ahaleginagatiko jarioa izaten da ohikoena, eta 60 urtetik aurrera, berriz, ohikoagoa izaten da premiagatiko jarioa. Bi jario mota horien jatorrian ez daude arrazoi berak, eta eman beharreko sendabidea ere ezin berdina izan, beraz. Bi horiez gain, ordea, bada beste bat ere: jario edo inkontinentzia mistoa. Aipatu ditugun bi jario motak aldi berean pairatzea esan nahi du, eta, ondorioz, pertsona horiei gernuak ihes egiten die, bai ahalegin edo esfortzu bat egiten dutenean, bai komunerako premia sortzen zaienean.

Ahaleginagatiko jarioa: pisuzko arrazoiak

Izen horrekin, hauxe adierazi nahi da: gernua nahi gabe ateratzea, ahalegin bat egiteagatik (eztul egiterakoan, doministikuka hastean edo barre egiterakoan) edo pelbis-zoruko giharrei eragiten dieten egoeren ondorioz (haurdunaldiaren eta erditzearen ondorioz, adibidez). Sabel-barrunbearen oinarrian daude gihar horiek; hamaka edo inbutu moduko bat eratzen dute pelbisaren amaieran, eta uzkurtu egiten dira, gihar horiek eusten dieten organo guztiak bere lekuan egon daitezen eta egoki funtziona dezaten (maskuria, umetokia, eta abar). Gainera, lagundu egiten dute gernu-bidea ixten, gernuak ihes egin ez dezan. Baina emakumeak bagina bidezko erditze bat izaten duenean, gihar horiek zabaldu egiten dira, eta beren kokalekura itzultzen diren arren, batzuetan ez dira erabat lehengoratzen. Are gehiago: haurdunaldia bera gainzama bihurtzen da, eta ahuldu egiten ditu gihar horiek. Haurdunaldia eta erditzea egoera gogorrak izaten dira pelbis-zoruko giharrentzat.

2010ean argitaratu zen ikerketa batek ere argi erakusten du egoera horiek nola eragiten dieten emakumeei. Pelbis Zorua Ikertzeko Espainiako Taldeak (GRESP) egin zuen, eta hor ageri denez, haurdun zeuden emakumeen % 30ek eduki zuten gernu-jarioa lehen haurdunaldian, nahiz eta ordu arte sekula ez gertatu; emakume horien % 16k jarioarekin jarraitu zuen erditu ondoren ere, eta sei hilabete igaro ondoren, % 8k jarraitzen zuten berdin. Emakume asko berez osatzen dira erditu eta hurrengo sei hilabeteetan, baina gainerakoek neurri terapeutikoak hartu behar izaten dituzte.

Ohikoa da haurdunaldia eta erditzearen ondoren gernu-jarioa agertzea

Ikerketa horretan bertan, jarraipen berezia egin zieten 1.100 emakumeri, haurdunaldiko lehen, bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan eta erditzerakoan, eta horren bidez identifikatu nahi izan zuten zer arrisku-faktorek ekarri ohi duten ahaleginagatiko jarioa edo inkontinentzia. Aldi horiek igarota, honako ondorio hauek atera zituzten: haurdunaldi hasierako gizentasunak (gorputz-masaren indizea 30etik gorakoa izatea) bikoiztu egiten du jarioa edukitzeko arriskua; familian beste norbaitek pairatu izanak (ahizpak edo amak) hirukoiztu egiten du; haurdunaldian pisu gehiegi hartzeak ere bikoiztu egiten du (nahiz eta haurdun geratu aurretik pisu normala eduki); eta bagina bidez erditzeak bi eta hiru aldiz handiagoa bihurtzen du probabilitatea.

Kirol jakin batzuk egiteak ere zerikusi zuzena du, pelbis-zoruan eragiten duten kirolak, hain zuzen (ohe elastiko baten gainean saltoka ariko bagina bezala izaten da pelbis-zoruarentzat). Hori gertatzen zaie, adibidez, goi mailan lehiatzen diren atletei, baina baita aerobic edo steps egiten duen edozein emakumeri ere. Gizentasunak, berez, haurdun egon edo ez, handitu egiten du gernu-jarioa izateko arriskua, eta gorozki-jarioa izatekoa ere bai. Eta, azkenik, eztul kronikoa duten emakumeek ere, bai alergiagatik, bai bronkitis kronikoagatik edo bai erretzeagatik, arrisku handia edukitzen dute.

Premiagatiko jarioa: kontrola galtzen denean

Jario edo inkontinentzia mota hau izaten duten pertsonek, pixagalea daukatenean, ezin izaten dute kontrolatu gernu-egitea bera, eta komunera heldu baino lehen ateratzen zaie. Gehienbat adineko jendeari eragiten dio, eta mekanismoa zein den azaltzeko, haurren adibidea izan liteke egokiena: garunak pixa egiteko agindua bidaltzen du, eta haurrak pixoihalean edo galtzetan egiten du, ez baita gai esfinterra kontrolatzeko. Asko kostatzen da maskuria kontrolatzen ikastea, zeina berez uzkurtzeko prestatua baitago, bihotza bezala. Hain justu, premiagatiko jarioa daukanak galdu egin du kontrol hori; garunak ezin izaten dio maskuriari agindu itxaron dezala, eta orduan sortzen da premia.

Baina izan daiteke zenbait traumatismoren ondorio ere, edo arrazoi neurologiko nabarmen batek eragina: hezur-muineko lesioek, Parkinsonak, esklerosi anizkoitzak edo garun-hodietako istripuek. Arrazoi ez-neurologikoak ere izan daitezke, maskuri hiperaktibo idiopatikoa, adibidez; hau da, neurologikoki pertsona normalak izaten dira itxuraz, baina komunera joateko premia kontrolaezina sentitzen dute, nahiz eta ez jakin zergatik. Diabetesa daukatenei ere, batzuetan, neuropatia diabetikoa sortzen zaie; horrek sistema neurologikoari eragiten dio, eta gernu-jario mistoa izateko arriskua handitzen du. Bestalde, kardiopatiak dauzkatenek diuretikoak hartu behar izaten dituzte, eta askoz ere gernu gehiago sortzen zaie. Adina ere faktore aipagarria da; izan ere, gernu-egitea kontrolatzen duten mekanismoak hondatu egiten dira urteekin.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto