Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Etxeko ekonomia

Λ

Haurrekin bidaiatzea: irten aurretik prestatu, eta gero ez kezkatu

Funtsezkoa da aurrez ongi jakitea zer baldintza dituen hautatu den garraiobideak, eskaintza batzuk eta besteak alderatzea eta bidaia-aseguru bat egitea Europaz kanpo joanez gero

  Haur txikiekin bidaian joateko prestakizunek lan handia ematen dute, eta joan aurretik gogaitzeko arriskua ere izaten da. Norbera bakarrik dabilenean, edo lagun batekin edo bikotekidearekin joan denean, zorroa bizkarrean hartu eta bidean aurrera, errazagoa da inprobisatzea, eta suertatzen denaren arabera erabakitzea non jan, non lo egin, zer ikusi... Baina haurrekin goazenean, ongi lotu behar dira gauza guztiak, eta etxetik atera aurretik, gainera. Zer eraman, nondik nora ibili, zer plan egin familia osoarentzat... Horiek guztiak ongi lotu ezean, ustekabeko txarrak hartuko ditugu, eta alferreko gastuak egin ere bai, etxean ahaztu ditugun gauzak edo hotelek eskaintzen ez dituztenak erosten. Kontua ez da, hala ere, abentura-ukiturik gabeko oporrak egitea. Abenturak ere izan lezake bere tokia, baina haurrekin egiteko modukoa izan beharko du.

Bidaia planifikatzea maletak ongi betetzea baino zerbait gehiago da. Batean eta bestean begiratu beharra dago, ea zer eskaintza dauden hoteletan (2x1 erako aukera asko izaten da edo haurrak doan joan litezkeenak), garraio-zerbitzuen baldintzei erreparatu behar zaie, mediku-aseguru bat egitea ere funtsezkoa izaten da Europatik kanpo joateko asmoa edukiz gero... Abiatu aurretik, komeni da jakitea garraioen baldintzak zein diren, hotelek zer zerbitzu dauzkaten haurrentzat eta aseguruek zer-nolako estaldurak ematen dituzten.

Garraioa: Erreparatu baldintzei

  Haurrekin bidaian joateko, nork bere garraiobidea erabiltzea izaten da aukerarik erosoenetakoa. Askatasuna ematen du nahi denean abiatu eta bidean geldialdiak egiteko eta garraio publikoetan eraman daitekeen baino ekipaje gehiago hartzeko. Baina beti ezin da norbere autoan joan, eta trena, autobusa, hegazkina edo itsasontzia hartu behar izaten da. Halakoetan, deus aukeratu aurretik, zerbitzua eskaintzen duen enpresara bertara deitzea komeni izaten da, eta haurrekin zer politika erabiltzen duten galdetzea.

Espainian, gaur egun, bi urtez azpiko haurrek ez dute beren jarleku berezian joan beharrik ezein garraiobidetan (autobusa, hegazkina, trena eta itsasontzia). Haurtxotzat hartzen dituzte horiek, eta heldu baten besoetan joan daitezke. Ez dute, beraz, eserlekua ordaindu beharrik, nahiz eta zenbait garraiobidetan (hegazkinean, adibidez), hegaldi-aseguru berezi bat ordaindu behar izaten den, zeina ontziratze-txartelarekin batera atera behar baita. Hori dela eta, txartelak erosi aurretik, funtsezkoa da konpainiari jakinaraztea haurtxo batekin edo gehiagorekin joango garela. Txartelak Internet bidez erosten direnean ere, atal berezi bat edukitzen dute airelineek, erabiltzaileak jakinaraz diezaien haurrik eramango duen eta zer adinetakoak diren.

Dena den, gurasoek nahi badute, haurrari ere har diezaiokete jarlekua. Ordaintzerakoan, haurrei dagokien tarifa bera ezarriko diete (bi urtetik hamabira bitarteko neska-mutilek osatzen dute haurren taldea). Haurtxoek ez bezala, haurrek beren jarlekuan joan behar dute legez.

Bidaian irten aurretik, hala ere, konpainia bakoitzak zer baldintza, arau edo jokabide dituen jakitea komeni da:

  • Autobusa: autobus-konpainia batzuek aukera bakarra uzten dute haurtxoekin bidaiatzeko: besoetan eraman behar izaten dira, ez dutelako edukitzen haurrak eramateko aulki berezirik (maxi-cosia) ez eta norberak eraman dezakeen aulkia jarlekura lotzeko uhal berezirik ere, zeinak homologatua egon behar baitu. Arau horren berri eduki ezean, gerta liteke familia osoa bidaiatu ezinik geratzea. Horregatik, unea iritsi aurretik, baldintza horien guztien inguruko argibideak eskatu behar zaizkio autobus-enpresari.
  • Trena: Renfen ere, besoetan soilik eraman daitezke haurtxoak. Trenek ez dute edukitzen haurtxoentzako segurtasun-sistema espezifikorik, eta berariaz galarazten dute jarlekuen gainean haurtxoentzako edozein aulki jartzea (maxi-cosi erakoak).
  • Hegazkina: Hegazkinetan, berriz, ez da izaten halako eragozpenik. Konpainia gehienek izaten dituzte haurtxoak esertzeko aulkiak eta uhal bereziak, beren jarlekuan joan daitezen. Aulki horiek erabili ahal izateko, ordea, aldez aurretik jarri behar da konpainiarekin harremanetan, aulkia gorde diezagutela eskatzeko, kopuru mugatua izaten dute eta (bi, hegazkin bakoitzeko). Beste zenbait konpainiak, aldiz, ez dute edukitzen maxi-cosi erako aulkirik, baina bai horiek lotzeko uhal bereziak. Halakoetan, norberak eraman behar du haurtxoarentzako aulkia.

Hegazkin-konpainiaren politika era batekoa edo bestekoa izan, hegaldi bakoitzeko langileek beti jartzen dute bezeroaren eskura haurtxoa lotzeko segurtasun uhala (aireratzerakoan eta lurreratzerakoan, bereziki), eta ongi jartzeko laguntza ere ematen diote. Ibilbide luzeko bidaietan, sehaskak ere izaten dituzte zenbait konpainiak, baina horiek ere, aurrez eskatu behar dira.

Adingabea gurasoekin badoa, komeni izaten da familia-liburua eramatea, Espainian batez ere

Haurtxoak bere aulkian bidaiatuko duela erabakitzen badugu, 2 urtetik 12ra bitarteko haurrei dagokien tarifa ordainduko du, eta ekipajea eramateko eskubidea izango du (20 kilo arte, turista klaseko ohiko airelineetan, eta 30 kilo arte, lehen mailako txartela badu). Tarifak aldatu egiten dira konpainiaren eta helmugaren arabera. Espainiako Estatu barruko hegaldietan, helduen txartela baino % 50 merkeagoa izan ohi da haurrena, eta nazioarteko hegaldietan, % 33rainokoa izan daiteke beherapena.

Aholkua: Hegazkinean haurrekin bidaiatu behar denean, hegazkinaren aurrealdeko jarlekuak hartzen saiatu behar da, "Bussiness" eremuaren jarraian daudenak. Toki gehiago izaten dute hankak luzatzeko, eta egokiagoak dira komunera joan edo jarlekutik altxatu eta haurtxoekin oinez ibiltzeko. Hegazkin-konpainia askok bezeroei aukera ematen diete erreserbak egiterakoan jarlekuak hauta ditzaten, baita txartela Internet bidez erosten dutenenean ere. Halako aukerarik ez badago, komeni litzateke aireportura oso garaiz joatea, jarleku horiek lortu ahal izateko. Haurrekin doazen familientzat gorde ohi dituzte hegazkin-konpainiek.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto