Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Hori lortzeko, oinarrizkoa da ingurumena zainduz ekoizten diren elikagaiak hautatzea eta norberaren elikadura-oreka bilatzea
Iraunkortasuna eta ingurumena eskutik joatea nahi genuke, eta eskatzen hasita, elikaduraren gaia eta elikadura-orekaren auzia ere bi horien mailan jartzea. Elikadurari aplikatuta, hau litzateke iraunkortasuna ulertzeko moduetako bat: ingurumena errespetatuz eta zainduz ekoitzi, transformatu eta merkaturatu diren elikagaiak hautatzea. Baina iraunkortasunak baditu beste zenbait alderdi ere. Horietako bat, elikadura- orekarena. Hau da, norberak oreka bilatzea elikatzerakoan, gizarterik desarrollistenetan nagusi diren gehiegikeriak egin gabe. Eta bi horiekin batera, beste hainbat ekintza ere egin ditzakegu iraunkortasunaren alde (geure buruaren alde, azken batean): bizikleta erabiltzea erosketak egiteko, astea ongi antolatzea denbora eta erregaia alferrik ez gastatzeko zenbait jardueratan, orgatxo edo poltsa berrerabilgarriak erabiltzea, bilgarri eta ontzi gutxiago dituzten salgaiak hautatzea eta ingurumenari kalte gutxiago egiten dioten garbigarriak-eta erostea. Etxe barrenean ongi erreparatu behar genioke jakiak biltegiratzeko eta prestatzeko moduari, eta ikasi egin behar genuke elikagaiei eta sortzen diren hondakinei probetxu ateratzen eta horiek berrerabiltzen. Energia berriztagarriak erabiltzeko urratsa egitea ere ez da alferrekoa (eguzki-panel termikoak jar daitezke ura berotzeko), lagungarria baita energia optimizatzeko eta, ondorioz, dirua aurreztu eta natura zaintzeko.
Jarrera eta jokamolde berrietara ohitzea eskatzen du elikadura iraunkorrak. Zenbaitek izena ere jarri diote ingurumena errespetatzen duen elikabideari: "Karbono gutxiko dieta". Izena bat izan edo bestea, helburua bat eta bakarra da: berotegi-gas gutxiago sortzen dituzten elikagaiak kontsumitzea, klima-aldaketaren ondorio txarrak murrizte aldera.
Bide horretan egiten den urrats bakoitza lagungarri izango da elikadura iraunkorraren eredura hurbiltzeko eta, aldi berean, errespetu eta begirune gehiago erakusteko naturari, etorkizuneko belaunaldiei eta jendarte pobretuenei.
Tokian tokikoa. Merkatuak globalizatu izanak asko ugaritu du elikagai-eskaintza, eta munduko hainbat bazterretatik ekarritako salgaiak aurki ditzakegu etxe ondoan, urteko edozein sasoitan, gainera. Elikagai, zapore eta testura berriak ezagutzeko aukera ematen du horrek, eta jakiak prestatzeko modu berriak saiatzera ere bultzatzen gaitu. Baina, nolabaiteko onura horien aldean, askoz handiagoak dira kalteak: izugarrizko energia pila xahutu behar izaten da garraioan (barkuak, kamioiak edo hegazkinak), eta jaki pila galantak hondatzen eta alferrik galtzen dira. Eta horrek guztiak arrastoa uzten du, berotegi-gasak ugaritu egiten dira eta. Beraz, gure saskia iraunkorra izan dadin nahi badugu, tokian tokiko elikagaiak erosteko joera hartu beharko dugu (frutak, barazkiak, lekaleak, arrainak, haragiak...), bizi garen inguruan lantzen edo sortzen direnak, kalitatez ere hobeak izaten dira eta (ez dute mantenugairik galtzen biltegian egon beharraren ondorioz, ez garraiatzen dituztenean ere). Joera hori gero eta hedatuagoa dago laborarien, abeltzainen, elikagai-banatzaileen eta kontsumitzaileen artean, eta horrela lortzen da, hain zuzen, espezie autoktonoak iraunaraztea eta tokiko ekonomia sustatzea.
Landare-proteina gehiago. Klima-aldaketaren gaia aztertzen duten adituek azpimarratu izan dutenez, animalia-jatorriko elikagaiak ekoizteak kalte nabarmena egiten dio ingurumenari (bai haragia bera ekoizteak, bai eta animalietatik eratorritako produktuak ere: esnea, arrautzak...). Arrazoi bat baino gehiago daude hori hala izan dadin. Aziendak berak, adibidez, berotegi-gas asko isurarazten ditu (gorotzetik, esaterako, CO2 eta amoniakoa kanporatzen dira, eta hausnarkarien digestio-sistemak metanoa sortzen du, gai oso toxikoa). Horrez gain, lur eremu handiak behar izaten dira animaliak bazkatzeko. Bitxia da, baina gizakiek jateko moduko proteina gehiago kontsumitzen ditu aziendak (aleak, landare-jakiak, lekaledunak), bere produktuek ematen dituztenak baino (haragiak, esneak eta arrautzek). Eta produktu horietako batzuk, gainera, gehiegizko neurrian hartuz gero (haragia eta esnekiak), ez dira batere osasungarriak, gantz saturatuak eta kolesterola ematen baitituzte. Hori guztia jakinda, osasun erakundeak, Osasunerako Mundu Erakundearen laguntzarekin, hasiak dira esaten haragi gutxiago jan behar dela (haragi gorria eta haragi prozesatuak, batez ere) eta berdin animalia-gantza ere. Kontua ez da, ordea, haragia jateari uztea eta barazkijale egitea. Aukera bat izan daiteke, baina bada modua haragia osasungarri eta gustagarri gertatzeko aldi berean: egoki den neurrian jatea. Eguneroko menuan animalia-jatorriko proteina gutxiago jan behar genituzke, eta landare-jatorrikoak hartu, kalitatezkoak betiere. Hori lortzeko, laboreak, fruitu lehorrak eta lekaleak konbinatzea da gakoa. Lekale-eltzekariak, adibidez, arrozarekin eta berdurekin presta daitezke; plater merkea da, zaporetsua eta dieta orekatua egiteko ezin hobea. Dietan aldaketa hori egitea ingurumenaren mesedetan izango da, eta, gainera, aukera emango du munduko herritarren artean dauden elikadura-beharrak hobeki asetzeko.
Biltegian tokia egin behar zaie... artisau-produktu kalitatezkoei, jatorri izendapena dutenei, ekoizpen integratu eta ekologiko bidez eginei. Horien guztien ekoizpen moduek, nahiz eta ez izan denak berdin-berdinak, baliabide eta arautze-mekanismo naturalak erabiltzen dituzte, ingurumenak ez dezan kalterik jasan eta, epe luzera, laborantza, abeltzaintza eta arrantza iraunkorra bermatzeko modua egon dadin. Aintzat hartzekoak dira, halaber, Bidezko Merkataritzako produktuak, herrialderik pobretuenetatik inportatuak; horien bidez, tratu bidezkoagoa ematen zaie tokiko ekoizleei. Gure saskia iraunkorra izan dadin nahi badugu, tokian-tokiko elikagaiak erosteko joera hartu behar dugu
Ura arduraz erabili. Jakirik gehienak prestatzeko, ura erabili behar izaten da, eta, beraz, kontzientzia hartu beharra dago, eta ondasun hori aurrezteko bitartekoak jarri. Ur kopuru neurtua erabili behar da, adibidez, barazkiak garbitzeko eta jakiak prestatzeko, eta elikagaiak egosterakoan sortzen diren saldak berrerabili egin behar dira beste plater batzuk prestatzeko. Etxean egiten diren gainerako lanetan ere zaindu behar da urari dagokion alderdia: ontziak garbigailuan garbitzea komeni da, eskuz egin beharrean; tanta-jarioak saihestu behar dira; ur-ihesak azkar konpondu. Ur-txorrotaren azpian jarrita desizoztea ez da batere ohitura ona ingurumenarentzat
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa