Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Dementzia atzeratzeko, funtsezkoa da garuna eta gorputza jardunean izatea eta dieta zaintzea Goizean zer egin dugun ez gogoratzea, gauzak behin eta berriz errepikatzea lehen ere kontatu ditugula ohartu gabe, hitzak mihira ekarri eta esaten asmatu ezina, zer egunetan bizi garen ez jakitea eta horren arrastorik inondik ezin ateratzea, kalean goazela arreta galdu eta non gauden ez antzematea... Era horretakoak gertatzen direnean, oroimenean eta garunean zerbait ongi ez dabilen seinale. Azkenaldiko oroimena deitzen dena huts egiten hasten denean, ezinegon handia sortzen da, eta beldurra ere bai, Alzheimerren eritasuna edo beste dementziaren bat izango ote den horren eragile. Dementzia batek, dena den, ez dakar oroimena galtzea soilik; beste sintoma kognitibo batzuk ere izaten ditu berekin: orientazioak huts egitea, arrazoitzerakoan zailtasunak edukitzea eta bizimodu autonomoa egiteko ezgai izatea.
Espainian, 65 urtetik gorako pertsonen % 10ek daukate dementzia, eta 85 urtetik gorakoen % 30ek. Bestela esanda: 65 urtetik aurrera, hamarretik bati eragiten dio, eta 85etik aurrera, hirutik bati (datu horiek eman ditu SEN erakundeak, Espainiako Neurologia Elkarteak). Osasun-arazo horrek adineko pertsonei eragiten die, nagusiki, baina adinak, berez, ez du zertan eragin dementziaren bilakaeran, nahiz eta adinarekin, egiaz, murriztu egiten den oroitzeko eta ikasteko gaitasuna. Dementziaren eragile bakarra adina ez dela erakusten du, adibidez, Alzeheimerrak (horixe da dementziarik ohikoena). Ohikoa izaten da 65 urtetik aurrera agertzea, baina askoz lehenago ere erasan dezake (badira 30 urterekin pairatu dutenak ere, nahiz eta kasu horiek salbuespentzat jo behar diren).
65 urtetik gorako pertsonen % 10ek daukate dementzia eta 85etik aurrera, hirutik batek
Esan bezala, Alzheimerra da dementziarik ohikoena (dementzia duten pertsonen artean, 100etik 70ek izaten dute), eta jarraian datoz beste dementzia hauek: hodietako lesioek sortzen dutena (buruko infartu eta hemorragien ondorio izaten dira), Lewyren gorputzen dementzia (Parkinsonen gaitzari lotutako dementziaren senidea) eta endekapen fronto-tenporalak. Horiek guztiak, hodietako lesioen ondorioz sortuak izan ezik, eritasun neurodegeneratiboak dira, hau da, garuneko zelulak (neuronak) higatzearen edo gastatzearen ondorio.
Garun-erreserba kontzeptuari atxikitzen zaio dementzia. Gaixotasun bat orekatzeko edo hari aurre egiteko garunak duen gaitasuna adierazten du termino horrek. Dementzia atzeratzeko modurik eraginkorrena, beraz, garun-erreserbaren gaitasuna hobetzea da, eta badira horretan laguntzen duten zenbait mekanismo.
Gaur-gaurkoz, ez dago inolako tratamendurik Alzheimerrari edo dementziei aurre hartzen laguntzen duenik. Badira sendagai edo botikak Alzheimerra tratatzeko; honako hauek, besteak beste: donepeziloa, rivastigmina, galantamina eta memantina. Gauza jakina da sendagai sorta horrek eraginkortasun mugatua duela, baina oso aintzat hartzekoak dira, hala ere, zeren lor baitezakete gaitzaren sintomak urtebetez -seguru- egonkortzea-, eta bi urtez ere bai zenbaitetan, adituek diotenez.
Patologia horien bilakaera geldiarazteko, bizkortze edo errehabilitazio kognitiboaz baliatzen dira, besteren artean. Alzheimer kasu arin edo apaletan erabiltzen da; lagundu egiten du funtzio kognitiboei eusten, eta sendagaiek lortzen duten eraginaren antzekoa lortzen dute. Eta ezin da ahaztu, gaitz horren eragina atzeratzea lortuz gero, oso gutxi bada ere, garaipen handitzat hartzekoa dela hori. Egokiena litzateke Alzheimerra oso hastapenetan dutenekin probatzea sendagai horiek, dementziarik ez dutenekin, alegia. Dementziaren hasiera bi urtez atzeratzeak esan nahi luke bi urtez luzatzen dela pertsonaren autonomia, eta bere bizitza antolatzen jarraitu ahalko duela tarte horretan, paperak antolatu eta txukuntzeko moduan izango dela, borondate-adierazpena jasoko duen dokumentu bat egiteko astia izango duela... Estrategia terapeutiko horiek funtziona dezaten, oso garaiz antzeman behar da Alzheimerra. Eta, horretarako, medikutara joan beharra dago, azkenaldiko memoriak maiz samar huts eginez gero. Dena den, ez da zertan izutu datu jakin bat oroitzen ez bada (telefono-zenbaki bat, pertsona baten izena...), edo etxeko logela batean sartu eta hara zertara joan garen gogoratzen ez bagara. Gaur egun badago modua jakiteko ea memoria-lapsus horiek bat ote datozen Alzheimerraren ohiko ereduari dagozkion sintomekin; besteak beste, honako probak egiten dituzte: garun-metabolismoa neurtzen dute irudi-teknika batekin, positroien igorpen bidezko tomografia edo PET bat egiten dute, edo Tau eta beta-amiloide proteinei erreparatzen diete -Alzheimer gaitzarenak dira-, ongi dauden edo ez jakiteko. Beraz, medikutara garaiz joatea eta zer gertatzen den jakitea funtsezkoa da dementzia hori tratatu eta, horrela, haren eragina moteltzeko.
Ohitura erraz eta osasungarri batzuekin, oroimena zaintzeko modua egin dezakegu:
Bihotzarentzat on den guztia, on da garunarentzat ere. Horregatik, kontrolatu egin behar da hipertentsioa, kolesterola, diabetesa, gizentasuna eta tabakismoa.
Saihestu egin behar dira kolesterol txarra sortzen duten elikagaiak; gantz saturatuak, besteak beste arteriak buxatzen dituzte, eta eragotzi egiten dute oxigenoa garunera irits dadin. Barazkiak eta fruta freskoa hartu behar da (zitrikoak, batik bat). Fruitu lehorrak ere onak dira, baita pasta, lekaleak eta magnesioa, iodoa eta fosforoa daukaten jakiak. Iturria: Pablo Martínez-Lage, CITA Terapia Aurreratuen Ikerketa Zentroko kidea (Donostiakoa) eta SEN Espainiako Neurologia Elkarteko Jarrera eta Dementziaren Ikerketa Taldeko Koordinatzailea
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa