Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Teknologia Berriak

Λ

4G telefonia: Iraultza mugikor egin da

4G motako teknologia multzoari esker, telefonoak Internetera konektatuta egongo dira beti

  "4G, iraultza edo berezko bilakaera?", titulu hori jarri diote berriki erreportaje bati aldizkari espezializatu batean. Galdera egiteaz gain, erantzuna ere eman nahi izan dute, eta sare mugikorretan aditua den bati eskatu diote erantzun dezan; hitz bakarrean egin du: "Biak". Erantzun laburra da, eta zehatza ere bai, baina ongi ulertzeko, teknologia multzo hori zer den azaldu beharra dago, zeren, bestela, lehenengo galdera gutxi ez, eta beste batzuk sortuko baitzaizkigu.

Bere laburrean, ordea, eman litekeen erantzunik egokiena da: 4G teknologiak iraultza ekarriko dio pertsonak beren inguruarekin harremanetan jartzeko moduari. Funtsean, baina, Interneten eta wifi routerraren bilakaera logikoa baino ez da: lehen etxean konektatzen ginen, eta orain, kalean ere jasoko dugu Sarerako seinalea.

Iraganetik jauzi

Orain arte, sare mugikorren teknologian, errepikagailu-hargailu soilik izan dira antenak, baina orain, 4G teknologiarekin, seinale-igorle izango dira. Hau da, GSM, GPRS eta UMTS teknologietan (1G, 2,5G eta 3G-ren baliokide dira), triangulazioa izeneko teknikari esker, antenak gai ziren inguruan zeuden telefonoak antzeman eta horien kokagunea edo posizioa zehazteko, hiru antenak osatutako eremu triangeluar baten arabera, eta behin kokagunea zehaztuta, beste gailu batetik jasotako seinalea bidaltzen zioten.

Seinalea antzematea eta mugikor batetik bestera pasatzea zen antena horien funtzioa, baita seinale horrek, ahotsaz gain, testu-mezuak, irudiak eta, 3G teknologian, Sarerako sarbidea edukita ere. 4G telefonian, berriz, zuntz optikozko kable sorta batzuen bukaera izango da antena; kable horiek Sarerako sarbidea ematen dute, eta antenak kilometro koadro ugariko eremuan zabalduko du sarbide hori, wifi router batek etxe batean egiten duen modu berean. Beraz, 4G teknologiarekin, kalera aterako da Internet.

Orain arteko telefonia mugikorra goitik behera iraultzeak ondorio asko ekarriko ditu. Hasteko, operadoreek milioiak eta milioiak gastatu beharko dituzte 4G teknologia ezartzeko, zeren orain artean eraikinen gainaldeetan jarri dituzten antenek ez baitiete balio, errepikagailuak baino ez dira eta. Horien lekuan, 4G teknologiak eskatzen dituen antenak jarri beharko dituzte, seinalea igortzen dutenak, baina horren aurretik, beharrezko diren kableak zabaldu beharko dituzte antenak jarri nahi dituzten eraikinetan.

Sarera nonahitik sartu eta kontsumoa irauli

Telekomunikazio-operadoreak uzkur ageri dira mundu guztian, inbertsio ekonomiko handi-handia egin beharko baitute; hasiak dira eragozpenak jartzen eta, aldi berean, gobernuei laguntzak eskatzen. Baina badakite, ongi jakin ere, zer esan nahi duen 4G teknologiak: Internetera harigabe konektatzeko modua duten gailu guztiak nonahitik sartu ahalko dira Sarera, eta segundoan 100 megabit-eko abiadura teorikoa izango dute datuak jaisteko eta 50 megabit-ekoa igotzeko.

Erabiltzaileek, beraz, gaur egun ordenagailua erabiliz egiten dutena egin ahalko dute telefono mugikorra, tableta bat edo ordenagailu eramangarria erabiliz. Erabiltzaileak, egonean dagoela ez ezik, oinez edo autoan doala ere eskura izango du Internetek eskaintzen duen informazio guztia, eta informazio hori, gainera, unean uneko kokapenarekin lotuta egon liteke. Zer-nolako eraginak izango ditu denbora errealean jakin ahal izateak non dagoen hurrengo gasolindegia, zer prezio dituen zerbitzugune hurbilenak, zenbateko zirkulazioa dabilen norbera doan errepidean edo zer duten ikusteko modukoa bidean dauden herri eta hiriek?

Mugimenduan jasotzen den informazioak aldarazi egin dezake pertsonen jokabidea. Demagun jatetxe batean afaltzeko asmotan abiatzen garela, eta bidean, inguruan dauden beste toki batzuei buruzko informazioa iristen zaigula, erakargarriagoak edo merkeagoak diren jatetxeena. Ez ote da nornahi tentatzeko modukoa? Adibide bat da horrako hori, baina egoera guztietara hedatzen badugu, eta iragarki pertsonalizatuak jasotzeko aukerarekin lotzen badugu, pentsatzekoa da aldaketa handi samarra etorriko zaiela erabiltzaileei informazioaren eta kontsumoaren alorrean.

Akabo telefono finkoak

Teknologia berriarekin, Interneteko protokoloaren bidez (IP ere esaten zaio) iritsiko da informazio guztia erabiltzailearen mugikorrera, izan ahotsa, testuak, irudiak edo audioa. Ahots-deiek, beraz, ez dute bidaiatuko lehen bezala; orain, digitalizatu egingo dira, eta pakete moduan sartuko dira Internetetik joan daitezen (IP ahotsa da hori). Ondorioz, mugikor batetik bestera hitz egiteko, adibidez, Skype eta gisako programak erabili ahalko dira, doan.

Horrek ez du esan nahi, dena den, doan hitz egin ahalko dugula mugikorretik. Operadoreek, segur aski, aldatu egingo dute tarifa-sistema, eta minutuka kobratu beharrean, kontsumitzen den datu kopuruaren arabera kobratuko dute. Beste ondorio bat ere ekarriko du teknologia berriak: guztia IP bidez mugituko denez, bai etxe barrenean eta bai kanpoan, ez da beharrezkoa izango etxean edo bulegoan sargune finko bat edukitzea, eta, beraz, telefonia finkoa desagertu egingo da, eta kable bidez konektatuta dauden telefonoak iraganeko gauza bitxi izatera igaroko dira.

Antzera gertatuko da roaming bidezko kostuekin ere (atzerrira edo atzerritik egindako deiak dira); izan ere, protokolo globala da IP delakoa, eta ezingo dute esan konpainien arteko akordioak egin behar dituztela dei horiek arautzeko, eta horregatik direla garestiagoak. Sarbideko prezioa unibertsala izango da, edo, gutxienez, prezio hori ez du baldintzatuko erabiltzailea dagoen lekurainoko distantziak (gaur egun halaxe gertatzen da).

Baina arazoak ere ekarriko ditu: 4G teknologiak uhin ugari kontsumitzen ditu, eta bereizmen handiko telebista mugikorra iristen eta hedatzen denean, are gehiago kontsumituko dira. Horren ondorioz, gailu mugikor ugari pilatzen diren tokietan, buxadurak eta atzerapenak jasango dituzten erabiltzaileek (auzo jendetsuetan, udatiarren bilguneetan edo kirol ekitaldietan). Ildo horretan, telebistekin lehiatu beharra izango da, horiek ere IP bidez eman nahi dituzte-eta bereizmen handiko programak, eta partekatu egin beharko da espektro elektromagnetikoa, baliabide mugatua baita hori ere.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto