Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Naiara Cambas, AECCren Fundazio Zientifikoaren Gizarte Ikerketarako zuzendaria: "Gizarteak badaki zer elikagai ez den komeni hipertentsioarentzat, baina apenas dakien zer elikagaik babesten duen minbizitik"

  Urtero, 160.000 minbizi kasu diagnostikatzen dira Espainian. Eta etorkizunerako aurreikuspenak are beldurgarriagoak dira: hurrengo bost urteetan, 200.000tik gora izango omen dira. Datuak aski gordinak izanik ere, Naiara Cambasek, AECC Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteak Gizarte Ikerketarako duen Fundazio Zientifikoaren zuzendariak, baikor izan nahi du: gero eta kasu gehiago agertzen dira, baina gero eta gaixo gehiagok lortzen dute bizirik irautea. Eta bada itxaropentsu egoteko beste datu bat ere: Osasunerako Mundu Erakundearen arabera (OME), kasuen % 40ri aurrea har dakieke. Bizi-ohitura osasungarriagoen alde eginez gero, 75.000 minbizi kasu gutxiago sortuko lirateke.

AECC erakundeak berriki egin duen txosten batek erakutsi du pertsonarik gehienek hobetu egingo lituzketela beren ohiturak, baldin eta gehiago jakingo balute elikaduraren eta minbiziaren artean dagoen loturari buruz. Ezer gutxi dakigu minbizitik babesten gaituzten elikagaien inguruan, eta are gutxiago eritasuna sustatzen dutenen inguruan. Minbizi mota guztiei aurre hartzeko, baita ondeste-koloneko minbiziari ere (horrek du eragin gehien Espainian), aski da aldaketa gutxi batzuk egitea: fruta eta berdurak egunero jan, ariketa egin, eta tabakoa eta alkohola saihestu.

Txosten bat argitaratu duzue orain dela gutxi, Elikaduraren eta minbiziaren inguruko mitoak. Jakin behar zenukeen guztia. Zer du egiatik honako baieztapen honek: elikadurak % 100ean eragiten du minbizi baten garapenean.

Guztiz frogatuta dago, % 100ean, elikadura-gehiegikeriek, alde batetik, hau da, kaloriekin pasatzeak, edo gantz saturatuekin, trans gantzekin, azukreekin, eta elikadura-gabeziek ere bai, bestetik (zuntz gutxi hartzeak, edo herdoilaren aurkako gaien faltak) eragina dutela bai minbizia garatzeko orduan, eta bai hari aurre hartzeko orduan ere. Elikadura ez da, hala ere, faktore bakarra; beste batzuek ere eragiten dute: tabakoak, alkoholak, sedentarismoak eta genetikak ere bai.

Oliba-olioak eta brokoliak lagundu egiten dute minbiziari aurre hartzen. Mitoa edo egia?

Olioak eta landare gurutzedunek (brokolia, aza eta azalorea) dauzkaten zenbait substantziak lagundu egiten dute organismoa zelula kantzerigenoetatik babes dadin. Horrek ez du esan nahi horiek maiz janda, egunero nahi bada, guztiz babestuta egongo garela, baina murriztu egingo genuke zenbait tumore izateko arriskua. Elikagai batek zerbaitetatik babesteko gaitasuna duela esaten dugunean, bizi-ohitura eta elikabide osasungarrien testuinguruan sartu behar dugu hori, elikagai batek ez baitu, berez eta berak bakarrik, minbiziari aurre hartzeko edo arriskua gutxitzeko gaitasunik.

Frutek eta berdurek babesteko dohaina dute. Egia edo gezurra?

Erabateko egia. Horien osagaiak, mineralak, zuntza, bitaminak eta substantzia bioaktiboak (herdoilaren aurkakoak, esaterako), funtsezkoak dira organismoak ongi funtziona dezan, eta babestu egiten gaituzte minbizitik eta bestelako eritasun batzuetatik; besteak beste, bihotz-hodietakoetatik. OME erakundeak eta Minbizia Ikertzeko Ameriketako Institutuak (AICR) gomendatzen dute, elikagai horien babesa eskuratzeko, egunean 600 gramo edo gehiago jan behar dela fruta, barazkiak eta berdurak.

Baina, jendeak aintzat hartzen ditu elikagai horien kontsumo-gomendioak?

Ez beti. Gure txostenak dioenez, galdekatu ditugunen % 40k soilik jaten dituzte bi fruta atal egunean; beste % 40k egun batzuetan baino ez dute lortzen hori, eta gainerakoek, noizean behin. Berdurekin ere antzera gertatzen da: % 35ek soilik jaten dituzte gomendioek esaten duten neurrian.

Jendearen ustez, zein elikagaik laguntzen du edo laguntzen dute minbiziari aurre hartzen?

Bitxia bada ere, gehienek badakite zer elikagai komeni diren, gutxi-asko, hipertentsioarentzat (gatzik ez), kolesterolarentzat (gantzik ez) eta gizentasunarentzat (jaki oso energetikoak saihestu, eta gantzak eta azukreak), baina apenas dakiten zer elikagaik babesten duen minbizitik. Gure txostenean, erantzun dutenen artean, berdurak aipatu dituzte % 30ek, eta frutak % 35ek.

Eta minbizia sustatzen duten elikagaiei buruz, zer daki jendeak?

Deus gutxi. Zorionez, gai horren inguruko zerbait dakiten gutxi horiek zuzen dabiltza, zeren alkohola, gantzak... jotzen baitituzte kaltegarritzat. Beste zenbait elikagai, esne osoa, adibidez, edo gaztak, gurinak edo edari azukredunak, ez daude sustatzaileen artean, nahiz eta, gehiegi hartuta, izan litezkeen. Jendeak, bestalde, ez ditu lotzen gizentasuna eta minbizia, baina badute lotura. Ez hainbeste gizentasunagatik beragatik, ezpada gizentasuna ekarri duten ohitura txarrengatik: gehiegizko kaloriak, gantzak eta azukreak, eta ariketa falta.

Orduan, egunero opil industrialak eta gantz saturatu eta trans gantz ugari dituzten elikagaiak jaten dituen haur batek arrisku gehiago du minbizia edukitzeko?

  Gantzak (saturatuak eta trans erakoak) eta azukreak dituzten elikagaiak maiz janez gero, probabilitate gehiago izaten da helduaroan minbiziren bat edukitzeko. Lotuta daude bi horiek. Funtsezkoa da hurrei txiki-txikitatik erakustea zein diren ohitura onak, eta hauxe da horiek ikasteko modurik onena: familia guztiak horien arabera jokatzea.

Elikagaiak jateko orduan bezala prestatzerakoan ere, izango dira alboratzeko bezain kaltegarriak diren ohiturak.

Ez da komeni zuzenean su gainean egindako elikagaiak maiz jatea, eta, zehazki, kiskalita dauden zatiak, horiek baitira potentzialki kantzerigenoak; ogi txigortuaren zati kiskalia edo parrillan edo barbakoan erretako jakiak. Saihestu egin behar da frijigailuko olio oso erabilia, eta, erabili ondoren, iragazi egin behar da. Era horretan, irin-hondarrak edo ogi birrinaren hondarrak ez dira kiskaliko.

Goji baiek arrakasta handia izan dute kontsumitzaileen artean, eta neurri batean, ustez omen dauzkaten dohain sendagarriengatik gertatu da hori, nahiz eta oinarri handirik gabea den uste hori. Jendeak galdetzen dizue ustez miragarri diren elikagai horien eta beste batzuen inguruan?

Zerbait boladan jartzen denean, jende askok sinesten du horien dohainetan, baina ez du berdin jokatzen gauzarik erraz, frogatu eta ziurrenekin: elikadura osasungarria, askotarikoa eta orekatua egiteko gomendioarekin, hain zuzen. Gure erakundearen mezuak hori nabarmendu nahi du, elikagai jakinen inguruko moda iragankorretan sartu gabe.

"Ohitura osasungarriagoak bagenitu, urtean 65.000 lagun gutxiagok izango lukete minbizia"

Gizartea zenbateraino jabetzen da elikadura eta osasuna elkarri lotuta daudela?

Gauza bitxia gertatzen da: onerako denean, jendeak egiten du lotura. Alegia, jendeak ikusten du elikadura osasungarri eta orekatua egiteak baduela lotura eritasunen prebentzioarekin, baina elikadura txarrak kalte egiten duela, lotura hori ez du hain barneratua.

Eta gure gizartea behar bezala jabetu al da zein garrantzitsua den dieta osasungarria egitea?

Barneratua dugu dieta orekatua egin nahi dugula, eta uste izaten dugu neurri handi batean ongi ari garela, baina gauzak xeheago aztertzen hasita (zenbat fruta jaten dugun, zenbat berdura...), ikusten da oraindik badela zer hobetua. Txostenak erakutsi digu hamar lagunetatik bederatzi prest egongo liratekeela beren bizi-ohiturak aldatzeko, baldin eta informazio gehiago balute elikadurari eta minbiziari buruz.

Mediterraneoko dieta osasun-iturri izan da, baina ez ote gara ari hortik urrutiratzen?

Bizimodua eta ordutegiak aldatzeak, elikadura-modek... eragina dute urrutiratze horretan. Adituek behin eta berriz esaten dute haragi gutxiago jan behar genukeela, gantz eta azukre gutxiago, eta beste elikagai batzuk hobetsi: arrainak, lekaleak, haragi giharrak, frutak eta barazkiak. Ariketa fisikorik ez egiteak urtean bi milioi heriotza eragiten ditu munduan, OMEren arabera. Guk galdekatu ditugunetatik, adibidez, lautik hiruk erantzun dute ez dutela maiztasunez egiten ariketa, eta kezkatzekoa da hori.

Badirudi Mediterraneoko dieta dela minbiziaren aurkako panazea, baina, orduan, zergatik dituzte Txinan, adibidez, minbizi tasa txikiak?

Aldagai askok eragiten dute minbiziaren garapenean. Elikadura da horietako bat, eta hor daude, halaber, genetika, ingurua, kultura, eta abar. Frogatuta dago Mediterraneoko dieta osasun-iturri dela. Elikadura eta bizimodua ulertzeko era hori aski berme bada, berez, Mediterraneoko dietaren alde egiteko, beste kulturetako elikagaiak sartzen ibili gabe, eritasunei aurre hartu nahian (soja, adibidez, zeina ohikoa baita Txinako kulturan).

Bada minbiziaren aurkako dietarik? Hala bada, proposa itzazu batzuen batzuk, adin guztietarako modukoak.

Dieta berberak balio du guztientzat, eta Mediterraneoko dietan oinarritua dago. Kontzeptu nagusiek berdin balio dute pertsona guztientzat, nahiz eta kopuruak egokitu beharko diren norbanako bakoitzaren ezaugarrietara. Hauxe da sekretua: frutak, barazkiek eta berdurek, lekaleek eta osoko jakiek izan behar dute elikaduraren oinarri. Eta hori konbinatu behar da bizimodu arduratsu eta aktiboarekin.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto