Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Etxeko ekonomia

Λ

Energia-gastua murriztu: Argindarra: watt gutxiago eta kontzientzia gehiago

Aholku erraz batzuei jarraituta, argindarraren ordainagiria merkatuko dute kontsumitzaileek, eta energia-gastuak ingurumenean zer-nolako eragin larria duen jabetzeko ere balioko die

  Argindarra % 10 garestitu da urte aldaketarekin, eta ez da izango azkeneko aldia. Ordainagiriak gero eta zenbaki handiagoa erakusten duen honetan, kontsumitzaileek zenbait neurri har ditzakete; sakelak eskertuko du, eta ingurumenak ere bai.

Lehenik eta behin, arau nagusi bat ezarri beharra dago jokabidean, bista-bistakoa dirudien arren, jendea ohartzeke dagoela dirudi eta: energia aurrezteko modurik (eko)logikoena, energiarik ez kontsumitzea da, edo, gutxienez, zentzu pixka batekin egitea. Ohikoa izaten da, adibidez, logela batean inor egon ez, eta argiak piztuta edukitzea, edo neguan kamisetarekin eta udan jertsearekin ibiltzea, berogailua eta aire girotua neurriz kanpo erabiltzen direlako.

Etxetresna elektrikoek kontsumitzen dute energiarik gehien: argindarretan gastatzen denaren % 65 ere bai zenbaitetan. Baina guztiek ez dute berdin kontsumitzen. Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) emandako datuen arabera, hozkailu eta izozkailuek, adibidez, argindar guztiaren % 19 kontsumitzen dute. Hori dela eta, garrantzitsua da neurri egokia duen bat erostea, eta energia-eraginkortasun gehien daukanetakoa: A motakoa edo hortik gorakoa (A+, A++...).

Kontsumitzaile batek C motako hozkailua badu, eta haren lekuan A+ motakoa jartzen badu, hilean 3,72 euro aurreztuko ditu argindarretan (44,64 euro urtean). Arropa-garbigailuarekin gauza bera eginez gero, 2 euro; ontzi-garbigailuarekin, 2,42 euro; eta arropa-lehorgailuarekin, 4,61 euro.

  Etxetresnarik eraginkorrenak garestiagoak dira, baina lau urteren buruan amortizatzen da hasierako inbertsioa. Tresna horiek hamar urteko bizia izaten dute, batez beste, eta denbora horretan, etxetresna ez-eraginkor batekin alderatuta, argindar-kontsumo guztiaren % 74,7 aurreztea lortzen da tresna eraginkorrekin. Administrazioek Renove planak eta gisakoak eskaintzen dituzte, jendeari diru laguntzak emateko gutxiago gastatzen duten gailuak eros ditzan.

Energia-kontsumoa gutxitzeko, hozkailu batek egiten duena, adibidez, neurri egokia da tresna hori leku fresko eta ongi haizeztatu batean jartzea, haren atzeko aldea garbi edukitzea edo izotz-kapa hiru milimetrokoa egin aurretik desizoztea. Ahalik eta gutxienetan irekitzea eta ateetako gomak aldatzea ere bai, ongi ixten ez badira; jaki beroak ez sartzea; elikagaiak hozkailuan desizoztea, haien hotzari etekina ateratzeko; eta hozkailua 3º eta 5º gradu artean edukitzea eta izozkailua -18º eta -15º artean. Horiek dira funtsezko aholkuak, hozkailu batek energia gutxiago kontsumi dezan.

Energia-xurgatzaileak

  • Telebista: Hozkailuaren ondotik, telebistak kontsumitzen du energia gehien. Telebista lauak, urtetik urtera gero eta gehiago hedatzen ari diren horiek, banpiro energetiko aseezinak dira: stand by egoeran edo pausaldian daudela, energia xurgatzen dute eguneko 24 orduetan, nahiz eta inortxo ez egon hari begira, eta egiten duten gastu guztiaren % 15 izatera hel liteke pausaldiko kontsumoa. Horregatik, gainerako gailu elektriko txiki eta handiekin gertatzen den bezala (hirukoiztu egin da horien kontsumoa azken hiru hamarkadetan), aholku batzuei jarraitu behar diete kontsumitzaileek: eraginkorrenak hautatu, stand by egoera saihestu eta itzalita eduki, erabili behar ez direnean.
  • Ordenagailua: Ordenagailuak ere modu ekologikoagoan erabiltzen saiatu behar da: pantaila itzali behar da, 20 minutu baino gehiago egingo baditugu hura erabili gabe, eta ordenagailu osoa itzaltzea komeni da, baldin eta 2 orduz edo gehiagoz ez badugu erabiliko. Teknologia berriak lagungarri izan daitezke argindar gutxiago gastatzeko; kontagailu adimendunek, adibidez, denbora errealean zenbat argindar kontsumitzen den esaten dute.
  • Garbigailua: Gehien kontsumitzen duten tresnen artean, garbigailua dator hurrena. Erabiltzen duten argindarraren % 80-90, ura berotzeko izaten da. Garbigailurik eraginkorrenak erabiltzeaz gain, ur hotzarekin dabiltzan programak hautatu behar dira, horiexek izaten dira-eta, gainera, egokienak lixiba mota gehienentzat. Garrantzitsua da, halaber, garbigailua ahalik eta gehien betetzea arropaz, edo, gutxienez, karga-erdiko programak erabiltzea, zentrifugatu eta arropak eguzkitan lehortzea, lehorgailuak saihesteko, eta horrez gain, urari kaltzioa kentzekoak erabiltzea ere komeni da, eta iragazkia garbi edukitzea. Lehorgailua edukiz gero, hori ere eraginkorren sailekoa izatea komeni da, eta ezinbesteko denean soilik erabiltzea, ahal bezainbat betetzea eta programarik egokienak aukeratzea.
  • Ontzi-garbigailua: Ontzi-garbigailua ere gero eta hedatuago dago. Espainian, adibidez, lau etxetatik batean daukate. Argindar-gastuaren % 2 egiten du, baina platerak eskuz ur beroarekin garbitzea baino merkeagoa da, baldin eta garbigailuentzat eman ditugun aholku berei jarraitzen badiegu.
  • Sukaldea: Elikagaiak prestatzeko ere, energia dezente behar izaten da (% 11); etxe batzuetan argindarra erabiltzen dute, eta gas naturala beste zenbaitetan. Kontsumoa gutxitzeko, sua bera baino hondo handiagoa duten ontziak erabil daitezke, eltzeei tapa jarri, A motako labeak erabili eta behar denean baino ez ireki horien atea, espres ontzietan prestatu jakiak; plaka elektrikoak dituenak, irakiten hasi baino lehentxeago itzal dezake sua, eta gasa duenak, berriz, sua apaldu behar du ura irakiten hasten denean.
  •   Etxetresna elektriko txikiak: Beroa ematen duten tresna elektriko txikiek (lisaburdina, txigorgailua edo ile-lehorgailua) energia dezente behar izaten dute. Tresna horiek ahalik eta gutxien erabiltzea komeni da, eta ahalik eta etekin gehien ateratzea. Latak irekitzekoak, zukugailuak edo telefonoak, adibidez, badira argindarrik gabe dabiltzanak ere. Hala ere, tresna horietako batzuk aski egokiak izan daitezke. Mikrouhin-labe batek, esaterako, ohiko labe batek baino denbora gutxiago behar izaten du, eta energia ere, % 60-70 inguru aurrezten du. Eta bizarra egiteko makina elektrikoak egokiagoak dira erabili eta botatzeko bizar-labanak baino, ur berorik ez delako behar izaten eta hondakinak ere gutxiago sortzen direlako.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto