Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Azalaren osasuna: Ezpainetako herpesa: irribarre gazi-geza

Ez da gaitz larria, salbu haurrentzat eta pertsona immunogutxituentzat, baina eragozpenak sortzen ditu, eta mina ere bai batzuetan

Gutxien uste dugunean, sukar-pikor ezin zatarrago bat agertzen da ezpainetan. Hotzikara ere esaten dio jendeak, baina, berez, ezpainetako herpesa da, gizakiari eragiten dion herpes sinpleetako bat. Zenbait ikerketak diotenez, biztanleen % 90ek berekin daramate gaitz hori eragiten duen birusa, nahiz eta askok sekula ere ez sumatu. Sarri askotan berez-berez sendatzen da, baina badira zenbait sendabide ere, ezpainari itxura hobea ematen laguntzen dutenak eta osatze-prozesua zertxobait azkartzen dutenak. Zientzia-elkarteek zenbait aholku ematen dituzte, gaitzari eta hark eragiten dituen lesioei aurre hartzeko. Birus bidezko infekzioa da herpes sinplea, eta ezpainetan bezala, sexu-organoetan ere eragin ditzake lesioak. Bi kasu horietan, herpes sinplearen birus berberak sortzen du gaitza, nahiz eta bi aldaera diren: ezpainekoa, herpes 1 delakoak eragiten du (VHS-1), eta sexu-organoetakoa, herpes 2 izenekoak (VHS-2).

Lesioak eta gune kaltetuak

  Gehien-gehienetan, ezpainetako herpesa agertu aurretik, azkura sumatzen da, ezpaina inurritzen dela iruditzen zaigu, eta gorritu egiten da. Ondoren, baba edo pusla txiki batzuk sortzen dira, likido gardenez beteak, eta gerta daiteke lepoko gongoilak hanpatzea. Baba horiek lehortuz joaten dira eta, kolore horixka hartu ondotik, zarakar itxura hartzen dute, eta denborarekin, erori egiten dira, orbainik utzi gabe. Maizenik, berez sendatzen da ezpainetako herpesa, astebeteren edo bi asteren buruan, inolako arrastorik utzi gabe, baina, zenbaitetan, herpesa pairatu duen azal-eremua sentiberago geratu ohi da. Gaitz horrek ez du zerikusirik zoster deitzen den herpes beldurgarriarekin, zeina baztangaren birusak eragiten baitu; herpes sinplearekin alderatuz, gorputzeko beste atal batzuei egiten die kalte zoster herpesak, eta oinaze handia ematen du.

Ezpainetako herpesa, izenak dioen bezala, ezpainetan agertzen da ia beti, baina ezpain inguruko beste gune batzuetan ere sor daiteke (sudurra, masailak eta betazalak), eta larruazaleko edo muki-mintzetako beste edozein gunetan ere bai. Ez da izaten infekzio larria, salbu eta haur jaioberrietan eta pertsona immunogutxituetan, eta begietara edo begi inguruetara hedatzen denean ere arriskutsua izan daiteke, korneako infekzioa ekar dezake eta.

Aldizka agertzen da eta kutsagarria da

  Ezpainetako herpesa oso gaitz arrunta da. Izan ere, haurtzarotik bertatik izaten dute herritar gehienek, nahiz eta sekula ez sumatu. Zenbait ikerketatan ageri diren kalkuluen arabera, herritarren % 70ek izango lukete, eta 4 edo 5 urtetik beherako haurretan, % 90ek ere edukiko lukete herpes sinplearen birusa. Haurtzaroa igaro ondoren, behin birusa organismoan barneratu denean, ez da desagertzen; lehenengoz herpesa sortu ondoren, lo bezala geratzen da birusa, eta noizean behin berriz aktibatzen da. Hortik aurrea, pertsona bakoitzaren immunitateak erabakiko du noiz agertuko den eta zer sintoma ekarriko dituen. Herpesa, beraz, birus errepikaria da, hau da, kroniko bihurtzen da, eta aldizka-aldizka agertzen. Horrek esan nahi du, zenbait pertsona, birusa edukita ere, hobeki babesten direla haren erasoetatik eta bakanago agertzen zaiela herpesa; beste batzuei, aldiz, ahulagoak izaki, organismoak aldaketaren bat sumatu orduko sortzen zaie.

Birus bidezko infekzioa da, eta ezpainetan bezala, sexu-organoetan ere eragin ditzake lesioak

Herpesa agerrarazten duten aldaketen artean daude, besteak beste, hilekoa edukitzea, estresa pairatzea, eguzkia luzaro hartzea eta eguzkiak erredurak sortzea, ariketa fisikoa gogor egitea, ezpainak hozkatu eta ezpainetan zauri txikiak egitea eta, oro har, organismoaren defentsak gutxitzen dituzten egoera guztiak. Lehen esan bezala, hotzikara deitzen dio jendeak ezpainetako herpesari, eta horrek ere badu bere zergatia: sukarra eduki ostean eta eguzkia hartu ondoren sortzen da maiz.. Ezpainetako herpesa gaitz kutsagarria da, eta listuaren bidez kutsatzen da, birusa daukan norbaitekin egon ostean, adibidez. Birus hori kutsagarriagoa izaten da fase aktiboan dagoenean. Horregatik, herpesa badugu, haurrei ez zaie musurik eman behar (eta beste inori ere ez, ahal dela). Birusa erraz transmititzen den arren, horrek ez du inor obsesionatu behar, zeren herritar gehienak lehendik kutsatuta egongo baitira, nahiz eta eurek ez jakin.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto