Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Etxeko ekonomia

Λ

Nola aurreztu berogailutan, berorik galdu gabe

Etxea goxo edukitzen gutxiago gastatzeko, sistemarik egokiena hautatu behar da eta modu eraginkorrean erabili

  Egutegia abenduaren 21ean sartzen da neguan, baina hotza dezente lehenago sartzen da gurean, eta berogailuak dantzan jartzeko tenorea iristen da etxe guztietan. Krisiak krisi, gutxieneko goxotasun bat eduki behar du etxeak, eta ezin xuhurkerian hasi berogailuarekin. Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) eman duen datuaren arabera, etxea berotzeko erabiltzen da familiek kontsumitzen duten energiaren ia erdia. Ezinbesteko gastua da, baina beti dago aukera diru gutxiago gastatzeko horretan ere. Ez da gaizki etorriko.

Berokuntza-sistema ugari daude merkatuan. Beroa sortzeko moduak bereizten ditu, baina baita beste alderdi batzuek ere: guztiek ez dute berdin balio, ez daukate moldagarritasun bera, ez eta eraginkortasun energetiko bera ere. Euro batzuk aurrezteko helburua izanez gero, egoki erabili behar ditugu berogailuak. Eta horretarako, lehen-lehenik, ongi pentsatu behar dugu zer sistema komeni zaigun guri.

Berokuntza-sistemak

Banakakoa edo kolektiboa? Horixe da, zalantzarik gabe, bereizkuntzarik handiena. Instalazioa izan daiteke banakakoa, etxebizitza bakarrarentzat, edo kolektiboa, etxejabe guztiek partekatzen dutena.

Berokuntza zentrala:

Ikuspuntu ekonomiko eta energetikotik begiratuta, berokuntza zentral kolektiboa darabilen sistema askoz ere eraginkorragoa da. Espainiako etxerik gehienek, ordea, elementu independenteak dituzte (berogailuak, erradiadoreak eta konbektore elektrikoak, bero-ponpak eta bestelako gailuak, bizilagunek dituztenekin inolako konexiorik ez dutenak). Europako hainbat herrialdetan aski hedatua dago sistema kolektiboa, baina Espainian, % 10ek soilik daukate instalazio zentralizatua, etxejabe guztiei beroa ematen diena (IDAE erakundearen datua da). Banakako sistemarekin alderatuta, baditu aldeak berokuntza kolektiboak: galdara handiek errendimendu hobea ematen dute txikiek baino, eta, beraz, energia gutxiago kontsumitzen dute; gainera, erregaiak merkeago eskura litezke, eta sistema kolektiboa instalatzea merkeagoa da, banakako sistemak behar dituen gailu guztiak banan-banan jartzea baino.

Oro har, berokuntza zentralizatuko sistemek galdara estandarrak erabiltzen dituzte (4 eta 400 kilowatt arteko potentzia eduki ohi dute), eta erregaia, berriz, likidoa edo gasa izaten da. Merkatuan badira, hala ere, emaitza edo errendimendu hobea ematen duten beste galdara batzuk ere: tenperatura txikiko galdarak eta kondentsazioak, hain zuzen. Ohikoak baino garestiagoak dira (bi halako ere balio dute), baina % 25etik gora aurrezteko modua ematen dute, eta, beraz, bi urtean amortizatu liteke hasierako inbertsioa.

Banakako berokuntza

Etxe batean sistema zentralizaturik ez dagoenean, banakako sistemak hautatu behar izaten dira, eta hor, aukera asko eta askotarikoak daude.

  • Gas naturaleko galdarak: galdara mota hori erabiltzen dute gehien Espainiako etxeetan. Banakako metodoen artean, horixe da merkeenetakoa. 100 metro koadro inguru dituen etxe bizitza batentzat, 3.000 eta 4.000 euro artean ibili ohi da galdara estandar bat. Kondentsaziozkoak zertxobait garestiagoak dira (5.000-6.000 euro kostako litzateke halako galdara bat lehen aipatu dugun etxe horretarako), baina eraginkorragoak eta ekologikoagoak ere badira. Eta iraun ere gehiago egiten dutenez, luzera aise berdintzen da hasierako gastua. Hileko faktura, aldiz, dezente garestiagoa izaten dute, sistema komunitariokoek baino. 100 metro koadroko etxe batek, negu garaian, 150 euro baino gehiago ordainduko luke hilean. Sistema horrentzat jartzen diren berogailuak aluminiozkoak edo burdin urtuzkoak izan daitezke. Aluminiozkoak merkeagoak dira eta askoz azkarrago berotzen dira. Burdin urtuzkoak, berriz, luzaroago eusten diote beroari, behin sistema itzalita.
  • Gasolio-galdarak: Gas naturalarekin dabilen sistema baino garestiagoa da, zeren, berogailuak ez ezik, tximinia bat eta gasolio-depositu bat ere behar izaten baititu. Egokiak izan daitezke etxebizitza handietan jartzeko, adibidez baserrietan edo landaguneko etxeetan. 6.000 euro inguru balio du instalazioak. 300 metro koadro inguru dituen etxe batek hilean 200 euro baino gehiago ordainduko lituzke sistema horrekin.
  •   Erradiadore elektrikoak: berogailua gutxi samar erabiltzen duten etxeetan, horixe da sistemarik errentagarriena. Prezioa ere aski egokia dute (100 eurorekin lor litezke berogailu edo erradiadore elektrikoak). Zertxobait sofistikatuagoak dira bero-metagailu elektrikoak: argindarra kontsumitzen dute, gauez beroa sortu eta metatzeko. Etxea hoztu ahala, beroa kanporatuz joaten dira. Bi eratakoak daude: finkoak (leku jakinean jarri eta handik mugitu ezin direnak) eta dinamikoak (batetik bestera mugi daitezkeenak). Metagailu horiek askoz garestiagoak dira ohiko berogailu elektrikoak baino: 2.000 euro balio du merkeenak. Metagailuei esker, probetxu ona atera ahal zaio gaueko tarifari, eta % 60 baino gehiago aurreztu liteke argindarretan. Ordea, egunean zehar kontsumitzen diren kilowattei gehigarri bat eransten diete ohiko tarifaren aldean, eta, beraz, ongi aztertu behar da zenbateraino komeni den metagailuen sistema jartzea.
  •   Butanozko berogailuak: garai batean asko erabiltzen zen metodo hori, baina egun oso etxe gutxitan jartzen dituzte butanozko berogailuak (landagunean, nagusiki). Guztietan merkeenetakoa da: berogailuek 30 euro inguru balio dute, eta butano-bonbonak 13,19 euro). Metodorik kutsatzaileenetakoa ere bada, eta eraginkortasun gutxien daukanetakoa. Eremu txikiak berotzeko soilik dira egokiak. Behin berogailua itzalita, gainera, beroa oso azkar joaten da.
  •   Bero-ponpak: Sistema mistoak dira, neguan beroa ematen dutenak eta udan hotza. Airea xurgatzen dute klimatizagailu baten bidez, iragazi, eta bueltan bidaltzen dute berriz, aire hotz edo bero moduan, zer nahi den. Etxeko tenperaturak aldaketarik gabe irauten du sistema horri esker. Sistema independenteak jartzea izaten da ohikoena, baina askoz hobeak dira zentralizatuak, non ponpak bidaltzen duen beroa hedatu egiten baita aire-bide eta sareta batzuetatik edo difusore batzuen bidez (hori izaten da ohikoena), edo bestela, ur beroz beteta dauden hodi batzuk jartzen dira, eta airea pasarazten dute horietatik. Oso sistema eraginkorra da, eta horixe du abantailarik handiena: argindarrean kontsumitzen duen kw/h bakoitzeko, 2 eta 4 kw/h ematen du beroa. Tenperaturak oso hotzak direnean, ordea, okerrago ibili ohi dira bero-ponpak, zaila gertatzen baitzaie kanpotik beroa hartzea. Kasu horretan, laguntzako erresistentzia elektrikoak erabiltzera jotzen dute zenbait gailuk. Merkeenak 1.000 euro inguru balio du, baina instalazioa 3.000 edo 6.000 eurora ere irits daiteke.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto