Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Bruxismoa: estresari hozka

Hortz-haginak estutu edo karraskatzeko ohitura gaiztoak, luzera, higatu egiten du hortzeria eta mina eragiten du barailaren edo masailezurraren inguruan

  Estresa gero eta handiagoa da gizarte modernoetan, eta krisiak are gehiago okertu du egoera. Jendearen sakelak estu dabiltza, baina ez sakelak soilik: hortz-haginak eta masailezurrak ere estu ageri dira. Gero eta hedatuago dago hortz-haginak inkontzienteki estutzeko joera, bruxismoa deitzen dena; faktore emozional baten ondorioz gertatzen da, baina izan daiteke hortzeria gaizki ahokatua dagoelako ere. Egun erabiltzen diren sendabideek lagundu dezakete arazoa konpontzen eta, hartara, saihestu egingo litzateke inork hortz edo haginen bat gal dezan, esmaltea eta dentina hondatu zaizkiolako, eta saihestu, halaber, bestelako ondorio larri batzuk: buruko mina, barailako edo masailezurreko muskuluetako oinazea, lepokoa eta belarrikoa ere bai zenbaitetan.

Masailezurreko eta buruko minak izaten dira ohikoenak

Hortz-haginak etengabe estutu edo karraskatzeari bruxismo esaten zaio, eta izan daiteke egunekoa edo gauekoa. Mugimendu inkontziente horrek badu osagai funtzional bat -hortz-haginak ahokatzeko moduan berezitasunen bat dagoelako sortzen da- eta badu osagai emozional bat ere, zeren estres handia duten pertsonek joera izaten baitute, oharkabean, hortz-haginak estutzeko. Ondorioa bistakoa izaten da: gainkarga sortzen du murtxikatzeko sisteman, eta denborarekin, higatu egiten du hortzeria eta uzkurdurak edo kontrakturak eragiten ditu inguruko muskuluetan. Horren ondorioz, oinazea agertzen da barailaren edo masailezurraren inguruan eta artikulazio tenporomandibularrean (ATM), zeina belarrien ondoan baitago eta garunarekin lotzen baitu behe-baraila. Arrazoi horrexegatik, belarriak inguratzen dituen eremuan edo buruan mina sumatzen bada, baliteke arazo horrek eragina izatea.

Kalkuluek diotenez, pertsonen % 70ek hortz-haginak estutzen dituzte beren bizitzako boladaren batean

Ikuspegi funtzionaletik, aurpegiko malformazio batek sortzen du bruxismoa, edo hortz-haginak gaizki ixtearen ondorio izan daiteke bestela; hau da, goiko hortz-lerroko pieza guztiak eta beheko lerrokoak bete-betean ahokatu behar lukete, guztiek aldi berean, kremailera edo itxigailu bat balitz bezala. Baina hortz edo hagin bat gaizki kokatua dagoenean, adituek dioten moduan, "behar baino lehenago ukitzen ditu besteak", eta, ondorioz, hortzeriak egokitu egin behar izaten du eta baraila edo masailezurra kokapen anomalo batera mugitzen da. Bizkarra okertuta ibiltzea bezala da. Muskuluak uzkurtu egiten dira, eta mina ematen du.

Azken bi urteetan, sistema sozio-ekonomikoa asko okertu da; horrek nahasmendu emozionalak ekarri dizkio jendeari, eta gorabehera horiek eragin nabarmena izaten dute bruxismoa deitu dugun osasun-arazo horretan. Hortzeria gaizki kokatuta duenak, horrez gain, lana galtzearen ondoeza jasaten badu, zailtasun ekonomikoen kezka edo laneko estresa, hortzak estutzera jotzen du, eta ohitu egiten da, harik eta lehen sintomak agertzen diren arte. Bruxismoa, izan ere, masailezurretan pilatzen den oldarkortasuna, errabia eta tentsioak bideratzeko modu bat da.

Gero eta arazo hedatuagoa

  Kalkuluek diotenez, pertsonen % 70ek hortz-haginak estutzen dituzte beren bizitzako boladaren batean. Dena den, horietako % 50ek izaten dute benetako arazoa, halaxe adierazi du Javier Mareque Bueno kirurgialari maxilofazialak, medikuntzako hainbat txosten eta idazki aztertu ondoren (Teknon Zentro Medikuan egiten du lan, eta UIC Kataluniako Nazioarteko Kirurgia eta Inplantologia Unibertsitatean ere aritzen da irakasle). Ohikoagoa izaten da emakumeengan agertzea, 30 eta 50 urte artekoetan, bereziki, eta maizen ere horiek pairatzen dituzte halako estualdiak. Hauxe izango litzateke kaltetuaren argazkia: emakumea, 40 urte ingurukoa, zeina estres handiarekin bizi baita, kosta egiten zaiolako bateratzea ama eta langile gisa dituen zereginak.

Beste gizatalde batzuek ere, beren ezaugarri fisikoak direla medio, joera handiagoa izaten dute bruxismoa edukitzeko. Hor daude, esaterako, Down sindromea daukatenak eta eritasun neurologikoak dituztenak. Gerta daiteke, muskuluak kontrolatzeaz arduratzen den nerbio-sistemak eraginda, tonu muskular handiagoa edukitzea gorputzeko zenbait zatitan, eta horrek kalte egitea murtxikatzeko aparatuari. Haurrei ere eragiten die bruxismoak, baina ez du zerikusirik helduek izan dezaketenarekin. Haurrik txikienetan, esneko hortzak dauzkaten garaian, nahasmendu igarokorra izaten da, handiagoa batzuentzat eta txikiagoa besteentzat, eta hortz-haginak aldatzen zaizkienean eta behin betikoak irteten, egonkortu egiten zaie ahoa ixteko modua, eta utzi egiten diote estutzeari.

Sintoma salatzaileak

  Zein unetatik aurrera sumatzen du batek medikutara joan beharko lukeela? Hauxe izaten da arazoaren lehen aztarna: goizean esnatu eta gainkarga sumatzea murtxikatze-muskuluetan, hau da, masailezurra edo baraila mugitzen duten muskuluetan eta belarriaren inguruko eremuan. Min horrek adierazten du gau osoa hortz-haginak estutzen aritu dela. Zenbait pertsonak buruko mina izaten dute, eta neurologoarengana joaten dira; hark esaten die ez dela ohiko buruko mina, eta espezialistarengana bidaltzen ditu. Beste batzuetan, dentistak ematen du arazoaren berri. Ahoa aztertzen ari dela, ohar daiteke bezeroak higatuta dituela hortz-haginak, eta hozkatuta duela mingain ertza, lerro zuria esaten zaion hori (hortzak eta mingaina elkar marruskatuz egon direlako gertatzen da hori, eta maskur bat sortzen da hortz-oietan).

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto