Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Teknologia Berriak

Λ

Konpentsazio-kanona: kopiatzeko eskubidea ordaindu behar

60ko hamarkadan sortu zuten, musika-lanen egileek ordain bat izan zezaten, eta indar berriz eta berrituta agertu zaigu aro digitalean

  Ameriketako Estatu Batuetan ez daukate eskubiderik jabego intelektuala duten lanei kopia pribatua egiteko. Aldiz, Europako herrialde gehienetan, bada eskubide hori. "Kopia pribatua egiteko eskubidea" esaten zaio, eta hauxe da, funtsean: obra bat bere ohiko formatutik atera eta bestelako batean erregistratzea, baina horrekin dirua irabazteko asmorik gabe, betiere. Jabego Intelektualaren Legea berritu zen arte, legezkoa zen binilozko disko bat kasete batean grabatzea edo liburu baten orriei fotokopiak egitea, baldin eta erabilera pribatua ematen bazitzaion eta jatorrizko lana modu zilegizkoan eskuratu bazen. Hori bai, grabatzeko erabili nahi zen diskoak edo kopiatu nahi zen liburuak kopiatzailearena izan beharra zuen.

Kanonaren jatorria

60 eta 70eko urteetan, erruz ugaritu ziren kasete erabiligabeak, eta oso zaila gertatzen zen kopien jatorria kontrolatzea eta, beraz, legezko ote ziren jakitea. Gainera, legezko zen edo ez erabakitzeko jatorrizko lanaren jabetza erabiltzea, nahiko auzi eztabaidagarria izaten zen. Inori ezin zaio galarazi liburuak eta diskoak beste norbaiti oparitu edo uztea, eta, era berean, ez da zilegi lan horiekin norberak zer egiten duen kontrolatzen saiatzea, norbanakoen intimitateari eraso gabe.

Baina nolabaiteko ordaina eman behar zitzaion obra baten egileari, baldin eta berdinduko eta osatuko bazuen kopia pribatuen zabalkundeak sortzen zion galera ekonomikoa. Musikari bat oso ospetsu bihur zitekeen, haren zaleek diskoak zintetan grabatzen bazituzten. Baina, jakina, disko horiek dendan erosi ezean, negozioak ezin zuen iraun.

Arazo horri irtenbidea ematen saiatzeko, konpentsazio-kanona sortu zuten Europan. Beste gauza asko bezala, hori ere aski berandu iritsi zen Espainiako Estatura: lehen aldiz, Jabego Intelektualaren 1987ko Legean jaso zuten, eta 1996. urtetik aurrera hasi ziren ezartzen. Ameriketako Estatu Batuetan, aldiz, galarazi egin zuten kopia pribatuak egiteko eskubidea, eta, ondorioz, ez zuten izan kanona finkatzeko beharrik. Jabego Intelektuala duen obraren bati kopia ateratzen badiote, isunak jartzen dituzte, eta espetxera ere bidaltzen dute jendea.

Nola funtzionatzen du kanonak?

  Kanona gainordain bat da (ohiko prezioari ezartzen zaion gehigarria), eta kopia pribatuak egiteko erabiltzen diren zenbait objekturi ezartzen zaie. Bere garaian, kaseteek bazuten gehigarri hori; kontsumo-kate guztia harrapatzen zuen, eta egile-eskubideak kudeatzen zituzten erakundeek jasotzen zuten dirua. Erakunde horiek, beren bazkideen artean banatzen zuten bildutakoa. Merkatuan disko optiko erabiligabeak agertu zirelarik (CDa, DVDa...) eta disko gogorrak ere bai, moldatu egin zuten kanona, formatu berri horiek ere aintzat har zitzan. 2003. urtean onartu zuten lege hori, eta orduan hasi ziren lehen eztabaidak.

Formatu arazotsuak

Euskarri digitalek erregistro ugari gordetzeko ahalmena dute, eta formatu askori egokitzen zaizkie. Hain zuzen, bi ezaugarri horiek eragin zuten eztabaidarik gehien. Kaseteek baino ehun edo are mila aldiz leku gehiago daukate kopiak gordetzeko, eta hori hala izanik, nola neurtu behar litzateke horiei dagokien kanona? Mila aldiz handiagoa behar luke kanonak ere?

Eta, batez ere, nola jakin liteke disko digital batean grabatu denak badituen edo ez egile-eskubideak? Kaseteen aldean, disko digital horiek erabilera-esparru zabala eta askotarikoa daukate: adibidez, epaitegietan erabiltzen dituzte epaiketak DVDn grabatzeko, eta datuak kudeatzen dituzten enpresek ere, euskarri optiko eta digitaletan gordetzen dituzte datu horiek. Beren datuak gordetzen dituzte disko horietan, ez kopia pribatuak, eta, beraz, diru dezente ordaindu beharko lukete hori egiteagatik.

Kopia pribatua zer den eta zer ez den bereizi ezinik, kopuru jakin bat ezarri zuten, grabazioak gehienez izan dezakeen iraupena kontuan hartuta, eta 2003. urtean, Egileen eta Editoreen Elkarte Nagusia (SGAE) kanona kobratzen hasi zitzaien euskarri digitalei, horien artean inolako bereizketarik egin gabe eta, gainera, atzerako eraginarekin (1999. urtean jarri zuten mugarria). Teorian, euskarria ekoizten zuenari kobratu behar zitzaion kanona, baina aski datu ez zegoenez, dendak eta banaketa-kateak egin zituzten erantzule solidario, eta haiei galdegin zieten dirua.

Eztabaida

Orduantxe agertu ziren kanonaren aurka egin nahi zuten erakundeak, bai ekoizleek osatuak, bai material informatikoa eskaintzen zuten dendek eta banatzaileek, eta bai erabiltzaileek. Inolako bereizkuntzarik egiten ez zuen kanona bertan behera uzteko eskatzen zuten, guztiei iruditzen baitzitzaien kalte bidegabea egiten ziela, eta plataforma batean biltzea erabaki zuten: Todoscontraelcanon izena eman zioten ('Denok kanonaren aurka'). Kaltetuetako batzuek auzitara eraman dituzte erakunde kudeatzaileak, kanonari atzerako eragina ezartzeagatik, eta legea bera ere epaitegietan salatu dute, horien iritziz ez duelako bereizten zer den erabilera pribaturako kopiak egitea jabego-eskubideak dituzten obrei, eta zer den lanerako materiala, obra intelektualen jabeei inolako kalterik eta galerarik ekartzen ez diena.

Bartzelonako informatika-denda bat gogor tematu da gai horrekin, eta Europako Batasuneko goi auzitegiraino iritsi da auzia, erakunde horri aholku eskatu baitio Bartzelonako auzitegi batek. Iazko urrian erantzun zuen Europako Justizia Auzitegiak, eta haren epaiak dioenez, Espainian modu diskriminatzaile eta bidegabean ezartzen dute kanona pertsona juridikoentzat.

Bartzelonako auzitegiak bere egiten badu Europatik etorri den epaia, legez kontrako joko du informatika-dendei eta profesionalei ezartzen zaien kanona, eta, ondorioz, legea aldatu beharko dute, pertsona juridikoei kalterik egin ez diezaien. Kalkuluen arabera, 90 milioi euro inguru bildu dituzte azken urteetan kanon horrekin, baina ez dago batere argi kaltetuek izango ote duten modurik lehen ordaindu dutena eskatu eta eskuratzeko.

Partikularrei edo norbanakoei dagokienez, ordea, Europako auzitegiak ontzat jo du kanona, ziurtzat ematen baitu nagusiki kopia pribatuak egiteko erabiliko dituztela euskarri digitalak, eta beharrezko iruditzen zaio autoreei ordaina ematea, horrek sortzen dizkien galerengatik. Formatua dena delakoa izanda ere (CDa, DVDa, MP3a edo telefono mugikorra), goi auzitegiak azpimarratu duenez, egile-eskubideak dituzten lanak gailu horien bidez transmititzeak galera handiak ekartzen dizkie lan horien jabeei.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto