Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Fernando Chacon Fuertes, Psikologoen Madrilgo Elkargo Ofizialeko dekanoa: "Boluntario izatea ez da musu truk lan egitea"

 Birakaria izaten da borondatezko lanaren atea. Urtero ehunka lagunek egiten dute barrura, baina, ate horretatik bertatik, beste hainbestek jotzen dute kanpora. Herritarrek elkar laguntzea funtsezkoa da, nahiz eta zenbaitek hilabete batzuez baino ez duten ematen laguntza hori. Psikologoen Madrilgo Elkargo Ofizialeko dekano eta Unibertsitate Complutenseko irakaslea da Fernando Chacon Fuertes, eta hark dioenez, arrazoi bat baino gehiago daude jendea boluntario hasteko, "eta guztiak dira zilegi". Fenomeno hori ikertzen ari direnen artean, itzal handiena duenetako da bera. 1985. urtean bukatu zuen tesia, Altruismo y conducta de ayuda (Altruismoa eta laguntza-jarrerak), eta ordudanik, etenik gabe ikertzen aritu da zer arrazoik bultzatzen duten pertsona bat boluntario izatera edo zeregin hori uztera. Esperientzia handiaren jabe da, eta horrexegatik hautatu zuten bera M-11ko atentatuan hil zituztenen senitartekoei laguntza emango zien taldearen koordinatzaile, eta halaxe egin zuten Barajasko hegazkin-istripua gertatu zenean ere. Guztiz sinetsita dago pertsonen arteko laguntza beharrezko izango dela beti, baina azpimarratzen du ezingo zaiola horri eutsi, baldin eta tartean ez badago pozbiderik, konpromisorik eta identitaterik, "lanean edo harreman pertsonal batean bezalaxe".

Urte berriarekin, boluntario berriak?

Bai, hori izaten da ohiko helburua. Oro har, sozialki ona den guztia nahi izaten da urte berrirako.

Gizarte-kontzientziarekin zer gertatu da: modan dago, edo handitzen ari da? EROSKI CONSUMERek urtero berritzen du GKEen Gida, eta hor ikusten denez, boluntario kopuruak gora egiten du urtetik urtera.

Bietatik ere badago. 90eko hamarkadaren inguruan, boluntario izatea ez zen baloratzen eta ez zegoen modan, baina handik aurrera boom bat gertatu zen, eta boladan egon zen urte askoz. Joera hori apaldu da, agian, baina jendeak oraindik ere izena ematen du boluntariotza-programetan, gero eta gizarte-kontzientzia handiagoa dagoelako eta etsipen puntu bat ere bai beste parte-hartze modu batzuekin.

Boluntario mota bat baino gehiago daude?

Bistan dena. Lehen ezaugarria intentsitatea izaten da, baina boluntzariotza motak ere bereizten dira. Badira noizbehinkako jarduerak eta badira epe luzekoak, eta esparruak ere bat baino gehiago dira: gizarte-laguntza, ekologia, osasun-erakundeak, gizarte-babesa... Eta esparruaren arabera ere, aldatu egiten dira soslaia eta zereginak.

Eta iraupena izaten da arazorik handiena ia kasu guztietan, ezta? Konpromisoek beldurtzen ote gaituzte?

Bizitzako asmo guztiekin gertatzen zaigu hori bera. Hasierako motibazioak bi eta hiru hilabete artean irauten du, eta hortik aurrera, utzikeria pixka bat agertzen da, gimnasiora joateari uzten zaionean bezala. Boluntarioetan, hiru eta sei hilabete arteko epean uzten dute gehienek. Datu batzuek esaten dutenez, urtebete igarota, boluntarioen % 50ek soilik jarraitzen dute.

Zein da arrazoia?

Unibertsitate Complutensean daukagun ikerketa taldeak eredu bat landu du, eta hiru fasetan banatzen du boluntariotza. Lehenengoak sei hilabete inguru irauten du, eta alderdi onak baino ez dira ikusten; aldi horretan, norbera asetzea izaten da funtsezkoa. Bigarren faseak seigarren hilabetetik urtebeterako tartea hartzen du, eta hor konpromisoa izaten da elementurik funtsezkoena. Hirugarren fasean, urtebetetik aurrerakoan, autokontzeptuaren zati izaten da boluntario aritzea, nortasunaren zati.

Zer egin dezake erakunde batek boluntarioei epe luzean eusteko?

Gauza asko egin ditzake. Boluntarioek motibazio askotarikoak izaten dituzte, bai besteei begira -baliagarri izatea, gizartea hobetzea- edo norberari begira -esperientzia hartzea, gizarte-harremanak indartzea-. Guztiak dira zilegi, baina erakunde batek jakin behar zu zer boluntario mota nahi dituen. Urte batzuk iraungo duen programa bat landu nahi badu eta garrantzitsua bada pertsonen arteko harremana ez etetea, jarraituko duten boluntarioak beharko ditu. Arrazoi altruistekin datorren jendeak irauten du gehien, eurek ere zerbait jasotzen dutela aitortzen duen jendeak.

"M-11k ekarri zuen munduan egin den psikologia esku-hartzerik handiena"

Beti musu truk.

Soldata faktore higienikoa da, baina ez du motibatzen. Erakundearekin norberak sentitzen duen konpromisoa da garrantzitsua, boluntarioak ikustea aitortzen dutela haren lana, eskerrak emateko gutun bat bidali diotela edo boluntariotza saileko arduradunak deitu diola... eta erakunde handiei ahaztu egiten zaie hori egitea. Guztiok maite dugu gure lana aitor dezaten. Pertsona batek bere denbora eta ahalegina eskaintzen badu, gutxien-gutxienik, hura pozik senti dadin lortu behar dugu, zeren, gainera, hobeki egingo baitu bere lana, eta luzaroago.

Baina krisi garaian eska ote dakioke jendeari musu truk lan egin dezala?

Boluntario izatea ez da musu truk lan egitea. Bereizi egin behar da borondatezko lana eta lan ordaindua. Gure lanbidearekin zerikusirik ez duen esparru batean laguntzen ari bagara, inork ez dugu pentsatzen lanpostu batean gaudenik. Arazoa izaten da norbere lanbidean boluntario aritu beharra. Araua jarri behar litzateke, oso argi, eta horren arabera erabaki zenbat ordu eskain daitezkeen; muga batzuk jarri behar litzaizkioke laneko inplikazio borondatezkoari, bestela gerta daiteke lanpostu bat kentzea.

Posible da motibazio gutxi duten boluntarioak erakartzea?

Boluntario batzuk hasten dira asmo handirik gabe, lagun bat erakunderen batean aritzen delako edo norbaitek eskatu dielako. Baina halakoetan ere bada arrazoi edo motibo bat, uste izatekoa baita hori eskatu dien pertsona garrantzitsua dela haientzat.

Aurreikus liteke zeinek utziko duen lehenago?

Psikologian ezin dira egin % 100eko aurreikuspenak, baina jakin liteke zeinek daukan probabilitate gehiago luzaroago irauteko. Berezko motibazioak eta kanpotik hartuak konbinatzen dituenak, gehiago irauten du.

Lagungarria izaten da norbera pertsona hobea sentitzea?

Horixe da, hain zuzen, arriskurik handienetakoa. Pertsona batzuek salbatu egin nahi zaituzte, zuk hala nahi izan edo ez. Baina boluntarioak beti errespetatu behar du laguntzen duen haren erabakia. Saia daitezke konbentzitzen, gauzaren bat egitea ona izango dela iruditzen bazaie, iradoki dezakete, baina sekula ezin dute erabaki haien ordez.

Nolabait esateko, heroitzat hartzen dute beren burua?

Batzuek bai, eta berriz esango dut: oso arriskutsuak dira, zeren eurek behar dutelako egiten baitira boluntario. Ongi sentitzeko beharra daukate, eta hori hartzen dute, babesteko edo bakarrik ez egoteko.

Boluntariotzan lagunak egiten dira?

Bai, eta horrexegatik, zenbait pertsona bakarrik sentitzen direnean edo sentimendu txarrak dituztenean, antsietatea adibidez, boluntario lanetan hasten dira horiek gainditzeko. Motibazio berekoia da, eta, sarri askotan, eurak ere ez dira ohartzen.

Nola jakin liteke bakoitzak zer motibazio dituen?

  Zenbait galdetegik neurtzen dute boluntarioen motibazioak zein diren, baina nik gomendatuko nuke, erakunde batek boluntarioak hartu nahi dituenean, aurrez aurreko elkarrizketa bat egin dezatela. Agian gogorra izango da boluntario bati ezetz esatea, baina hori da modu bat jakiteko ea egiaz hala izan nahi duen edo ez. M-11ko atentatuen ondotik, jada psikologo beharrik ez genuenean ongi hornituta geundelako, horixe kosta zitzaigun gehien, jendeari ikusaraztea ez genuela behar haien laguntzarik. Batzuk asko haserretu ziren laguntza ematen utzi ez genielako.

M-11ko eta Barajasko ezbeharren ondoren, zu aritu ziren koordinatzen biktimen senideei laguntza psikologikoa emango zien psikologo taldea. Nola prestatzen dira boluntarioak egoera horiei aurre egiteko?

1996. urtean Biescasko kanpina uholde batek suntsitu zuenetik, bageneukan larrialdiei erantzuteko prestatua zegoen psikologo talde bat, eta prestakuntza ikastaro batzuk ere egin ziren. M-11ko atentatuen ondoren esku hartu zuten lehen psikologoak talde horretakoak ziren, baina ia 900 psikologoren beharra izan genuen, eta beste asko ez zeuden horretarako berariaz prestatuta. Hondamendietan esperientzia zeukatenei eman genien lehentasuna, edo psikologia klinikoan arituak zirenei, behintzat, krisi egoeran egondako jendearekin eta.

Jende hori bera aritu zen Barajasko istripuaren ondotik?

Boluntario batzuek bi kasuetan jardun zuten, baina bigarren aldi horretan gutxiagoren beharra izan zen, eta denek zeukaten prestakuntza hondamendiei erantzuteko. M-11k ekarri zuen munduan egin den psikologia esku-hartzerik handiena, zeren I-11ko atentatuetan ez baitzen geratu hilotzik, eta familiek etxean itxaroten zuten. Eredu anglosaxoiarekin alderatuta, Espainian bestela jokatu dugu: guk pertsona dagoen lekura bertara eraman dugu esku-hartze psikologikoa, eta hango eredua, berriz, itxaroteari lotuta dago: telefono bat ematen dute, eta ordu jakin batean deitzeko esaten dute.

Boluntario guztiek eduki behar dituzte psikologiako nozio edo ideia batzuk?

Pertsonekin lan egiten duten guztiek, izan boluntario edo izan profesional, psikologiako nozioak eduki behar dituzte euren prestakuntzan.

Psikologoak dira, beraz, boluntariorik egokienak?

Ezta gutxiagorik ere. Sarri askotan, laguntza ematen zaion pertsona horrek maitasuna nahi izaten du, goxotasuna, konpainia, baina psikologiak laguntzen du hanka-sartzerik ez egiten. Psikologo batek hori baldin badaki, baina ez badaki goxotasunik ematen, okerrago izan liteke agian.

Boluntario izan nahi dut. Ezaugarri berezi edo jakin batzuk eduki behar ditut?

Nik gomendatuko nuke norberak bere buruari begira diezaiola, jakiteko ea pertsonei lagundu nahi diegun, ea boluntariotza berez den helburu edo beste zerbait lortzeko bitarteko den.

Batzuetan lagungarria izaten da beldurrak gainditzeko. Zuk esango zenioke hipokondriako bati joan dadila gaixoak laguntzera?

Ez nuke sekula egingo. Boluntariotzak sekula ez du izan behar pertsonentzako tratamendu, baina oso maiz egiten da huts hori. Boluntariotzaren helburua izaten da laguntza ematen zaien pertsonen bizi-kalitatea hobetzea; horrek ez du esan nahi ez dezakeela balio tratamendu gisa batzuetan, baina hori ezin da izan helburua.

Hainbat topiko daude boluntarioen inguruan: gazteak dira, suharrak, konprometituak...

Bai, hala da, eta estereotipo asko, gainera, ez dira betetzen. Etxekoandre asko ari dira boluntariotzan, adineko pertsonak...

Gehiegizko motibazioa arriskutsua da edo guztiz beharrezkoa gaixoekin lan egin behar denean, edo ezintasun handiak dituztenekin edo gabezia ekonomikoak dituztenekin?

Nik, motibazioa kendu eta inplikazioa jarriko nuke haren lekuan, eta gehiegizko inplikazioa, bai, arriskutsua izan daiteke zenbaitetan. Gehiegizko inplikazioa saihestea zera litzateke, burnout-a saihestea.

Nola eragiten dio faktore horrek boluntariotzari?

Boluntariotzan burnout sindrome gehien eragiten duen zeregina, hilurren dauden haurrekin aritzea izaten da. Hori da gogorrena, lotura afektibo bat sortu behar izaten delako, baina, behin hori sortuta, galeraren minak eta berriz ere lanari lotu beharrak erre egiten du jende asko. Horrexegatik, zaindu egin behar dira boluntarioak, prestakuntza eman, atsedenaldiak edo adituen laguntza, egoera hori ez dadin oztopo izan aurrera jarraitzeko.

Zu boluntarioa zara edo inoiz izan zara?

Izan naiz, bai. Drogamenpekotasuna zeukatenak gizarteratzeko programa batean aritu nintzen.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto