Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Olentzero ere, ekologista!

Eguberriak modu ekologikoan ospatzeak lagundu egiten du ingurumena zaintzen, eta aukera ona da familiek dirua aurreztu dezaten

  Garaiotako iruditerian, Eguberriak eta oparotasuna lotu-lotuak agertzen zaizkigu, baina horrek ez du esan nahi xahutu eta xahutu aritu behar denik, beste deusi begiratu gabe. Kontsumo ekologikoari dagozkion arau eta jarraibide batzuk geure eginez gero, kalte txikiagoa egingo diogu ingurumenari, eta, gainera, diru dezente aurreztuko dugu.

Kontsumo ekologikoaren bidean urratsak egiteko (eta aurrezten hasteko), lehenik eta behin, saihestu egin behar dugu erosketak modu konpultsiboan egitea; egokiagoa da zerrenda bat idaztea, eta egiaz erabiliko ditugun produktuak soilik erostea. Eta erosketak egindakoan, ahal den guztietan, bazter utzi behar dira erabilera bakarrekoak diren plastikozko poltsak, edo horiei ere probetxu gehiago ateratzeko modua egin behar dugu, behin baino gehiagotan erabiliz. Bestalde, saltokietara joan-etorriak egiteko, hobe da garraio publikoa hartzea edo autoa beste norbaitekin partekatzea, eta ez nork bere ibilgailua hartzea. Hartara, gutxiago kutsatuko dugu.

Elikaduraren arloan, Eguberrietako otordu oparoak, sabelaren eta sakelaren kaltez ez ezik, ingurumenaren aurkako ere izan daitezke. Ekologistak Martxan erakundeak adierazi duenez, data horietan, zaborretara joaten dira prestatu diren jakien % 40, eta egunean 2 kilo zabor sortzen dira (jakiak biltzeko ontziak eta plastikoak izaten dira erdiak). Ingurumenaren gaineko eragina apaltzeko eta dirua aurrezteko, hobe da produktu freskoak eta sasoikoak erostea.

Opari ekologikoak haur eta helduentzat

  Haurrentzat izaten dira Eguberrietako oparirik gehien-gehienak. Jostailu Ekoizleen Espainiako Elkarteak (AEFJ) egindako kalkuluen arabera, urte osoan saltzen diren jostailuen % 75 garai horretan saltzen dira. Aukera ona izan liteke, beraz, jostailu ekologikoen alde egiteko; ingurumena errespetatuz ekoizten dituzte, eta balio hezigarriz beteta egoten dira.

Hala ere, azkenik ohiko jostailu bat erostea erabakitzen badugu, saiatu behar genuke haurraren sormena suspertuko duen jostailua izan dadila, eta balio sexistarik, gerrazalerik edo diskriminatzailerik ez duena. Ingurumenaren gaineko eragina gutxitzeko, berriz, honako aholku hauei jarraitzea komeni da: tokiko produktuak hautatu, bilgarri asko-asko behar ez dutenak, pilarik gabe dabiltzanak eta material ez-kutsatzailearekin eta birzikla daitekeenarekin eginak daudenak. Ez da ahaztu behar aski opari ederrak izaten direla irudimena, maitasuna eta beste haurren eta helduen hurbiltasuna, eta haurrek beti eskertzen dituztela.

Helduentzat ere, gero eta produktu ekologiko gehiago ari da agertzen merkatuan. Jateko kontuetan, adibidez, elikagai ekologiko mordoa aurki liteke egun, baita delicatessen sailekoak ere mokofinenentzat. Bidaiatzea maite dutenek, berriz, hortxe dute ekoturismoaren aukera, non hainbat eta hainbat landa-etxeren eta hotel ekologikoren artean hautatu ahalko duten. Oparia bi gurpilen gainean etor dadin nahi dutenek, beti-betiko bizikletak ez ezik, motozikleta ekologikoak ere eskura dituzte orain, eta bizikleta tolesgarriak edo elektrikoak ere bai; eta etxea arnasberritu nahian dabiltzanek, era guztietako osagarri eta altzari ekologikoekin egin dezake.

Arropa eta jantziei lotutako osagarriak oparitzea ere ohikoa izaten da, eta horietan ere badira ekologikoak. Ekoarropa esaten zaiona, bai produktu natural eta iraunkorrekin egina bai birziklatua, denda espezializatuetan eros liteke, edo Bidezko Merkataritzan aritzen direnetan. Lurrin eta kosmetiko ekologikoen ekoizleek ere aukera sorta polita eskaintzen dute, elementu eta esentzia naturalekin eginak, ez-toxikoak eta ingurumena zaintzen eta errespetatzen dutenak. Osagarriak ere izan daitezke ekologikoak, eta, zenbaitetan, baita deigarriak eta originalak ere.

Teknologiazaleentzat, hainbat produktu daude merkatuan birzikla daitezkeen materialak erabiltzen dituztenak, baita material birziklatuarekin eginak ere. Eraginkortasun energetiko handikoak izaten dira, eta, ondorioz, oso energia gutxi kontsumitzen dute. Etxean energia aurrezteko asmo sendoa daukatenentzat, opari ona izan daiteke kontagailu adimendun bat, zeinak une oroz jakinarazten baitu zenbat argindar kontsumitzen ari garen.

Bilgarri asko-asko behar ez duten opariak edo pilarik gabe dabiltzanak oparitzeak ingurumenaren gaineko eragina gutxitzen du

Gero eta produktu gehiagok dakartzate eguzki-panelak instalatuta, beren burua energiaz hornitzeko: irratiak, bizkar-zorroak, tresna elektrikoen kargagailuak... Erabilgarria izan daiteke, adibidez, USB konexio bidez kargatzen diren pilak oparitzea. Naturaren edo ingurumenaren gaia lantzen duten liburuak eta filmak ere badaude, nola ez, gai asko eta gaurkotasun handikoak lantzen dituztenak, klima-aldaketa, adibidez, eta horrez gain, harpidetza bat oparitzea ere aski egokia izan daiteke (argitalpen bat jasotzeko edo elkarte ekologiko batean partaide izateko).

Maskota bat oparitzeko aukera ere azter liteke, baina erantzukizun handiagoa eskatzen du horrek. El Refugio erakundeak dioenez (animaliak babesteko lana egiten du), Eguberrietan 250.000 animalia baino gehiago oparitzeko aukera dago Espainian.

Eguberrietako sinboloak

Eguberrietako zuhaitza nolakoa komonei da, naturala edo artifiziala? Biek ala biek dauzkate alde onak eta txarrak ingurumenarentzat. Dena den, erantzukizunez jokatzen badugu, nabarmen gutxituko dugu horien eragina. Zuhaitz naturala hautatuz gero, sustraiekin eta lur-oinarri egokiarekin eskuratzea komeni da, ureztatu egin behar da eta berogailutik urrun eduki, bizirik iraun dezan harik eta biltzeko gunera eramaten dugun arte festak igaro ondoan. Zuhaitz artifizialak, berriz, kalitate onekoa bada eta ingurumena errespetatzen duten materialez egina, urte askoko bizia izan dezake.

Apaingarriei dagokienez, etxean bertan egitea izan daiteke aukera bat, material birziklatuak erabiliz. Haurrekin jolasteko modu polita izan daiteke, eta ingurumena babesteko pizgarri ona ere bai.

Eguberrietako argiak dosifikatzeko, tenporizagailuak erabil daitezke eta kontsumo gutxiko lanparak. Zorion-txartelak prestatzerakoan, berriz, betiko eran bidali nahi dituztenek, material birziklatuekin egin ditzakete, aski sendotasun edukiko dutenekin, eta Internet erabiltzen dutenek, posta elektronikoaren bidez edo txartel birtualen bidez zoriondu dezakete jendea.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto