Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

^

Arantza de Domingo. Psikologoa, haur eta nerabeetan espezializatua: "Seme-alabek maitatuko gaituzte mugak jarriagatik ere"

 Eguberrietakoa garai berezia da familian bizitzeko: neba-arrebek, lehengusu-lehengusinek, aitona-amonek eta osaba-izebek denbora gehiago izaten dute elkarrekin egoteko, eta ospakizunek eta opariek betetzen dituzte haurren eta nagusien ilusioak, neurri handian. Garai ona izaten da, halaber, bidean geldialdia egin eta ondorioak ateratzeko: adibidez, seme-alaba txikiekin eta nerabeekin zer moduz moldatu garen eta harremana nola hobetu dezakegun pentsatu eta hausnartzeko. Arantza de Domingo psikologoa haur eta nerabeetan espezializatua dago, eta aholkulari aritzen da Infojuego kanpainan, jostailuak erosten laguntzeko informazioa emanez eta. Haren esanetan, haurren nortasuna ez da erabat finkatzen nerabezaroa pasatu arte. Garrantzitsua iruditzen zaio mugak jartzea, teknologia berriak modu egokian erabiltzea, eta beharrezko, berriz, haurrek eta nerabeek bere garaian ikas dezatela gauzak egiten. Horra elkarrizketa honetan aletzen dituen zenbait ideia.

Badatoz Eguberriak. Familiarekin egoteko garaia dela oroitarazten digu horrek, baina zer gertatzen da urtean zehar, gainerako egunetan?

Eguberrietakoa une berezia da, baina deusetarako ez du balio aste horietan saiatzeak, baldin eta denboran ez badiogu jarraikortasunik ematen seme-alabekin egiten dugun lanari. Gauza guztietarako denbora egon behar du: etxeko lanak egiteko eta, nola ez, jolasteko. Jolasa oso jarduera garrantzitsua da haurrarentzat.

Opari garaia ere izaten da: badago edo ez dago jostailu sexistarik? Zenbaitek erlatibizatu egiten du gai horren garrantzia.

Jostailu pila bat uzten badugu nesken eta mutilen eskura, neskek jostailu mota batzuk hartuko dituzte, panpinak eta halakoak, eta horiekin, adibidez, ama izatera jolastuko dira, eta mutilak, berriz, autoen edo ezpaten bila joango dira. Joera hori, hein batean, ikasia da, baina bada aurretik datorren beste oinarri bat ere, senezkoa. Nesken eta mutilen arteko berdintasuna, eskubideen arloan edo legearen aurrean, hori gauza bat da. Bilakaerari dagokionez, batzuk eta besteak desberdinak dira, eta eurek ere halaxe ikusten dute beren burua ispiluaren aurrean.

Eta zer gertatzen da haur batek marka jakineko produktu bat eskatzen duenean behin eta berriz, baina harentzat desegokia bada edo gurasoek erosterik ez badute?

Ez da deus ere gertatzen egia garbi esateagatik: etxean ez dela dirurik hori erosteko. Ikusarazi behar zaio zoriontasuna ez dela lortzen opariak erosiz, zorionarekin ezin dela trafikatu. Baina, jakina, haurrak ikusten badu gurasoek ez dutela eredu hori ematen, askoz zailagoa izango da.

Garai batetik hona, aldatzen ari da jolasteko era: bideo-jokoak, kontsolak, ordenagailuak, mugikorrak... Zer aholku emango zenieke gurasoei, ikusita haurrak askoz hobeki moldatzen direla mundu horretan gurasoak eurak baino?

Beldurra kendu behar zaio teknologiari. Gauza ona da. Bideo-jokoa, jolaserako tresna da, eta neurrian erabilita, ez du zertan arazorik ekarri. Eta lagundu ere egin dezake gurasoekin harreman bat sortzen: kirolik edo bestelako jarduerarik egiten ez duten gurasoak, adibidez, kontsolan edo ordenagailuan jolas daitezke seme-alabekin. Bideo-jokoak ez du aldatzen pertsona.

Baina teknologia berriek zer pentsatua sortzen diete gurasoei: hainbat albiste entzuten dituzte ziberjazarpenari buruz, kezkatu egiten dira sexu-edukiak dituzten Interneteko orriak direla eta...

Seme-alabei ezin zaie eman gehiegizko babesa, txarra izango litzatekeelako haiek teknologia berrietatik bakartzea edo isolatzea. Badira taktika errazak halako arazoak saihesteko, nerabeen intimitatean sartu gabe.

Zergatik babesten dute hainbeste beren intimitatea?

  Nerabezaroa funtsezko aroa da izaera finkatzeko garaian. Bigarren aukera da, bigarrena eta azkena, izaera eraikitzeko, eta, beraz, horrek markatzen du gure seme-alabak nolakoak izango diren handitan. Normala da pixka bat errebelde jokatzea eta gurasoen irudiari atxikitasunik ez agertzea. Gurasoek ulertu behar dute guztiz naturala dela hori, eta ez duela esan nahi seme-alabek ez dituztela maite. Lagunekin bilatzen dute gizartekoitasuna edo soziabilitatea, eta gaur egun, baita gizarte-sareen bidez ere.

Nola jakin nerabe errebelde horrek muga gainditu duen edo ez?

Sufrimendua da hori jakiteko adierazlea. Haur bat edo nerabe bat sufritzen ari dela ohartzen bagara, hor esku hartu behar da. Egoera hitzez adieraztea da kontua, zeren, hala egin ezean, beste nonbaitetik aterako baita sufrimendua. Une horietan kezkatu egin behar da, eta adituen esku jarri irtenbideak bilatzen saiatzeko.

Eta zer egin gurasoek eurek jokatzen dutenean nerabe gisa?

Aitak eta amak ulertu behar dute seme-alabak ez daudela beren maila berean eta arrazoizko hierarkia bat ona dela. Gurasoek edo irakasleek lagun gisa jokatzea ez da ona, eta, gainera, funtsean, seme-alabek ez diete eskertuko. Batzuetan ikusten dugu zenbait tokitan, zineman adibidez, edo jatetxe batean... inolako mugarik gabe jokatzen dutela haurrek, baita gurasoen aurrean ere, nahi duten guztia egiten uzten baitiete.

Baina, jokabide horiek ikasi egiten dira?

Izaerarekin eta jokaerarekin zerikusia duten gai guztietan, genetikoa izaten da zati bat, eta inguruari dagokiona beste bat: ikusten dugunetik ikasten dugu, gu geu garenetik abiatuta. Inguruari dagokin zatia da garrantzitsuena, eta horregatik daude kasu galduak. Pentsatzea geneen erruz direla gauzak diren bezala, ihes egiteko modu bat izan liteke hori. Askotan, seme-alabengan berregin nahi izaten dugu guri haurtzaroan gertatu zitzaigun hori. Gurasoek jabetu behar dute seme-alabak beste pertsona batzuk direla, eurak izan zirenetik bestelakoak.

"Haurrei ikusarazi behar zaie zoriontasuna ez dela lortzen opariak erosiz"

Gurasoak zenbaitetan saiatzen dira beren seme-alabek bete ditzaten eurek bete ezin izan zituzten ametsak...

Egia handia da hori. Guraso asko ahalegintzen dira beren seme-alabek eduki ditzaten eurek eduki ez zituzten ikasketak edo lanbidea. Gauzak ez dira behartu behar. Eta ez da ona izaten seme-alaba batzuk besteekin alderatzea: senideen artean lehia izatea, naturala da, baina gurasoek kontu handiarekin ibili behar dute; seme-alabek ikusi behar dute gurasoek inor ez dutela maite beste inor baino gehiago, edo bati ez diotela tratu hobea ematen besteei baino. Garrantzitsua da hori. Askotan, haurrei lagundu ahal izateko, familia osoarekin egin behar da lana, gurasoen fantasiak, jarrerak zein diren jakin...

Badirudi haurrak gero eta lehenago egiten direla heldu eta, aitzitik, gazteak gero eta denbora gehiago behar izaten dute etxetik joateko.

Gaur egungo haurrak ez dira lehenago heltzen, hori ez da egia. Gero eta lehenago hasten dira, hori bai, "helduen gauzak" egiten. Nork bere nahiak berehala asetzeko bulkada primarioa kontrolatzen ikastea da, hain zuzen, heltzen joatea, eta ikasketa-prozesu hori ekarri behar du nerabezaroak. Berehalako desira asetzen baino ez dakien hori, haurtxo bat bezain heldugabea da.

Gure semeak edo alabak erre egiten duela edo alkohola edaten duela jakingo bagenu, zer egin behar genuke?

Esku hartzea komeni izaten da eta arazoa hitzetara ekartzea. Baliteke beste arazo baten sintoma izatea. Gurasoek bilatu behar dute gaiari aurre egiteko modurik onena zein den. Alaba edo semea etxera iristen denean, goizaldean edo litroak edaten aritu ondoren, agian hori ez da unerik onena gauza horiei buruz hitz egiteko...

Haur bat noiz egoten da prest bizitzak dituen gauza txarren berri jakiteko?

Haur txikiek ez dakite oso argi zer den errealitatea. Ez dituzte bereizten egiazko bortizkeria eta film batean ager daitekeen gezurrezko bortizkeria, edo marrazki bizidunetan ageri dena, horietan ere badago eta. Baina ezinezkoa da burbuila batean sartu eta gauza guztietatik bakartzea edo gehiegi babestea. Haurra hazi ahala eta bilakaeran aurrera egin ahala, gurasoek beste gauza batzuk kontatu behar dizkiote, baina haur bakoitzak erritmo bat izango du horretan ere. Jakina, aukerarik txarrena beti izango da haurrak telebistaren aurrean uztea, kontrolik gabe.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto