Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Elikagaiak eta opariak erostera bideratuko dute aurrekontuaren % 90 inguru
Era askotako sentimenduak lotzen zaizkie Eguberriei. Bakea, maitasuna eta zoriona aipatzen ditu jende askok, baina 2008. urtetik hona, krisiak harrapatu du Eguberrietako espiritua ere. Egoera horrek eragin bortitza izan du familia askorengan, zenbaiti dezente murriztu zaie erosteko ahalmena, eta ohitura batzuk aldatu behar izan dituzte ondorioz. Testuinguru horretan, zer jarrera hartuko dute aurtengo Eguberrietan?
Hori jakin nahian, EROSKI CONSUMERek telefono bidezko inkesta egin die hainbat pertsonari, azaroko bigarren eta hirugarren asteetan; zehazki, 4.532 lagunek parte hartu dute, Espainiako 19 probintzia hauetakoak: A Coruña, Alacant, Araba, Asturias, Bartzelona, Bizkaia, Errioxa, Gipuzkoa, Granada, Kordoba, Las Palmas (Kanaria Handikoa), Madril, Malaga, Murtzia, Nafarroa, Sevilla, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza. Hainbat galdera egin dizkiogu inkestan parte hartu duen herritar bakoitzari, honako hauek, besteak beste: zenbat gastatuko duen Eguberrietan, krisiak nola eragingo dien erosketei, zer eratako produktuak hautatuko dituen eta zer saltoki motatan egingo dituen erosketak.
Ondorio nagusi batzuk ateratzen hasita, honako datu hauei erreparatu diegu: galderei erantzun dieten erdiek baino gehiagok uste dute iaztik hona ez dela askorik aldatuko Eguberrietan egingo duten gastua, nahiz eta % 27k aitortu duten, krisiaren eraginez besteak beste, 2009an baino gutxiago gastatu beharko dutela. Aldiz, inkestan parte hartu dutenen % 13k iazko Eguberrietan baino diru gehiago gastatuko dute aurtengoetan. Gutxi gorabeherako kopuru bat ere eman dute, eta gehien-gehienak, 200 eta 600 euroren inguruan ibiliko dira (elikagaietan eta oparietan joango omen zaie diru gehien). Zehazki, lautik batek 200 eta 400 euro artean gastatuko du, eta bostetik batek, 400 eta 600 euro artean.
Eta, nola gastatu asmo dute diru hori? Galdekatuen % 43k adierazi dute aldez aurretik egiten dituztela beti erosketak, eta horien arteko % 54, bi edo hiru aste lehenago joaten dira produktuak erostera, jende pilaketak saihesteko eta prezio hobeak aurkitzeko. Saltoki motari dagokionez, % 63k supermerkatuetan erosten dituzte elikagaiak, eta lautik batek, ohiko saltokietan. Opariak, berriz, saltoki handietan eskuratzen dituzte % 58k.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa