Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Nocturia: pixagurak lotatik esnatzen gaituenean

Gauez bi aldiz edo gehiagotan iratzartzen bagara pixa egitera, organismoan zerbait ongi ez dabilen seinale izaten da

  Nocturia daukatenentzat, ezinezko bihurtzen da gau osoa lo goxoan ematea. Traba eta eragozpen handia izaten da hori, eta loaren kalitateari ez ezik, bizi-kalitateari ere zuzen-zuzenean eragiten dio. Nocturiak, edo gauetan pixagalez esnatzea bi aldiz edo gehiagotan, gizonei erasaten die nagusiki: hamarretik zazpi gizonak izaten dira, eta hiru emakumeak, eta ohikoagoa izaten da adin handikoengan agertzea. Bartzelonako Teknom Zentro Medikuko Urodinamia Unitateak egindako kalkuluen arabera, 70 urteetatik aurrera, gizonen % 60k jasaten dute, eta 30 urtez azpikoetan, berriz, % 5ek baino gutxiagok. Gero eta jende gehiagok pairatzen duela ikusirik, metodo berri bat sortu dute diagnostiko zehatz eta fidagarria egiteko eta gaueko gaitz desatsegin hori sendabidean jartzeko.

Jarioa kontrola daiteke

  Zientzialariek arreta handiz erreparatu diote gaitz horri azken urteetan, arriskua ikusi baitute beste osasun-arazo batzuk sor daitezen: lo-nahasmenduak eta adinekoen erorikoak, besteak beste. Kontuan hartu behar da, izan ere, zeri deitzen dion nocturia Nazioarteko Kontinentzia Elkarteak (ICS): pixa egitera gutxienez bi aldiz jaikitzeari gauean. Pixagaleak esnatzen du gaixoa, eta egin beharrekoak eginda, lo hartzen du berriz ere. Bere borondatez esnatzen da, eta, beraz, ez du zerikusirik haur enuresiarekin eta gernu-jario edo inkontinentziarekin.

70 urteetatik aurrera, gizonen % 60k jasaten dute

Pertsona askok uste izaten dute gaitz saihestezina dela, zahartzaroak ekarri ohi duena, eta ez diote medikuari deus esaten. Baina, praktikan, 5-6 gaztetatik bat jaiki ohi da gauean pixa egitera bi aldiz baino gehiagotan (gizonak bezala emakumeak), eta zenbait ikerketak diotenez, emakume gazteek joera handiagoa dute nocturia jasateko. Zenbait egoera berezik ere laguntzen dute horretan, gainera: haurdunaldiak, adibidez.

Gaur egun, nocturia eragin dezaketen beste faktore batzuk ere aztergai dituzte zientzialariek. Illionis-en, Ameriketako Estatu Batuetan, Loyolako Unibertsitateko Zentro Medikuan egin duten ikerketa batek erakutsi duenez, haurtzaroan nocturia jasateak iragar dezake helduaroko nocturia. Tampereko Unibertsitateak (Finlandia) egin duen beste ikerketa batek, berriz (The Journal of Urology agerkarian argitaratu dute), lotu egin ditu gizentasuna eta nocturia jasateko arriskua, eta oraindik guztiz argi ez dagoen arren, baliteke zenbait ohitura kaltegarrik ere zerikusia izatea: erretzeak eta alkohola eta kafea hartzeak.

Arrazoi bat baino gehiago

Honako arrazoi edo kausa hauen ondorioz sor liteke nocturia: prostata edo maskuria kaltetua edukitzea edo likido gehiegi sortzea. Prostatan, lesio bat izaten du ehunak, eta oztopatu egiten du gernua maskurira irten eta guztiz hustu dadin. Gernu-hondar bat geratzen denez, maizago izaten da pixa egiteko gogoa gauean. Arazoa maskurikoa denean, berriz, gerta daiteke maskuria txikiegia izatea (ondorioz, maizago hustu behar izaten da) edo, bestela, hiperaktiboa izatea.

Ahalik eta goizen afaltzeak eta likido gutxiago hartzeko ohiturak nocturiari aurre egiten laguntzen dute

Zenbait pertsonak, hala ere, ez dute edukitzen inolako arazorik gernubideetan, baina pixa gehiegi sortzen dute gauez (gau poliuria), likido asko hartzen dutelako afaritan edo lotara joan aurretik. Zenbait gaixotasunek ere pixagale sarria eragiten dute, halaxe azpimarratu du Erasmo Ospitale Unibertsitarioak egindako ikerketa batek (Bruselan dago unibertsitate hori, Belgikan, eta European Urology Supplements argitalpenean agertu da lana). Honako gaitz hauek zerrendatu dituzte: diabetesa, lo-apnea, estrogeno gabezia, esklerosi anizkoitza, giltzurrun-gutxiegitasuna eta bihotz-gutxiegitasuna (sendagai diuretikoak hartu behar izaten direlako).

Diagnostikoa fidagarriagoa da orain

 Gaur egun modu espezifikoan ikertzen dute nocturia, baina berriki hasi dira hala egiten, ez da hain aspaldiko kontua. Proba berri bat erabiltzen dute diagnostikoa egiteko, fluxumetria izenekoa, eta horrekin neurtzen dute zenbat gernu kanporatzen den segundo batean, zer indar duen zurrustak, zenbait irauten duen eta aldizkako zurrusta zenbatekoa den. Proba hori egiteko, gau bat pasatu behar izaten da ospitalean. Denbora horretan, fluxumetria-tresna etengabe aritzen da funtzionatzen. Gaixoak pixagalea sumatzen duenean, botoi bati eragin behar dio (zer ordu den jakin dezan makinak) eta ontzi berezi batera egin behar du pixa, non ikusiko den zehatz-mehatz zenbat egin duen. Neurtze-sistema jarraitua da, eta ordenagailuan erregistratzen dira gaixoaren datu guztiak. Nocturia Ikerketa (Nocturia Study) izeneko ekimena aurrera eramateko diseinatu dute fluxumetria, eta horretan ari da Emilio Batistaren taldea, Bartzelonako Teknon Zentro Medikuan.

Orain artean, nocturia duten edo ez jakiteko, eguneroko moduko bat erabili izan du jendeak, eta han idatzi izan ditu gernu-egitearen inguruko datuak. Fluxumetriak badu abantaila sistema horren aldean: modu objektiboan erregistratzen ditu datuak. Desabantaila edo alde txarra ere badu, ordea: proba berria da, Gizarte Segurantzak ez du hartzen bere gain eta Bartzelonako ospitale horretan soilik egiten dute.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto