Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Eskaintzen dituzten abantaila nagusien artean, USB eta HDMI atakak daude, eta prozesagailuei potentzia gehiago eman diete; zenbait modelo, ordea, handiegiak eta astunak dira
Beste gailu hibrido bat agertu zaigu merkatuan apirilaz geroztik. Orduan aurkeztu zuen Apple etxeak ofizialki iPad izenekoa, telefonoaren eta ordenagailu eramangarriaren ezaugarriak biltzen dituen jostailua. Tableta izena hartu dute, eta horiei begira jarria dago jendea. Egia esan, Microsoft etxeak bazituen halakoak lehendik ere (hamarkada bat baino gehiago daramate merkatuan), baina oso-oso jende gutxik erabili izan ditu, lanbide jakin batzuetan ari direnek, gehienbat. Orain, ordea, horiekin zaletu da jendea, eta aurki ugarituko dira merkatuan erabiltzaile ertainentzako tabletak. Baina, merezi al du?
Datozen hilabeteetan, eta urte berriko lehen lauhilekoan, hainbat etxek aterako dute beren tableta, eta zer izen izango duten ere jakinarazi dute, belarria ohitzen joan dadin edo: Folio 100, Galaxy Tab, PlayBook edo Steak (xerra, alegia). Toshiba etxearena izango da lehena (espezialista da pisu txiki eta prezio handiko eramangarrietan), eta beste hirurak, hurrenez hurren, Samsung, RIM eta Dell etxeenak. iPad delakoarekin alderatuta, denek eskaintzen dute abantailaren bat edo beste, baina gabezia batzuk ere badituzte..
Guztiek eskaintzen dituzte USB eta HDMI atakak, Apple-ren tabletari propio itxi dizkioten horiek, hain zuzen. (iPad-ak ez dauzka, erabiltzaileek eduki kontrolatuak soilik jaits ditzaten). Prozesagailu ahaltsuagoak jarri dizkiete, potentzia gehiagokoak, eta ukipen-pantailek bereizmen handia ematen dute. Gainera, erabilera anitzekoak dira, eta HDMI irteerari esker (seinale multimedia ematen du), filmak ikusteko edo musika entzuteko ere erabil daitezke.
Hori aski ez, eta modelo berri horiek, gainera, iPad bera baino txikiagoak dira neurriz. Erabiltzaile asko kexatu da, izan ere, handiegia dela eta erabiltzeko traketsa. Apple ere ohartu da horretaz, itxura batean, eta zurrumurruek diotenez, tabletaren bertsio berria prestatzen ari da, eta zertxobait txikituko du, erabilgarriagoa eta ergonomikoagoa izan dadin.
Guk aipatu ditugun lau tabletak, dena den, ez dira neurri berekoak, eta bada alderik batetik bestera. Dell Mini "Steak" delakoak bost hazbete ditu eta Folio 100 modeloak, berriz, hamar hazbete. Modelo bakoitzari, beraz, erabilera mota bat eman beharko zaio, zeren, gauza baterako egokia dena, aldrebesa izan baitaiteke beste baterako. Dell etxearen gailua, adibidez, oso egokia da aldean eramateko, txikia eta arina delako, baina luzaroan erabiltzeko, aldiz, ez da ona, pantaila txikiegia dauka eta.
Guztiz bestela gertatzen da, berriz, Toshibak egin duen proposamenarekin. Prozesagailu ahaltsuarekin dator, eta Nvidia txartel grafikoa dauka; ondorioz, horixe da modelorik egokiena bideoak ikusi eta bideo-jokoetan aritzeko. Luzaroan aldean eramateko, aldiz, handiegia eta astunegia da. Bi adibide horiek ikusiz, argi dago nondik nora mugitu nahi duten tableta berri horiek: telefono inteligentearen aldera lerratuko dira batzuk eta ordenagailu funtzioa eskaintzera beste batzuk.
Hibrido horietan guztietan, iPad-a dago ongien orekatua; ihes egiten die bi estandar horiei, eta beste bat asmatzen du. Mugak eta gabeziak ere baditu, hala ere: Apple-k kontrolatzen du zer eduki deskargatzen diren, ez du USB atakarik eta ez da bateragarria flash bideo-formatuarekin. Abantailen artean, iTunes denda erraldoia nabarmendu behar da; aplikazioz, bideoz eta musikaz betea dago, eta aukera ematen dio erabiltzaileari ehunka mila programa eta zerbitzu jaisteko.
Oraingoz ez dago argi gainerako etxeek ere bide bera hartuko duten, eta bakoitzak bere aplikazio-denda sortuko duen Interneten, handik programak eta zerbitzuak ekartzeko. Gaur-gaurkoz, Android sistema eragilearekin dabiltzan gailuak -Steak, Folio 100 eta Galaxy Tab- Android Market delakoaz baliatuko dira (Google-rena da, hark sortua baita Android sistema eragilea). Ez dauzka Apple etxearenak bezain muga zorrotzak, eta, beraz, erabiltzaileak askatasun gehiago edukiko du artxiboak deskargatzerakoan. Google bilatzailearen dendak duen eskaintza, hala ere, ez da iristen, inondik ere, iTunes App Store-ren mailara (izen horixe du iPad-en dendak).
RIM etxearen proposamena, berriz, PlayBook delakoa, Blackberry telefonoaren erabiltzaile motari zuzentzen zaio (etxe horrek berak egiten du telefonoa ere). Era horretan, sistema sinkronizatu bat sortuko lukete telefonoaren eta tabletaren artean, eta bere aplikazio-denda izango lukete, eta RIM etxearen zerbitzari pribatu berezi-bereziak ere bai. Alde horretatik, RIMen apustuak badu antza Apple etxeak egin duenarekin, zeinak binomio gisa erabiltzen baititu iPad eta iPhone (elkarrekin parteka ditzakete edukiak eta aplikazioak). Bada beste datu aipagarri bat PlayBook tabletaren inguruan eman beharrekoa: oraingoz, ez du eskaintzen 3G konexiorik (telefonoak soilik dauka aukera hori, Blackberry-k alegia).
Prezioari dagokionez, tableta berriak merkeagoak dira iPad-a baino. Modelo bakoitzak bertsio bat baino gehiago dauzka, eta 400 eta 800 euroren artean dabiltza guztiak: zenbat eta memoria handiagoa, orduan eta gehiago balio du, eta 3G konexioa eduki edo ez, horrek ere baldintzatzen du, jakina. Adituen ustez, guztiak ere merkatuz joango dira aurrerantzean.
Aukera bat baino gehiago dituzte erabiltzaileek, eta esan liteke, egoera honetan, norberaren filosofiaren araberakoa dela erabakia: edozein eduki mugarik gabe jaisteko askatasunarekin gozatu nahi badugu, gauza guztien truke ordaintzen ibili beharrik gabe, hemen aurkeztu ditugun tableta berrietako bat erostea da onena. Eta, aldiz, zerbitzu itxi bat nahi badugu, zeinak erabiltzaile-esperientzia paregabea eskainiko digun, iPad delakoa izango da aukerarik onena, baldin eta eta ordaintzeko gupidarik ez badugu.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa