Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Esnea: eztabaidaezin lehen, zalantzazko orain

Funtsezkoa izaten da haurren eta nerabeen elikaduran, baina helduaroan, aldiz, ez da nahitaezkoa

  Aspaldiko galdera da esnea eta esnekiak beharrezko ote diren helduaroan, eta osasungarri ote diren edo ez ere galdetzen da, baina eztabaidak eztabaida, badira ezin ukatuzko bi alderdi: esneak elikatze-gaitasun handia du eta , esneak eta esnekiek arrakasta handiz lortu dute leku bat mendebaldeko herrietako dieta-ohituretan. Espainian, egunean 380 mililitro esne eta esneki (gurina, gazta, jogurtak, mamia eta beste hainbat eratorri) hartzen ditu pertsona bakoitzak, hau da, ia 0,4 litro eguneko eta pertsonako. Elikadura-ikuspegitik, balio handiko elikagaia da esnea: kalitate on-oneko proteinak ematen ditu, gantza, laktosaren azukrea, eta bitamina eta mineral dosi egokiak, kaltzioa bereziki (gure dietak behar duen kaltzio guztiaren bi heren ematen dizkigute esneak eta esnekiek). Giza espeziea hazteko garaian dagoenean, haurtzaroan eta nerabezaroan, elikagai garrantzitsua izaten da esnea, hortik jasotzen ditugun mantenugaiek funtsezko zeregina izaten baitute hezurrak eta hortzak osatu eta indartzeko lanean. Esnea da, hain justu, gizakiak hartu ohi duen lehen jakia, eta aurreneko urteetan, oinarri-oinarrizkoa izaten da haren dietan. Kontsumo-ohitura bihurtzen da hori gerora, ohitu egiten gara haren zaporera, usainera eta gainerako ezaugarri organoleptikoetara; esan liteke, beraz, jendea zaletzeko orduan, esneak abantaila horixe duela beste elikagaien aldean.

Helduaroan esnea hartzen duen ugaztun bakarra

Behin haurtzaroa gaindituta -edo nerabezaroa-, ezinbesteko izateari uzten dio esneak, eta beste elikagaien mailan geratzen da. Garai ona izaten da hori, beraz, geure buruei galdetzeko komeni ote zaigun edo ez esnea hartzen jarraitzea eta, behar balitz, mugak jartzea. Pertsona batzuek, izan ere, alergia izaten diote esnearen proteinari (askotan, arazo hori desagertu egiten da urteak igaro ahala), eta beste batzuen organismoak, berriz, ez du onartzen laktosa, esneak duen azukre edo karbohidratoa, alegia (batik bat, haurtzaroan eta nerabezaroan gertatzen da hori). Elikadura arloko industriak irtenbidea eman nahi izan dio azken arazo horri, eta laktosa gutxi duen esnea merkaturatzen du, laktasa erantsita. Entzima bat da laktasa, hesteetako mukosan sortzen dena eta laktosa unitate txikiagoetan eta digerigarriagoetan zatitzen duena (glukosa bereizten du batetik eta galaktosa bestetik); urdailean laktasarik ez dutenei erreakzio txarra eragiten die esnearen laktosak.

EROSKI CONSUMER aldizkariaren elikadura-adituek diotenez, bi osasun arazo horiek sor daitezke esnea hartu eta berehala zenbait kontsumitzaile talderengan (gutxiengo dira); baina epe luzera ere ekar ditzake arazoak esnea neurrigabe hartzeak, aditu horien esanetan. Esne osoak gantz asko samar eduki ohi du (produktuaren % 3,5) eta energetiko samarra izaten da (65 kaloria inguru ematen ditu ehun mililitro bakoitzeko). Esne erdigaingabetua eta gaingabetua oso kontuan hartzeko aukerak dira, osoak adina proteina, azukre (laktosa) eta kaltzio ematen dutelako, baina gantz gutxiago.

Esnea eta bihotz-hodien osasuna

Esne osoak asko samar dauzka gantz saturatuak eta kolesterola, eta gaingabetuak, aldiz, ez du ia batere (% 0,3 soilik dauka gantza). Ikerketa epidemiologiko ugari egin dira jakiteko esnea maiz hartzeak nola eragiten dien pertsonen bihotz-hodiei. Dietak ematen digun kolesterola eta bihotz-hodietako eritasuna elkarri lotuta daudela esateko aski frogarik ez dago oraindik, eta are gehiago: gaur egun uste denez, pertsonak odolean duen kolesterol maila ez da, bera bakarrik, adierazle erabakigarria bihotz-hodietako eritasunak sortzen dituela esateko. Ildo horretan, Elikadura arloko Segurtasunaren Europako Agintaritzak adierazi duenaren arabera (EFSA ingelesezko sigletan), azken ikerketek erakutsia kontuan hartuta, ezin da esan elkarri lotuta daudenik guk janariekin barneratzen dugun kolesterola eta bihotz-hodietako eritasun bat jasateko arriskua; ez, behintzat, egun barneratzen dugun kolesterol kopuruarengatik, aski txikia baita.

Esne osoak ugari izaten du gantz saturatua eta kolesterola, eta gaingabetuak, aldiz, ia batere ez

Odolean daukagun kolesterol mailari zerbaitek eragiten badio, gantz saturatuek eta trans gantzeko eragiten diote. Arrazoi horrexegatik, komunitate zientifikoak ez du finkatu egunean zenbat kolesterol hartzea komeni den gehienez ere, baina finkatu du, aitzitik, egunean zenbat gantz saturatu (20 gramo) eta trans gantz (0 gramo) hartzea komeni den, gehienez ere.

Esne osoak eta haren eratorriek (gurinak edo gaztak, adibidez) asko izaten dituzte gantz saturatuak. Esnearen trans gantzak, berriz, itxuraz ez dira industriala bezain kaltegarriak, zeina landare-olioak industrialki hidrogenatuz lortzen baita eta honako produktu hauei eransten baitiete, nagusiki: opilei, margarinei eta gozo industrialei eta jaki aurrez prestatuei. Esnearen gantz saturatuak, nahiz eta ez izan saturatugabeak bezain osasungarriak (oliba- eta ekilore-olioek dauzkate erruz), baliteke ez izatea halako eragin handirik bihotz-hodien osasunean, eta hori gertatuko litzateke esneak duen kaltzioaren eta peptido bioaktiboen eraginez; dirudienez, apaldu egiten dute arteria-presioa eta arteriosklerosia, eta gutxitu egiten dute gantz horien kaltea.

Baina... esneak gizentzen du edo ez?

  Elikagai energetiko samarra da esnea, bai, baina, hala ere, neurrian hartuta, ez du gizentzen, eta halaxe nabarmentzen dute datu zientifikoek ere. Dena den, beti ematen dute kaloria gutxiago esne edo esneki erdigaingabetuek eta gaingabetuek. Baina, ariketa fisikorik egiten ez duen pertsona batek bi katilukada esne oso hartzen baditu egunean, esne osoz egindako bi jogurt, gosaltzeko ogia eta gurina eta gazta zati bat, orduan, bistakoa denez, komeni baino kaloria (eta gatz saturatu) gehiago hartzen ariko da, eta haren dieta ez da izango batere orekatua eta osasungarria. Oso aintzat hartzekoak izaten dira gantz gutxiko gurina eta gazta, ez baitira hain energetikoak eta bai, aldiz, osasungarriagoak ohiko gurina eta gazte baino (gantz gutxiago daukatelako eta, ondorioz, gantz saturatu gutxiago ere bai).

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto