Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Esku-zorroak eta orgatxoak baino egokiagoak dira ikasmateriala eramateko, baina ez dira zamatu behar haurrak duen pisuaren % 10etik gora
Jakintza buruan pilatzen omen da, baina bizkarrak ere badaki zerbait. Eskola adinean dauden haurrei galdetu bestela. Koaderno, hiztegi eta liburu astunez zamatuta ibiltzen dira haien bizkar guri eta egin gabeak. 13 eta 15 urte arteko mutilen erdiak eta nesken % 70 bizkarreko minez egonak dira behin edo behin, horixe diote Espainian egindako kalkuluek. Eta horrek nabarmen handitzen du helduaroan arazo kroniko bihurtzeko arriskua, Kovacs fundazioak ohartarazi duen bezala (bizkarrari lotutako gaietan espezializatua dago erakunde hori). Ehunekoak aldatu egiten dira sexu batetik bestera, zeren neskek, oro har, muskulu-masa gutxiago izaten baitute, eta kexatu ere lehenago eta ozenago egiten dira bizkarreko mina sumatzean, komunikatzaileagoak dira eta. Zenbaitetan, hilerokoak eragindako mina ere gerrialdeko arazotzat jotzen dute.
Egoera horiek saihesteko, adituek behin eta berriz esaten dute beharrezkoa dela bizkar-zorroak arintzea (pisuak sekula ez du izan behar haurrak duen pisuaren % 10 baino handiagoa), eta horretarako, besteak beste, faszikuluka doazen liburuak eta euskarri digitalean datorren materiala erabiltzean hasi beharko litzateke.
Etorkizuneko ikasgela digitalak iritsi bitartean, bizkarraren arloko adituen aholkuei jaramon egitea beste aukerarik ez zaie geratzen gurasoei, euren seme-alaben bizkarrak ongi zaindu nahi badituzte. Aholku horien artean daude, besteak beste, EROSKI CONSUMERen Bizkar Eskolak eman dituenak (http://escuelas.consumer.es/web/es/espalda), Kovacs fundazioarenak eta zenbait guraso elkartek landu dituztenak.
Ikasmateriala eramateko modu asko daude: esku-zorroetan, orgatxoetan, soinean gurutzatzeko zorroetan edo poltsetan, baina horiek guztiak baino egokiagoa da bizkar-zorroan eramatea, eta halaxe nabarmentzen dute aholku guztiek. Esku-zorroak ez dira egokiak, pisu guztia besagain bakarrean zamatzen dutelako, eta, ondorioz, jarrera asimetrikoak hartzera behartzen dute haurra. Gurpil-zorroek edo orgatxoek, nahiz eta ez izan guztiz desegokiak, helduleku moldagarria eduki behar dute, haurraren neurrira egokitu eta eroso eta modu ergonomikoan eraman ahal izan ditzaten. Gainera, orgatxoari esku bakarrez heldu beharrean, haurrak ikasi behar du bi eskuekin heldu eta aurrerantz bultzatuz eramaten. Era horretan egingo dio kalterik gutxien gerrialdeari, gainerakoan bizkarra okertuta ibili beharko luke eta.
Sei urtetik gorako hiru ikasletik batek bere pisuaren % 35 eramaten du bizkarrean, zorroa eta barreneko gauzak kontuan hartuta. Egokiena litzateke haurrak ez dezala eraman bere pisuaren % 10 baino gehiago. Horrek esan nahi du, 40 kiloko ikasle batek ez lukeela hartu behar 4 kilotik gorako bizkar-zorrorik. Gehienezko muga hori gainditzen denean, 1,3 eta 3,4 aldiz handitzen dira gerrialdeko minak.
Ikasleek ez dute egiten ariketa fisikorik, eta, ondorioz, bizkarreko muskuluek indarra galtzen dute eta mina jasateko arriskua handitzen da
Arrazoi horrexegatik, Kovacs fundazioak eta Erakunde Mediku Kolegiatuak (OMC) kanpaina bat antolatu zuten iaz, Ez eman bizkarrik zure bizkarrari, 13 eta 15 urteko ikasleei zuzendua. Aurten, berriz, adin txikiagoei bideratua dagoen kanpaina abiarazi dute. Haur txikietan ez da hain ugari agertzen bizkarreko mina (10 urtetik beherakoen % 10ek izaten dute), baina 10 urteak bete ondoren, gero eta gehiagok izaten dute. Hori dela eta, prebentzio-aholkuak zabaldu dituzte adin txikiagokoentzat. Aurreko kanpainan, Bizkarraren komikia erabili zuten nerabeak arazo horren jabe egin zitezen, eta oraingoan, berriz, Juanen lunbagoa izeneko ipuinaz baliatuko dira, 6 eta 8 urte arteko haurrei mezua helarazteko. Bizkarraren web-orrian ikus liteke (www.espalda.org).
Jarrera: Ipurdia atzerantz eraman behar du haurrak, ahalik eta gehien. Oinak lurrean jarri, eta belaunak aldaken parean edo gorago geratzen badira, orduan egongo da ongi eserita. Gorputz jarrera maiz aldatzea komeni da, eta 45-60 minutuz behin aulkitik altxatu eta pixka bat ibiltzea. Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa