Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Faringitisari lepotik helduta

Parazetamola eta ibuprofenoa dira sendagairik eraginkorrenak, eta ohiko sendabideek ere balio dute, gargarak egiteak eta kataplasma jartzeak, adibidez

  Udazkena kolorez jantzita etortzen dela esan ohi da, baina ez dakartza koloreak soilik soinean. Giroa freskatzen eta hozten hasten da, eta gorputza arropaz babestu beharra dago. Papar zabaleko kamisetak eta niki tiradunak armairuan sartu, eta jakak ateratzeko tenorea izaten da, galtza motzak utzi eta luzeak hartzekoa, sandaliak gorde eta zapatei heltzekoa. Osasunak halaxe eskatzen du. Hotzarekin, izan ere, handitu egiten da arnasbideak hozteko arriskua, eta birusak ere errazago heltzen dira gune horietara, bereziki leku jendetsuetan, non oso ohikoa izaten den infekzioak transmititzea. Halako egoeretan agertzen da, udazkeneko onddoen gisa, gaixotasun aski ezagun bat: faringitisa. Zorionez, sendabide bat baino gehiago dago eritasun horri aurre egiteko: hor daude betiko antibiotikoak, baina, horiez gain, beste hainbat produktu ere badira egun, eta ezin ahaztuko ditugu etxeetan aspaldidanik erabili izan diren sendabideak ere.

Birus bidezko infekzioak edo bakterio bidezkoak

  Faringearen hantura edo inflamazioa da faringitisa, eta izan liteke alergiak edo narritadurak sortua (giroa lehorregi dagoelako aire girotuaren eraginez, berogailuagatik edo tabako-kearen ondorioz), edo izan liteke infekzio batek sortua. Infekzioak eragina denean, bi eratakoa izan daiteke faringitisa: birus bidezkoa (hala izaten da gehienetan) edo bakterio bidezkoa (eztarrian bertan dauden amigdalei erasotzen die). Faringitis mota bakoitzak bere sendabidea izaten du.

Birus bidezko faringitisak, nagusiki, urriko eta azaroko hiletan agertzen dira. Egun gutxiren buruan osatzen dira, eta sintomak arintzera bideratu ohi da sendabidea: eztarriko mina, eztula, azkura, sukarra, sudur itxiak eta mukiak. Haurrek, urtean sei edo zortzi aldiz izaten dute errinofaringitisa edo faringitisa, eta eztarriko minarekin batera, sudurra itxita eta mukiak izaten dituzte; lehen bi urteetan erasaten die gaitzak gehien, haurtzaindegira hasten direnean, batik bat.

Bakterioen infekzioak sortzen duen faringitisa, berriz, ohikoagoa izaten da otsailean eta martxoan agertzea (dena den, urte osoan sumatzen da bi moten eragina). Estreptokoko izeneko germena izaten da eragile nagusia, eta birus bidezkoan ez bezala, faringitis honetan ez da izaten sintomarik sudurrean, eta malkorik ere ez da isurtzen begietatik; izerdi zurixka bat agertzen da amigdaletan, eta hantura lepoko gongoiletan (adenopatiak). Infekzio horiek antibiotikoekin sendatzen dira. Gehienbat, 2 urtetik gorako haurrei eragiten die, eta desagertu egiten da adinean aurrera egin ahala.

Zantzuetatik, diagnostiko zehatzera

  Faringitisa birus bidezkoa izan edo bakterio bidezkoa izan, badira aldeak, eta horiei erreparatzen diete medikuek eritasuna zergatik sortu den jakiteko eta sendabide egokia jartzeko, beti ez baita berdin jokatu behar: antibiotikoak ematen dituzte bakterio bidezko infekzioentzat, baina ez birus bidezkoentzat. Hala ere, diagnostikoan okerrik ez egiteko, beste proba osagarri batzuk ere egiten dituzte. Test azkarrak, esaterako, eta horien artean, estreptokokoaren antigenoa antzemateko testa. Proba horretan, lagin bat hartzen dute amigdalen inguruan, eta erreaktiboak erabiliz, baieztatzen dute ea estreptokokoa izan den patogeno eragilea, eta hala bada, antibiotiko bidezko sendabidea abiatzen dute. Posible izaten da, halaber, bakterioa bakartu eta laborategian bakterio-hazkuntza bat egitea, baina medikuek halakoak eskatzen dituzte soilik faringitisa behin eta berriz berragertzen denean edo kronikoa denean. Izan ere, garestia izaten da proba hori egitea, eta denbora asko samar behar izaten da (lauzpabost egun).

Birus bidezko faringitisak, nagusiki, urriko eta azaroko hiletan agertzen dira

Azkenik, oso kasu berezietan, odol-analisia ere egin liteke, ikusteko ea gorputzean baden antiestreptolisinarik; antigorputzak dira horiek, eta estreptokoko bidezko infekzioa eduki eta handik bi aste ingurura agertzen dira. Beraz, horien arrastorik antzemanez gero, infekzioa eduki den seinale izaten da. Proba hori baliagarria izaten da lehenago jasan diren estreptokoko-infekzioen berri izateko edo sukar erreumatikoa antzemateko (ez da oso ohikoa gaur egun), zeinak, beste sintomen artean, mina eragiten baitu artikulazioetan. Diagnostiko horretara iristeko, hala ere, beste analisi osagarri batzuk egin behar izaten dira.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto