Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Teknologia Berriak

Λ

Azken belaunaldiko mugikorrak: telefono edo miniordenagailu?

Gero eta osatuago eta konplexuago bihurtzen ari dira sakelakoak, eta modelo bat hautatu aurretik, ongi aztertu behar da erabiltzaile bakoitzak zer beharrizan dauzkan

  Sakelako telefonoek hainbat eta hainbat aukera eskaintzen dituzte gaur egun, eta erabiltzaileek ere, gero eta hornituagoak nahi dituzte telefonoak. Batzuentzat aski da deiak hartzeko eta egiteko aukera ematen duen telefonoa, baina ez beste zenbaitentzat, eta orain arte ordenagailuenak izan diren funtzioak galdegiten dizkiete. Zailtzen ari da eskuko telefonoen erabilera, eta zailtzen ari da, halaber, goi mailako telefono bat eskuratu nahi duenaren hautua, oso garestiak direlako batetik, eta operadoreek baldintza zorrotzak jartzen dituztelako bestetik (hemezortzi hilabetez haiekin irauteko konpromisoa eskatzen dute maiz). Arduraz jokatu eta telefono egokia erosteko, ezinbestekoa da argi edukitzea zer erabilera eman nahi zaion.

Blackberry, testua maite dutenentzat

Telefonoa komunikazio-zereginetarako erabili nahi badugu, lanean mezu elektronikoak jaso eta bidali beharra izaten dugulako edo berehalako mezularitza-zerbitzua behar dugulako, orduan Blackberry telefonoa da onena. Bi arrazoirengatik: QWERTY teklatua dauka, tekla guztiak dituena, eta behar adina leku izaten du azkar eta akatsik gabe idazteko. Beste arrazoi bat ere bada: telefono hori saltzen duenak, Kanadako RIM enpresak (Reserarch In Motion edo ikerkuntza abian), ez ditu erabiltzen ohiko telefoniaren sareetako datu-protokoloak mezu elektronikoak bidaltzeko (3G, GSM edo EDGE direlakoak, alegia); bere zerbitzariak erabiltzen ditu, eta era horretan, telefonia mugikorraren ohiko sareetan barrena joaten dira mezuak, baina kode berezi eta desberdinak izaten dituzte, eta hobeki babestuak egoten dira kanpoko eraginetatik. Hori funtsezkoa da informazio pribatua zaintzeko, batik bat enpresa alorrekoa; zenbait gobernuk, ordea, ez dute oso begiko hori ala izan dadin, eta telefono horiek galarazteko asmoa darabilte, baldin eta RIMek ez badu jartzen haien eskura zerbitzarietara sartzeko kodea.

Alderdi ekonomikotik begiratuta ere, testu bidezko komunikazioa nahiago dutenek ahots bidezkoa baino, irabazteko asko daukate Blackberry telefonoarekin. Eskaintzen duen datu-tarifak ez dio mugarik jartzen sarearen erabilerari, eta erraz eta arin jardun liteke txat-ean; horrez gain, ez du pisu-mugarik dokumentu atxikientzat. Azken baldintza hori, dena den, aldatu egiten da sarbidea ematen duen enpresaren arabera (irudiekin izaten da gorabehera gehien).

Salneurriari dagokionez, garestiak izaten dira Blackberry telefonoak, baina operadore nagusi guztiek ematen dituzte laguntzak, eta zenbaitetan, ez da sarrerarik ordaindu behar izaten. Baina ongi aztertu beharra dago zer datu-plan eskaintzen duen operadoreak, gerta daitekeelako oinarrizko zerbitzua ez aski izatea, eta gero gehiegizko fakturak ordaindu behar izatea.

Iphone telefonoa eta Android darabiltenak: aisialdirako eta sarean nabigatzeko

Lanerako erabili behar ez badugu edo teklatua nahitaezko ez bazaigu, badira Blackberry baino aukera hobeak. Beste telefono horiek RIM enpresarenak baino hobeak dira sarean nabigatzeko, nahiz eta azken horiek ere hobetzen ari diren urtetik urtera. Beste telefono horietako bat hautatzeko orduan, norberak ikusi behar du zenbat ordaintzeko prest dagoen, horren araberakoa izango da-eta telefonoa. Alde batetik, hor dago Apple enpresaren i Phone berria, ukipen-pantailarekin eta Interneten nabigatzerakoan beste ezein mugikorrek oraingoz gainditu ez duen erabiltzaile-esperientziarekin.

Ukipen-pantailak aukera ematen du letrak eta irudiak nahi adina handitzeko, eta baliabide ona da hori web-orrietan barrena ibiltzeko, mapak aztertzeko edo gizarte-sareetan solaskideei jarraitzeko. Erraza gertatzen da, halaber, egunkariak irakurtzea, blogak eta mezu elektronikoak, baina idazteko orduan, teklatua ez du Blackberry-aren mailakoa.

Apple-k, bestalde, milaka aplikazio eskaintzen ditu bere dendan iPhone-aren funtzioak osatzeko, eta horiei guztiei esker, Interneterako sarbidea duen telefonoa baino askoz gehiago da: GPS nabigatzailea, iparrorratza, bideo-joko kontsola, zereginak oroitarazteko agenda... Eta merkatura atera duen azken modeloak, iPhone 4 delakoak, bi kamera dakartza, eta horiekin, gai da bereizmen handiko bideoak grabatzeko eta kalitate txukuneko argazkiak ateratzeko. Baina iPhone-a ez da bakarra. Badira beste hainbat telefono mota ere, ez hain politak estetikoki, baina bai merkeagoak eta erabiltzaile-esperientzia eta aplikazio aski aipagarriak eskaintzen dituztenak. Android sistema eragilearekin dabiltzan telefonoak dira, Google-k sortu duen horrekin, eta hainbat etxek erabiltzen dute, tartean HTC ospetsuak.

Eskaintza ugariagoa da telefono mota horietan, eta, beraz, iPhone-a baino merkeago eskuratu daitezke, eta linea bat kontratatzerakoan, abantaila onak aurki litezke prezio-planetan eta telefonoa erosteko laguntzetan. Desabantailak aipatzen hasita, esan beharra dago Android oraindik ez dagoela iPhone-ak darabilen sistema eragilearen mailan, nahiz eta adituen ustez, aukera berdintsuak eskaintzeko moduan egongo den urtebeteren buruan. Andriod-ek ere badu aplikazio-denda handi bat, eta aukera ugarirekin horni daitezke telefonoak.

Nokia eta Windows Mobile daukaten telefonoak: hobe da zain egotea

Nokia etxea da nagusi erdi mailako eta maila apaleko telefonoetan. Goi mailakoetan, aldiz, ez da ongi moldatu, erabiltzen duen sistema eragileak, Symbian delakoak, ez baitu ongi erantzun konplexutasun handia daukaten gailuetan. Oraingoz, eta Megoo softwarea zer emateko gai den ikusi arte (proposamen hori lantzen ari da Finlandiako enpresa), ez da komeni goi mailako Nokiarik erostea.

Eta berdin gertatzen da Windows Mobile sistema eragilearekin dabiltzan telefonoekin ere. Luze gabe aterako da azken bertsioa, WM7, eta bitartean, hobe da aurreko bertsioak baztertzea, ez baitute balio izan modelo batek ere egoki funtziona dezan. Gehiegizko potentzia behar izaten du sistema horrek, eta eskas geratzen dira mugikorren prozesadore txikiak. Dena den, potentzia gehiagoko txipak jarriko dizkiote, eta pentsatzekoa da emaitza ona emango duela WM7 delakoak.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto