Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Dieta osasungarria: Plater txikitik jatearen abantailak

Plateren neurriak eta formak ere badute eragina gutako bakoitzak hartzen duen kaloria kopuruan: plater sakona beharrean zapala erabilita, % 22 gutxiago jatera hel gaitezke

  Egunero, janariarekin zerikusia duten 250 erabaki hartzen ditu norbanako bakoitzak, batez beste; hori diote, behintzat, elikadura-joerak ikertzen dituztenek. Gosariarekin hasten gara (zer hartu?, gazia edo gozoa?, magdalenak edo ogia?...), eta otordu guztietan erabaki behar izaten dugu zenbat hartuko dugun jaki bakoitzetik. Asteko egun guztietan.

Zenbat janari hartu erabakitzeko orduan, zentzumenek ez ezik (zaporea, usaina, testura...), beste zenbait alderdik ere eragiten dute. Jango dugun lekuan zer argi dagoen, zer musika eta zenbateko zarata, horrek ere badu zerikusia gehiago edo gutxiago jan dezagun, eta, nola ez, janariaren berezko ezaugarriek ere bai (tenperatura, kolorea, lurrina...). Era berean, jatekoak zenbat eta eskurago eduki, zenbat eta errazago eta erosoago hartu ahal izan, ohikoa izaten da orduan eta gehiago jatea, oso osasungarriak ez badira ere. Norberak zer duen gogoko eta zer ez, kultura- eta familia-baldintzak, lagunarteak edo elikagaiaren neurriak eta hura zerbitzatzen duten ontzienak, alderdi horiek guztiek ere baldintzatzen dute erabakia. Adibidez, plater sakonetik jan beharrean plater zapaletik eginez gero, % 22 gutxiago jatea ekar lezake horrek. Janaria murriztu nahi denean, laguntza ezin hobea da plater txikiak erabiltzea.

Plater handiak, betekada handia

Pertsona batek hartzen dituen kalorien ia % 72 jakiaren beraren ezaugarriekin zerikusirik ez duten alderdiek baldintzatzen dute: janaria zerbitzatzeko erabiltzen diren ontzien, plateren, edalontzien edo mahai-tresnen neurriak, besteak beste. Ildo horri jarraituz, Ameriketako Estatu Batuetan, Illinoisko Unibertsitateko ikertzaileek egiaztatu ahal izan dutenez, plater batean jaki gehiago zerbitzatzen denean edo jaki zati handiagoak aukeratzen direnean, gehiago jateko joera izaten da. Goserik ez izan arren edo aseta egon arren, % 45 gehiago jaten da, berriki egindako ikerketetan ikusi ahal izan dutenez. Begiak iruzur egiten digu, eta beti iruditzen zaigu plater sakon batek janari gutxiago duela, beste edozein ontzi txikiagok baino, nahiz eta bietatik koilarakada kopuru bera jan. Hainbat ikerketak baieztatu dute hori, besteak beste Brian Wansink medikuak egindakoek (oso ezagunak dira kontsumitzaileen elikadura-joeren inguruan egin dituen lanak).

Lan horietako batean, neurri desberdinetako ontziak hartu, eta parte-hartzaile bakoitzari bat banatu zioten; bada, ontzirik handienak eskuratu zituztenek, batez beste, % 27 izozki gehiago jan zuten. Eta zerbitzatzeko orduan koilararik handiena erabili zutenek, % 14,5 gehiago hartu zuten.

  Neurri bertikalak eta horizontalak begiz antzemateko modua ere aztertu zuten. Piaget eta beste ikertzaile batzuek erakutsi dutenez, pertsonek objektu zilindriko bat ikusten dutenean, beirazko edalontzi bat, adibidez, dimentsio bertikalari (altuerari) erreparatzeko joera izaten dute, eta bazter uzten dute horizontala (zabalera), eta are gehiago: % 20 garrantzi gehiago ematen diote altuerari. Hori horrela dela frogatzeko, Wansink y Van Ittersum medikuek ikerketa bat egin zuten argaltzeko kanpamenduetan zeuden nerabeekin. Eta ohartu ziren, egiaz, begiak zer-nolako ikuspegi okerra hartzen duen; nerabeek, izan ere, % 88 zuku gehiago edan zuten edalontzi zabaletatik. Harrigarriena, ordea, hauxe da: nerabeek uste zuten, eta guztiz sinetsita zeuden, gainera, benetan edan zuten kopuruaren erdia hartu zutela! Pertsona heldu osasuntsuekin egindako beste ikerketa batean, egile horiek berek ikusi zuten parte-hartzaileek edari gehiago hartzen zutela edalontzi zabaletan, luze eta estuetan baino.

Koilara berarekin neurri desberdina duten bi plateretara jakia botaz gero ere, begiak ez du irudipen berbera jasotzen platera handia izan edo txikia. Handia denean, iruditzen zaigu plater txikira baino jaki gutxiago bota dugula.

Platerean zenbat eta jaki gehiago ikusi, gehiago jateko joera dago, goserik ez izan arren

Ikerketa horien emaitzek agerian uzten dute ontzien neurria zaintzea modu ona izan daitekeela janari kopurua kontrolatzeko. Bereziki, argaltzeko beharra dutenentzat, eta kontrakoa gertatzen zaienentzat ere bai: pisu gutxi edo desnutrizioa dutenentzat eta jateko gogorik izaten ez dutenentzat. Bi egoera horietan, nahiz eta helburuak guztiz kontrakoak izan (gutxiago jatea batean eta gehiago jatea bestean), emaitza berbera da: pertsona gustura sentitzen da platerean ikusten duen jaki kopuruarekin.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto