Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Musika-tresna bat jotzearen onurak

Jarduera horren bidez, memoria, sormena eta hizkuntza-trebetasunak lantzen dira, baina ezinbestekoa izaten da norbera motibatua egotea

  Haurren egutegia aski betea egon ohi da; eskola eta eskolako zereginak gutxi balira bezala, eskolaz kanpoko orduetan ere zamatuta ibiltzen dira. Kirola egiten dute askok, hizkuntzaren bat ikasten aritzen dira beste hainbat, eta informatikan trebatzen ere bai dezente. Hiru jarduera horiek aukeratzen dituzte, nagusiki, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako haurrek, eta laugarren lekuan dago musika. Halaxe erakusten dute, bederen, Kalitaterako eta Ebaluaziorako Espainiako Institutu Nazionalak (INCE) eman dituen azken datuek. Musika-tresna bat jotzen ikasteak hainbat onura dakarzkio horretan ari denari: besteak beste, sormena areagotzen du, eta hobetu egiten ditu memoria eta irakurketa-gaitasuna. Baina horretarako, gozamen-iturri izan behar du musikak, jostatzeko eta dibertitzeko balio behar du, eta, inola ere ez, sufritzeko. CONSUMER EROSKI aldizkariko osasun-adituek oroitarazten dute funtsezkoa dela haurrek ongi pasatzea musika-tresna bat jotzen ikasterakoan, eta ez dute sentitu behar gurasoek ezarritako betebehar bat egiten ari direla. Futbola, saskibaloia, igeriketa dira jarduera nagusiak eskolaz kanpoko orduetan; ariketa fisikoa, azken batean. Musika-ikasketak egitea, berriz, nahiko bazterreko kontua izan da, marrazketa, antzerkia edo balleta bezala, adibidez. Zer onura egiten duen jakinda, ordea, harrigarri samarra ere bada musika-ikasketak egiteko joera ez gehiago hedatu izana. Azterketa, ikerketa eta tesi askok frogatu dutenez, musika ikasteak hainbat gaitasun lantzeko modua ematen die ikasleei.

Musika-tresna batekin aritzeak trebatu egiten ditu eskuak eta begiak. Memoria ere indartu egiten du, baita sormena eta hizkuntza-trebetasunak ere. Horrexegatik, hain zuzen, gero eta espezialista gehiagok gomendatzen dute haurrek musika ikas dezatela, hobetu egiten baititu irakurketa- eta idazketa-trebetasunak, dislexia duten haurrengan, nagusiki. Adimen espaziala ere nabarmen garatzen zaie musika-tresna bat jotzen dutenei (inguruko munduaren xehetasunak antzemateko eta objektuen irudi mentalak egiteko gaitasunari esaten zaio adimen espaziala). Eta oso alderdi garrantzitsua da hori eguneroko bizitzan. Orientatzen jakiteko, adibidez, aski lagungarria gertatzen da adimen espaziala, berdin matematikako problema konplexuak ebazteko ere, eta itxuraz erraz-errazak diruditen keinuak egiteko ere bai, hamaiketakoa biltzeko, esaterako. Gainera, berehala ikusten dira musikaren onurak: adituek egindako kalkuluen arabera, ikasteari ekin eta lau hilabetetara hasten da sumatzen aldaketa.

Onura fisiologikoak ekartzeaz gain, haurren izaerari eta besteekin harremanetan egoteko gaitasunari ere eragiten dio musika-tresna bat jotzeak. Oro har, pertsona metodiko eta diziplinatuak izaten dira, xehetasunak zaintzen dituztenak, zereginak ongi planifikatzen dituztenak eta arreta jartzeko gaitasun nabarmena izaten dutenak. Eta dohain horiek guztiak, estimu handitan edukitzeko modukoak dira. Sarri askotan, irakasleen aurrean aritu behar izaten du musika-tresna bat jotzen duenak, edo aztertzaileen edo ikus-entzuleen aurrean. Horri esker, beldurrari gain hartzen ikasten dute gazteek, herabetasuna gainditzen, eta segurtasuna eta autokonfiantza ematen die.

Haurrak ez zamatu

  Musika-tresna bat jotzeak ekar ditzakeen onura guztiak pikutara joaterik nahi ez badugu, arretaz zaindu behar dira bi alderdi. Batetik, akats larria izango litzateke gurasoen aginduz eta haiek hala nahi dutelako has dadin haurra musika-tresna bat jotzen, haurra bera guztiz konbentzituta egon gabe. Horrela gertatzen bada, kondena moduan bizi izango du haurrak musika-tresna ikasteko jarduera, ez du agertuko interesik, eta arretarik ere ez dio jarriko. Musika-tresna jotzen ikasteko, funtsezkoa da aritzea eta aritzea, baina jolasaren alderdia inoiz ahaztu gabe. Bestela, gerta liteke nahitaez egin beharreko jardueratzat hartzea musika, ez batere gozatzea, eta onura eta mesede guztiak bidean geratzea. Musika ikastea, eskolaz kanpo egiten diren gainerako jarduera guztiak bezalaxe, bide ezin hobea da haurren prestakuntza osatzeko; jarduera bakoitzak ditu bere onurak, baina baldintza bat betez gero, betiere: haurrak ez dira zamatu behar. Goizetan eta arratsaldeetan, eskola izaten dute; handik atera, eta futbol-entrenamendua orain, igeriketa hurrena, ingelesa, gitarra, dantza... Galdera begi-bistakoa da: ona ote da haurrek hain agenda betea eduki dezaten? Ikasleek libre dituzten orduak antolatzerakoan, zentzuz eta zuhurtziaz jokatu behar da, eta ongi egituratu eta gainbegiratu behar da guztia. Eskola orduz kanpoko jarduerekin, hainbat gaitasun sozial eta kognitibo lantzen dituzte ikasleek, eta horietako batzuk nekez eskuratuko dituzte ikasgela barruan. Baina jostatzeko denbora ere eman behar zaie, familiarekin egoteko tartea edo atseden hartzeko beta. Horiek ere lehentasunezko jarduerak dira.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto