Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Ikasketa zentro horiek araudia ongi betetzen dutela egiaztatu behar dute ikasleek
Eguzkia, hondartza, mendia... edo akademiak. Ekaineko azterketetan emaitza onik lortu ez dutenek ikasi egin behar izaten dute udan. Akademiak eta ikasketa zentro arautugabeak (balio ofizialik gabeak) izaten dira askoren esperantza; prestakuntza osagarria eskaintzen dute, baina beti ez dute erantzuten agindu bezala. Eskolak emateari uzten diote, ez dituzte betetzen kontratuan ageri diren baldintzak edo atzeratu egiten dira ikasmateriala ikasleen esku jartzeko orduan. Berme guztiak eskaintzen dituen akademia batean sartzeko eta iruzurrak saihesteko, erabiltzaileak tentu handiz aztertu behar du merkatuan zer eskaintza dagoen, eta egiaztatu egin behar du ongi betetzen dituztela zentro horiei dagozkien baldintza guztiak.
Iazko urtean, 520.000 ikasle baino gehiago ibili ziren Espainian eskolak hartzen ikasketa zentro arautugabeetan; erakunde pribatuak izaten dira horiek, eta ez dute ematen balio akademiko ofizialik daukan titulurik. Akademia zerbitzu horietan, honako ikasgaiak hautatzen dituzte gehien erabiltzaileek: hizkuntzak, informatika, oposaketak prestatzeko saioak eta hezkuntza arauturako lagungarri diren eskolak. Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak egiten duen inkesta baten arabera (Etxe bakoitzak Hezkuntzan egiten duen Gastua neurtzeko inkesta da), sektore horrek urtean 300 milioi euro inguru mugitzen ditu Espainian, eta ikasle bakoitzak, batez beste, 607 euro gastatzen ditu.
Gero eta zentro eta akademia gehiago daude. Arrazoi bat baino gehiago egongo dira horretarako, baina eragin zuzena izan du azken hamarkadan on-line edo sareko prestakuntzak eta urrutikoak izan duten gorakadak. Zentro horietan ematen dituzten ikastaro eta eskolek, oro har, ongi erantzuten diete ikasleen asmo eta itxaropenei, baina batzuetan, irregulartasunak eta egoera desatseginak gertatzen dira. Halaxe erakusten dute kontsumitzaileen elkarteetara iritsi diren galdera eta erreklamazioek: azken urteetan bikoiztu egin dira kontsumitzaileek sektore horren kontra jarri dituzten kexuak, dagozkien arauak ez betetzeagatik.
Igoera hori ikusita, kanpaina berezia jarri zuen abian 2009. urtean Espainiako Kontsumo Institutu Nazionalak: Ikasketa Zentro Arautugabeen Kanpaina Nazionala, hain zuzen. Sei autonomia erkidegok parte hartu zuten, eta hauxe izan zen horien helburu nagusia: akademien jardueran garrantzi handiko diren zenbait alderdi kontrolatzea, betiere kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak aintzat hartuta. Hiru atali erreparatu zioten, bereziki: informazioari, publizitateari eta kontratazio-baldintzei. Beste zenbait erkidegok, berriz, beren kanpaina berezia antolatu zuten 2008an. Andaluzia izan zen horietako bat, eta han, datuek erakutsi zutenez, hamar akademia ez-ofizialetatik lauk ez zuten betetzen kontsumitzailea babesteko araudia.
Akademia pribatuetan ari diren erabiltzaileen kexu eta erreklamazio gehienak honako alderdien ingurukoak dira (Asturiasko Kontsumitzaileen Batasunak emandako informazioa da): kontratua eten nahi ez izatea, kontratatu diren baldintzak ez betetzea, publizitate engainagarria egitea, ikasmateriala garaiz ez jartzea ikasleen eskura eta ordaintzeko moduen inguruan gehiegikeriaz jokatzea.
Hamarkada honetako lehen urteetan, iruzur handiak egin zituzten zenbait hizkuntza-akademiak, eta ikasle askori sortu zizkieten kalteak. Hori gertatu ondoren, Espainiako Kontsumo Institutu Nazionalak eta autonomia erkidegoek Dekretu-eredu bat onartu zuten 2004. urtean, ikasketa zentro arautugabeen jarduna arautzeko. Dokumentu horrek babestu egiten ditu erabiltzaileen informazio-eskubidea eta eskubide ekonomikoak. Autonomia erkidegoek bere egin dute araudi hori, eta beren eremura egokitu. Horren bidez, ikasleei sortzen zaizkien arazo nagusiei erantzun nahi diete.
Azken urteetan bikoiztu egin dira kontsumitzaileek sektore horren kontra jarri dituzte kexuak
Formazio zentro eta akademia pribatuak biltzen dituzten elkarte batzuek ere egin eta onartu dituzte kode etikoak, elkarte horietan partaide diren zentroen jokabidea bideratzeko eta kontsumitzaileen eskubideak bermatzeko. Kode horiek, oro har, erkidegoek onartu dituztenen ildotik joan ohi dira, eta antzeko araudia izaten dute. Honako alderdi hauek jorratzen dituzte, nagusiki, kode eta araudiek:
Eskaintza, promozioa eta publizitatea: akademia eta formazio zentro arautugabeetan ematen dituzten eskolak, ikasketa arautugabeak dira. Zentroak behartuta daude informazio hori ematera eta publizitate eta iragarkietan garbi adieraztera, herritarrak ez nahasteko. Zenbait akademiak, promozioa egiterakoan, erregistro zenbakiak jartzen dituzte, administrazio jakinen baimena dutela esaten dute edo indarrean dauden araudien aipamenak egiten dituzte, eta ikasleak pentsa dezake horiek badutela ezagutza edo balio ofizialen bat. Ordea, ez da fidatu behar halako xehetasunak ematen dituzten akademiekin.
Ikaslearentzako informazioa: ustekabe txarrik ez izateko, informazio xehe-xehea eskuratzea komeni da zentroari eta ikastaroari buruz. Ikasketa arautugabean ari diren akademiek jendearen bistan jarri beharra dute informazioa, iragarki taula batean. Akademiaren jabeari buruzko datu adierazgarriak ez ezik, beste hauek ere agertu behar dituzte: zer ikastaro ematen duten, zer ordainketa-baldintza dauden, zer ordutegi duten, kontratua eteteko eskubidea onartzen duten edo atxikita dauden kontsumoko arbitraje sistemari.
Eskaintzari dagokionez, informazio esku-orriak jarri behar dituzte ikasleen eskura. Komeni da dokumentu horiek ongi gordetzea ikastaroa amaitu arte, hor ageri den informazioa loteslea da-eta erreklamazio bat egin nahi izanez gero (baita informazio hori kontratuan ageri ez bada ere). Honako xehetasun hauen berri eman behar du esku-orriak:
Ordaintzeko moduak: "Akademia itxi dute, eta kalean utzi dituzte ikasleak, eskolarik gabe eta 1.600 euro galduta". Oraindik ere ikusten dira gisa horretako ohar eta salaketak kontsumitzaileen elkarteetan, eta horrek zera adierazten du: izena emateko asmotan dabiltzanek arreta handiz aztertu behar dute zer ordainketa modu dituen zentro bakoitzak, eta zer berme eskaintzen dituen. Gomendio ofizialen arabera, hilero kuota bat ordaintzeko modua ematen duten akademiak hautatu behar dira.
Ikastaroa aurrez ordaindu behar bada, zentroak argitu behar du ea eskura ordaindu behar den edo epeka. Azken aukera hori izanez gero, akademiek adierazi egin behar dute zer kopuru den ordaindu beharrekoa, zenbat kuotatan egin behar den eta erabiltzaileak noiz bukatuko duen ordaintzen. Horrez gain, epeka ordaintzekoa denean, ikasleak hauta dezake zer finantza erakundetan egin nahi duen; ez du zertan zetroari ordaindu edo hark esaten duen bankuan egin.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa