Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
EROSKI CONSUMEReko kanalak
Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Azaleko gaia
Erreminta sozialak
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Aztertu ditugun guztietatik (200), erdiek uko egin diote aurrekontu idatzi bat aurkezteari, nahiz eta legeak horretara behartzen dituen | Eskulana 46 euro kostatzen da, batez beste, orain dela bost urte baino % 44 gehiago | Ibilgailuaren oinarrizko azterketa doan egiten dutela jakinarazi du sei lantegitatik batek
Ibilgailuak konpontzen dituzten lantegietan, eskulanaren prezioak baldintzatzen du, nagusiki, azkenean ordaindu beharreko kopurua. Guk aztertu ditugun lantegietan, 46 euro kostatzen da lanordua, batez beste, orain dela bost urte baino % 44 gehiago (KPI metatua % 12,4 igo da tarte horretan). Alde nabarmenak daude hiri batzuetatik besteetara. Iruñea eta Donostia dira garestienak: 60 euroren inguruan dabil ordua, eta merkeena, berriz, Kordoba: 17 euro ordua (han aztertu ditugun hamar lantegietatik lauk soilik jarri dute bereizita eskulanaren prezioa; gainerako guztiek, zerbitzu bakoitzaren barrenean sartu dute). Alacanteko eta Valentziako tarifak ere merketzat har daitezke (35 euro eta 39 euro, hurrenez hurren).
Hiri berean ere alde handia sumatu dugu lantegien artean. Valladoliden, 63 euroko aldea ikusi dugu eskulanean lantegi batetik beste batera (93 euro kobratzen du batek eta 30 euro beste batek). Valentzian, Gasteizen eta Bilbon, 45 euroko aldea ikusi dugu garestienaren eta merkeenaren artean. Eskulan-tarifarik orekatuenak, berriz, honako hiri hauetakoak izan dira: Alacant (10 euroko aldea ere ez), Oviedo (13 eurokoa) eta Kordoba eta Zaragoza (14 eurokoa).
Lantegi motaren arabera aztertuta, berriz ere kontzesionarioak edo marka jakinen garaje ofizialak izan dira garestienak: batez beste, 55 euro kostatzen da horietan eskulana (orain dela 5 urte baino % 46 gehiago); mekanika azkarrekoetan eta garaje independenteetan, berriz, 40 euro baino zertxobait gehiago kobratzen dute (2005ean baino % 43 eta % 35 gehiago, hurrenez hurren).
EROSKI CONSUMER-eko teknikariak oinarrizko azterketa egitera joan dira beren ibilgailuarekin (auto ertain edo txikia eraman dute, berbera hiri bereko garaje guztietara). Oinarrizko azterketa horretan, honako zerbitzu hauek sartu dira: olio-maila begiratzea, haizetakoaren garbigarria eta izoztearen kontrako likidoa, uhalen egoera eta tentsioa, pneumatikoen egoera, pastillak eta diskoak, zikin-babesak eta lasaierak, leungailuak eta ihes-tutuaren lerroa. Ez dute eskatu likidoak alda ditzatela edo piezaren bat konpondu edo ordezkatu dezatela.
Oinarrizko azterketa egitea, batez beste, 68 euro kostatzen da guk aztertu ditugun lantegietan, eta 2005eko tarifarekin alderatuta, % 8 merkeagoa da orain. Bada, ordea, azpimarratu beharreko alderdi bat: lantegien % 17tan jakinarazi digute doan egiten dutela ibilgailuaren oinarrizko azterketa, eskulana ere kobratu gabe. Hori egiten duenak, dena den, jakintzat ematen du, ibilgailua ongi aztertu ondoren, matxuraren bat aurkituko duela edo aldatu beharreko piezaren bat. Azterketa doan eskaini duten lantegietatik, mekanika azkarrekoak edo independenteak izan dira lautatik hiru.
Ibilgailuaren oinarrizko azterketa doan egiten dutela jakinarazi du sei lantegitatik batek
Hiriz hiri begiratuta, badira aldeak atal honetan ere. Murtzian, esaterako, 23 euro balio du azterketa egiteak, eta Bilbon, Malagan, Oviedon eta Valentzian, 30 euro baino zertxobait gehiago; Kordoban, Sevillan eta Valladoliden, aldiz, 100 eurotik gora dabiltza (azken horretan, bada 133 euro kobratzen duenik ere).
Ikusiak ikusi, argi dago batean eta bestean begiratu behar dela ibilgailua oinarrizko azterketa egitera eraman aurretik, eta aurrekontuak alderatzea komeni dela. Madrilen, adibidez, 255 euroko aldea egon liteke lantegi batetik bestera, Donostian 219koa, Bartzelonan 170ekoa, Sevillan 168koa eta Valladoliden 165ekoa. Alderik txikienak, berriz, Murtzian (24 eurokoa), Oviedon eta Malagan izan dira (ez dira iristen 40 euroetara).
Lantegi motaren araberako sailkapena eginda, kontzesionarioek edo marka jakinen garaje ofizialek 87 euro kobratzen dute, batez beste, ibilgailuari oinarrizko azterketa egiteagatik; mekanika azkarrekoek eta independenteek, antzeko prezioak dituzte (62 eta 55 euro, batez beste).
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa