Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

PAPEREZKO BERTSIOA.
2010eko ekaina

Azterketak aztergai

Beharrezko den denbora eskaintzea, kontzentratuta aritzea eta gaia ulertzeko ahalegina egitea, hiru jarraibide horiek funtsezkoak dira azterketak gainditzeko

  Ikasleek buruko min bat baino gehiago izaten dituzte ikasturtean, eta gehien-gehienak, azterketa garaian. Otsailetik ekaina bitartekoa aldi gogorra izaten da: azterketak pilatu egiten dira, eta nekeak ere bai. Espainian, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ari diren ia bi milioi ikaslek, batxilergoan ari diren 618.000 gaztek eta 1.300.000 unibertsitariok jarri behar izaten dute orri zuriaren aurrean. Zama handia izaten dute gainean, kezka ere bai, gaindituko ote duten edo ez, aski denbora edukiko ote duten guztia ikasteko, orria bezain zuri geratuko ote zaien burua ordua iristen denean...

Urduri eta estu ibiltzen dira ikasle asko, beldurtu ere egiten dira batzuk, eta estresak jotzen ditu beste zenbait. Larritasun hori kaltegarria dela pentsa liteke, baina psikologoek alde ona ere ikusten diote. Tximeletak ikasleen sabeletan dantzan hasten direnean, azterketak prestatu beharrak urdurituta, indartu egiten zaie gaitasun intelektuala, eta emaitza hobeak lortzen laguntzen die horrek. Baina, aldiz, tentsio arin hori larritasun bihurtzen bada, ikaslea hondoratu dezake. Muga hori ez gainditzea da kontua, nola edo hala saihestea. Eta horretarako, oso lagungarriak gertatzen dira EROSKI CONSUMER-eko psikologoen eta hezitzaileen aholkuak; sareko eskolan ikus litezke horien esanak, Ikasten ikasi? izenekoan (¿Aprender a Aprender?; http://escuelas.consumer.es/web/ es/aprender_a_aprender/). Zenbait ohitura hartzea komeni dela nabarmentzen dute, baina ez azterketa bezperan soilik, ezpada aurreko hilabeteetan. Horien esanetan, "jarrera kontua da, batik bat". Hori ere ez da aski, ordea: jarrera behar du, jakina, eta metodoa ere bai, baina gauzarik garrantzitsuena lan egitea da. Jarri egin behar du eta ekin. Teknologia berriek lagunduko dute, bai, zenbait gauzatan, informazioa eskuratzen eta abar, baina ikastera eseri ezean, ez dago azterketak gainditzerik, ezta pixkatxo bat ikasita ere. Asko eta ongi ikastea da metodorik onena konfiantza falta segurtasun bihur dadin, eta talaia horretatik, beldurrik gabe begiratzen ahal zaie azterketei.

Ulertuz ikasi

  Ikaslearen adina gorabehera, eta ikasgaiak hartzen duen orri kopurua hartzen duela, bada araua bat barneratu beharrekoa: ulertu egin behar da ikasten den hori. Deus gutxirako balio du dena buruz ikasten aritzeak, tutik ere ulertu gabe, zeren hitz bat edo esaldi bat ahazten zaionean, ikaslea ez atzera ez aurrera gera baitaiteke, buruz ikasi duen horri zentzurik eman ezinik. Informazioa desordenatu egingo zaio, eta ezin izango dio erantzun aurrean duen galderari, edo hutsegite handi samarrak egingo ditu, eta nabarmen erakutsiko du ez dakiela gauza askorik.

Ikasgaiak zer eduki orokor biltzen dituen jabetzeko, gaia arin eta arretaz irakurtzea da onena. Jarraian, berriz irakurri behar da, modu analitikoagoan, eta ideia eta datu funtsezkoenak azpimarratuz. Ondoren, eskema bat egiteko unea izaten da; eskema horretatik abiatuta, gaiaren laburpena idatziko dugu, eta horixe bera ikasi eta barneratuko dugu, ahozko lanketa eginez edo idatziz. Era horretan, ikasgaiaren informazio logikoa eta bisuala barneratzen da.

Eskema argazki baten pareko zerbait izango litzateke, eta ikasgaiaren egitura zein den erakutsiko liguke, ideia nagusiak zein diren eta zein bigarren mailakoak; laburpenak, berriz, ideia horiek elkarrekin lotzeko balioko digu. Gainera, eginez eta ikasiz, ohitu egiten gara edukiak azaltzera, datu garrantzitsurik ahaztu gabe.

Ebaluaketa edo lauhileko osoan hori eginez gero, errazago eta azkarrago barneratuko eta gogoan hartuko ditugu edukiak.

Ikasgaia prestatu

Denbora eta planifikazioa. Ikasle orok, lehen-lehenik, antolatu egin behar du ikasgai bakoitza, eta egunez egun zer ikasiko duen erabaki behar du. Plangintza hori, bistan da, ezin da egin azterketak gainean daudenean; ikasturte hasieran egin behar da, edo azterketa garaia iritsi baino hilabete batzuk lehenago. Guzti-guztia azken egunetarako uztea edo bezperarako, hanka-sartze handia da hori, eta ondorio txarrak utzi ohi ditu. Gauzak denboraz hartzea da gakoa, horrek aukera ematen baitu ikasketa-teknika egokiak erabiltzeko. Horri esaten zaio metodoarekin ikastea.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto