Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Gösta Esping-Andersen, Soziologiako katedraduna: "Pentsio politika on bat haurrekin hasten da"

 Ongizate Estatuaren alde egitea ez da apustu etikoa soilik, inbertsio ekonomikoa ere bada. Halaxe nabarmentzen du, datuak eskuetan dituela eta gauzak oso argi, Gösta Esping-ek, Pompeu Fabra Unibertsitateko Soziologiako katedradunak. Harvard-en irakasle izana da zortzi urtez, eta Europako Batzordearen aholkulari aritzen da egun, ez da-eta alferrik munduko aditurik handienetakoa politika publikoen alorrean. Hamar urte daramatza Espainian bizitzen daniar honek, eta aho-bizarrik gabe mintzo da, estatistikak eta ikerketak oinarri hartuta, eta ez aldarrikapen funsgabeak: haurrak zaintzeko inbertsioa eginez hasten da pentsio politika on bat.

Zer osasun ikusten diozu uneotan Ongizate Estatuari?

Ongizate Estatuak, sortu zenetik beretik, Bigarren Mundu Gerra ezkero, alegia, modu ziklikoan izan ditu krisiak, hamar urtez behin. Orain daukagun krisi hau ez dakigu nola definitu: Ongizatearen Estatuaren krisia den, edo ekonomiarena den gehiago, edo munduko finantza sistemarena.

Uneotan, euts dakioke Ongizate Estatuari?

Beste krisietan eutsi zaio, eta ez zait iruditzen gero ere eutsi ezingo zaionik. Orain sortu den eztabaida horretan, demografiaren gaia da egiaz garrantzizko den bakarra, horrek aldatzen baititu Ongizate Estatuaren joko-arauak. Kontuan hartu behar da sistema horren zati handi bat sortu zenean, demografia oso aldekoa izan zela, eta orain, harrigarriki aurkakoa da, eta halaxe izaten jarraituko du 2040-2050 arte, jaisten eta jaisten. Hortxe joko luke goia demografiaren gaitzak, haur gutxiko aldiak, alegia.

Pentsa ezazu neoliberal bat duzula aurrez aurre; nola saiatuko zinateke hari sinetsarazten Ongizate Estatua onuragarria dela?

Ongizate Estatuaren alde egingo nuke, ez ikuspegi etikotik soilik, baita ekonomiaren ikuspegitik ere, inbertsioarenetik. Ongizate Estatuak egiten du inbertsio gehien haurren garapen positiboarentzat, eta hori luzera begira egindako inbertsioa da. Nik egina dut ikerketa bat, eta hark erakusten du, haurtzaro ona bermatzeko, zaintza-sistema publikoaren alde egiten duten politikak direla eraginkorrenak. Jakin badakigu haurrak 6 urte egin bitartean lantzen dela, nagusiki, leiho kognitiboa, zeinak ikasteko gaitasuna garatzen baitu. Horregatik, funtsezkoa da haurrengan inbertitzea bizitzako lehen urte horietan.

Eta zure ustez, botere publikoek egin behar lukete inbertsio hori.

Beno, badakigu hori garestiegi ateratzen dela. Espainian, haurtzaindegian goi mailako leku bat edukitzeko, 500 euro inguru ordaindu behar dira hilean. Aintzat hartzen badugu emakumeek, batez beste, zer soldata daukaten, bi umerekin, ia soldata guztia utziko lukete. Oso garestia da; ez aberatsentzat, jakina.

"Ekonomia hobeki joan ohi da emakumeak lan-merkatuan ari direnean"

Baina egungo egoeran, gastuak murriztu beharra dagoela esaten ari zaizkigu . Ez dirudi, beraz, politika egingarria denik. Diru gehiago beharko litzateke?

Oso garbi eduki behar da argudio bat: Ongizate Estatuaren jarduera batzuk inbertsio moduan ulertu behar dira; hau da, kontabilitateak eta finantzaketak neurtzeko, epe luzeko etekinak ematen dituen inbertsioaren logika erabili behar da, eta 10 urtetik 20ra bitarteko ikuspegia eduki. Haurtzaindegiek badute beste gauza interesgarri bat ere: autofinantzatu egiten dira emakumeentzat sortzen dituen lanpostuen bidez, eta horrek, aldi berean, aberastasun gehiago sortzen du herrialdearentzat. Emakumeentzako lan gehiago sortzen bada, epe luzera handitu egiten dira zergen bidezko diru-sarrerak, eta horrek finantzatu egingo luke hasierako kostua.

Baina ez dirudi bide horretatik goazenik, eta zuk daukazun ikuspegia ere ez dago oso hedatua.

  Hala da. Politikariek ez dute pentsatzen epe luzera.

Uste duzu Eskandinaviako sistema, Ongizate Estatuaren eredutzat erabiltzen duzun hori, eraman litekeela Espainiara, adibidez?

Eredu osoa ez, baina alderdi jakin batzuk bai. Eskolaurrean erabiltzen duten sistema, adibidez, kopiatu daiteke. Nik eztabaida handiak izan ditut Europako Batzordean Barrosoren aholkulari aritu naizenetan Batzordearen presidentea da Durao Barroso, eta han adostasun handia dago etorkizuneko Ongizate Estatua diseinatzerakoan. Espainian, 25 ikasle izaten ditu pertsona gaitu bakoitzak; Eskandinavian, 7-9 dauzkate, eta Danimarkan, 3. Nabarmena da aldea. Nik ez dut esaten Espainian 3 behar direnik, hori neurriz kanpokoa da, baina pedagogia- eta psikologia-adituek esaten dute, 0-3 urte arteko fasean, 6 edo 7 haur eduki behar lituzkeela arduradun bakoitzak, gainerakoan desegokia izango litzateke eta.

Emakumearen paperari ere garrantzi handia ematen diozu; zuretzat funtsezkoa da. Etorkizuneko Ongizate Estatuaren heroiak direla esaten duzu.

Ekonomiaren ikuspegitik, oso garrantzitsua da emakumearen papera. Espainian, emakumeen % 55-58 ari dira lanean, eta Danimarkan, % 80. Egin ditugu ikerketa batzuk, ikusteko zer eragin ekonomiko izango lukeen Espainian, baldin eta emakumeen izaera ekonomikoa Danimarkan dutenaren berdina balitz, eta simulazio horrek esaten du izugarrizko onurak ekarriko lituzkeela. Lehenengo argudioa hauxe da: ekonomia hobeki joan ohi da emakumeak lan-merkatuan ari direnean; bigarrenak zera dio: ugalkortasuna gero eta lotuago dago lan egiteko aukerari edo lan mailari. Emakumeak lan-merkatuan sartzen direlarik, etxea eta lana bateratzeko politika gehiago abiarazi behar izaten dira, haurtzaindegiak eta amatasun-baimenak, besteak beste. Espainian penagarriak dira lan-ordutegiak. Ordutegi-malgutasunik ez dago ia, eta horrek ez du sustatzen ugalkortasuna. Horrexegatik da Espainiako ugalkortasun maila Eskandinaviakoa baino % 50 apalagoa.

Hauxe idatzi duzu zuk: ugalkortasun-tasa oso apala denean, gizarte-ondoez baten adierazgarri izaten da. Espainian oso haur gutxi jaiotzen direla kontuan hartuz, gizarte-ondoeza aski handia dela esan beharko dugu.

Badakigu herritarrek, emakumeek eta gizonek, onartua dutela bi haurren muga. Ez dago beharrik jaiotzak sustatzeko politikak abiarazteko, batetik badakigulako ez dutela eragin handirik, eta bestetik, kontua ez delako herritarrak tematu direla eta ez dutela haurrik ekarri nahi. Gizarteak sortzen du arazoa: emakumeari ematen dion paper berria emanik, ez du uzten haur gehiago ekartzen. Eta etxekoandrearen eredu zaharrera itzultzea, kalterako izango litzateke guztiontzat.

Posible ez ezik, logikoa ere bada emakumea lan-merkatuan barneratu ahala ugalkortasuna handitzea.

Bai, iraultza gertatzen ari da emakumeak jokatzen duen paperean, baina oinarri samarrean gaude oraindik. Hasi da, baina ez da heldu, ez da umotu. Behin heltzen denean, ongi ikusiko ditugu horrek dakartzan eragin onuragarri guztiak. Beraz, bateratze-politikak sustatzearen aldeko apustuak egin behar dira, ez soilik haurtzaindegi hobeak izateko, baita enpresek malgutasun gehiagorekin joka dezaten ere lan-ordutegiak bizi-baldintzetara egokitzeko; eta genero-diskriminazioaren alderdia ere ezin da ahaztu. Enpresa batek esaten du ez duela nahi emakumerik, seme-alabaren bat edukitzen dutenean desagertu egiten direlako bi urtez... Ondorioz, nahiago dituzte gizonezkoak. Baina diskriminazio horretan, gizonak ere badu zeresana: gizona hasten bada bere bizitza pixka bat feminizatzen, gizona ere desagertuko litzateke pixka batez, eta ez legoke halako alderik (gizona ez litzateke agertuko emakumea baino askoz ekintzaileago). Alegia, gizonentzat ere izan behar dutela malgutasun-neurri horiek.

Kalitatezko haurtzaindegiez gain, haurrak kalitatez zaintzea deitzen duzun hori ez ezik, badago beste kontu bat ere: amatasun-baimena. Espainian lau hilekoa da; nahikoa iruditzen zaizu?

Bai, Espainian, Frantzian, Herbehereetan... ez da atipikoa. AEBetan bai, han ez daukate halakorik, eta Suedian, aldiz, urte eta erdikoa izaten da, ordainduta. Bi muturrak izango lirateke. Suediako kasua gehiegizkoa da nire ustez; iruditzen zait 9-10 hilabeteko baimena litzatekeela normala. Badakigu lehen urtean funtsezkoa dela gurasoekiko lotura; horrek huts egiten badu, ondorioak izango ditu haurraren bilakaeran. Espainian, oso ongi prestatuta dauden emakumeak, ibilbide oparoa dutenak, azkarregi hasten dira lanean, eta amonarekin uzten dute haurra, eta amonak heziketa maila apalagoa izaten du. Eta prestakuntza gutxiago duten amak, berriz, desagertu egiten dira lan-merkatutik. Bata bezain txarra da bestea.

Ondare sozialak ere asko baldintzatzen du haurren heziketa. Hori ere zuk esana da.

Bai. Haurra zer klase sozialetan jaio den, horrek asko baldintzatzen du haren patua. Heziketaren bidezkoa izaten da mekanismoa, haurren bilakaera kognitiboaren bidezkoa. Aukera bat izan liteke gurasoek haurrekin irakurtzea, edo izan liteke haurrei nahi adina telebista ikusten uztea. Familian zer ikasketa-kultura dagoen, hori funtsezkoa izaten da.

Distortsio hori konpontzeko ere balioko ote luke hasiera-hasieratik kalitatezko heziketa emateak?

Bai. Bazterketaren eragin handiagoa izaten dute klase sozial apaletako haurrek, familia arazotsuetakoek, desegituratuta daudenetakoek.

"Funtsezkoa da haurrengan inbertitzea bizitzako lehen urteetan"

Egoera hau hobetzeko neurri sortak, zure esanetan, BPGren % 4 hartuko luke. Kontuan hartuz Espainian ikerketara bideratzen den diruak BPGren % 1,5 hartzen duela, benetan iruditzen zaizu egiazko aukera dela hori planteatzea?

Halaxe iruditzen zait, bai, eta zenbait herrialdek egiten dute, errentagarria delako, ugaritu egiten ditu-eta etorkizuneko aukerak. Familia-politiken sailean, neurri batzuek lehentasun gehiago dute beste batzuek baino. Kalitatezko haurtzaindegi publikoen eskaintza erabat zabaltzeak BPGren % 2 hartzen du, eta inbertsio ona da hori. Eta autofinantzatu egiten da, amen autoenpleguaren bidez. Epe luzean, eskola-porrot gutxiago izaten da, gizarte-arazo gutxiago, delinkuentzia ere bai.

Eta badituzu datuak?

Oso ongi dokumentatua dago guztia. BPGren % 4 hartzen duen neurri sorta horretan, haurtzaindegiak sartzen dira, amatasun- eta aitatasun-kostuak, familia-txekea (Espainian haur-txekea izan den hori; Eskandinavian hilero kobratzen dute).

Pentsio-sistemari lotuta ikusten dituzu zuk neurri horiek guztiak. Zuk esaten duzu guztia oso harilkatua dagoela, hasi haurtzarotik eta adin batekin lan egiteari uzten zaion arte, guztia integratua dagola, ez direla bereiz doazen atalak.

Bai, horrexegatik dira hain desberdinak Espainiako egoera eta Eskandinaviakoa. Ideia horri jarraituz eraiki dute Eskandinaviako eredua, guztia dago integratua, eta Europako ereduak, aldiz, modu independenteagoan funtzionatzen du: pentsioak doaz batetik, osasuna bestetik, eta gero daude hondarreko edo bazterreko jotzen dituztenak, familia laguntzera bideratzen direnak eta. Eskandinaviako ereduak berariaz onartzen du pentsioen eredua eta lan-bizitza lotuta daudela; jendeak nola pasatu duen lan-bizitza, horrek lotura du gero pentsio sistemarekin. Nik esaten diet politikariei pentsio-politika on bat haurrekin hasten dela.

Funtsezkoa da haurrengan inbertitzea bizitzako lehen urteetan

Ekonomia hobeki joan ohi da emakumeak lan-merkatuan ari direnean



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto