Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Hau gauza, ogia!

Ezinbesteko jakia da eguneroko dietan, baina neurrian jan behar da, gatz dezente izaten du eta

  Ogia izango da, segur aski, elikagairik unibertsalena. Irina, ura eta gatza ditu oinarrizko osagaitzat, eta, aldez edo moldez, mundu guztian jaten dute, nahiz eta ohiturak aldatu egiten diren tokitik tokira. Guk, adibidez, zernahi jaki laguntzeko erabiltzen dugu, baina ez da hala gertatzen beste hainbat kulturatan. Elikagai osasungarria eta beharrezkoa da ogia, baina neurrian jan behar da. Eta ez gizentzen duelako, ez du egiten-eta; gatza da arazoa. Izan ere, egunaren buruan hartzen dugun gatzaren zati handi bat ogitik datorkigu (bostetik bat, hain zuzen). Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (AESAN) eman dituen datuen arabera, dieta osatzen duten elementuen artetik, ogia da sodio-iturri nagusia jende helduarentzat: hartzen duten guztiaren % 19 ematen die, eta jarraian datoz urdaiazpikoa, hestebeteak eta jaki hotz-egosiak edo fianbreak.

Egungoak gatz gutxiago du

Gaur egun jaten dugun ogiak garai batekoak baino % 25 gatz gutxiago dauka. Espainiako Osasun Ministerioak eta okintza sektoreak hitzarmena sinatu zuten 2005. urtean, ogiak zeukan gatz kopurua poliki-poliki murrizten joateko eta, oro har, herritarren elikadura-ohiturak hobetzeko, haurrenak batik bat. Garai hartan, % 2,2 zeukan gatza ogiak (hau da, 22 gramo sodio kloruro, irin kilo bakoitzeko), eta % 1,8ra jaistea erabaki zuten. Lau urte behar izan dituzte horretarako, eta urtean % 0,1 murriztu dute, kontsumitzaileak ere poliki-poliki ohitzearren gatz gutxiagoko ogia jatera. Helburua, beraz, bete da, eta hobetu ere bai, egia esan: egungo ogiak 16,3 gramo gatz izaten ditu irin kilo bakoitzeko. Ehun gramo ogik, gaur egun, 450 mg sodio dauzkate, eta orain dela urte gutxi arte, 650 mg eduki dituzte.

Moldeko ogia: guztiek ez daukate gatz kopuru bera

Hamarkada batzuetatik ona, eguneko ogia ez ezik, moldeko ogia ere sartzen da gure etxeetan, haurrei-eta asko gustatzen baitzaie ogi mota horren testura eta zaporea. Zer alde dago, ordea, moldeko ogiaren eta ohiko ogiaren artean? EROSKI CONSUMER -k ikerketa bat egin zuen iazko urtearen bukaeran, eta moldeko ogiak aztertu zituen, zuriak batetik eta integralak edo osokoak bestetik. Ikerketa hark erakutsi zuenez, moldeko ogiek gantz gehiago izaten dute ohiko ogiak baino (% 2 eta % 6 artean moldekoek, etxearen arabera, eta % 1,5 ohikoak), baina ez dute ematen kaloria gehiago (ehun gramo bakoitzeko, 235 eta 275 kaloria artean moldekoek, eta 250 kaloria ohikoak). Kontuan hartu behar da, dena den, zer olio mota erabiltzen duen etxe bakoitzak: batzuek oliba-olioarekin egiten dute moldeko ogia, baina beste batzuek, olio hidrogenatua edo partzialki hidrogenatua erabiltzen dute, eta, ondorioz, gantzak saturatuagoak izaten dira. Elikagaietan, izan ere, olio kopurua bezain garrantzitsua da lipidoen izaera; hau da, gantz azido saturatuen eta saturatugabeen arteko proportzioa: zenbat eta gantz saturatu gehiago, osasunarentzat orduan eta kaltegarriagoa.

Sodioari dagokionez, berriz, moldeko ogiek 500 mg eta 710 mg artean daukate, ehun gramo bakoitzeko, eta ohiko ogiak, 490 mg baino ez. Moldeko ogiek, gainera, gehigarri ugari izaten dituzte (guztiak baimenduak), eta ohiko ogiak ez du batere izaten. Laburbilduz: maiz jateko, osasungarriagoa da ohiko ogia, moldekoa baino.

Ogiak gizendu?

Ogiaren inguruko esamolde, uste eta topiko ugari zabaldu dira bazterretan, eta horitako batek dio ogiak asko gizentzen duela, elikagai askok baino gehiago. Elikaduraren inguruko uste gutxi izango dira, ordea, hori bezain okerrak. Ezin da esan ogiak kaloria asko eta asko ematen dituela. Gutxi ere ez ditu ematen, hori egia da, baina neurrian janda, ez du eragiten gizentasun arazorik, eta are gutxiago ogia bera bakarrik janez gero. Aldiz, zenbait osagai laguntzeko izaten denean, marmelada, saltsak, hestebeteak, pateak... orduan bai, gizendu egiten du, baina ez ogiak berak, harekin jaten ditugun elikagaiek baizik. Ehun gramo ogik 250 kaloria ematen dituzte, baina 35 gramo gurinek edo margarinak baino gutxiago gizentzen dute, edo opil batek baino gutxiago (horiek guztiek ere 250 kaloria dituzte).

Moldeko ogiek gantz gehiago izaten dute ohik ogiak baino baina ez dute ematen kaloria gehiago

Arrazoi honexegatik gertatzen da hori: elikagaien gantzak errazago metatzen dira gure gorputzean, karbohidrato konplexuak baino. Mota horretako karbohidratoak ezinbestekoak dira guretzat, eta oso ugari agertzen dira irinez egindako elikagaietan. Ogiaren osagai nagusia, adibidez, karbohidrato konplexu bat da: almidoia, hain zuzen. Beraz, ogia jateari uztea, argaltzeko asmoz, desegokia gerta daiteke, eta bilatzen den eraginaren kontrakoa ekar dezake; ogia kenduta, ugaritu egin litezke gantzetatik datozen kalorien proportzioa eta proteinen proportzioa. Horrek desoreka bat sortuko luke, eta pisua hartuko genuke. Jokabiderik egokiena da otordu bakoitza ogiz laguntzea, karbohidrato asko dituzten elikagaietatik hartzea komeni baitzaigu guk behar dugun energiaren erdia baino gehiago.

Zenbat ogi jan dezakegu?

  Dieta orekatu batean zenbat ogi jan litekeen jakiteko, ikusi egin behar da, besteak beste, karbohidrato konplexuak dituzten produktuak zein kopurutan hartzen diren (laboreak, labore integralak edo osokoak, arroza, pasta eta patara), batek bestea baldintzatzen du eta. Elikadura Osasungarriaren Gidak, Erkidego Elikaduraren Espainiako Elkarteak argitaratuak, arau hau ematen du: horiek guztiak batuta, egunean lau eta sei zati artean ibili behar da (arroz edo pasta zati bat esaten denean, 60-80 gramo arroz edo pasta esan nahi da -gordinik eta garbian pisatuta-; ogi zati bat, 40-60 gramo; eta patata zati bat, 150-200 gramo).

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto