Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Etxez etxeko laguntza: non etxean baino hobeki?

Etxean jasotzen duten laguntzari esker, zahartzaroa arintzen zaie adineko askori, baina langile tituludunak eta esperientziadunak kontratatzea komeni da

  Bakardadea, tristura, diru falta, arazo fisikoak eta gaixotasunak... Hitz horiekin lotzen dugu maiz zahartzaroa, eta horrek garbi erakusten du zer ikuspegi daukagun: beldurtu egiten gaitu eta kosta egiten zaigu onartzea. Behin 70-75 urteak pasatu ondoren, aje guztiak batera etortzen direla iruditzen zaigu, ondoezik jarriko garela, besteren mendeko bihurtuko garela eta etxea utzi beharko dugula edo etxekoek gu utziko gaituztela, baina beti ez da hala izaten. Orduan ere posible da bizitza-kalitate ona edukitzea, baina, horretarako, besteak beste, inguru atsegin eta gustukoan bizi behar du pertsonak. Ohitura jakinetan errotzen garen animaliak gara gizakiak, eta goizero logela ezagunean esnatzea gustatzen zaigu, betiko auzoan bizitzea, gure ondasun eta oroitzapen kuttunenak inguruan ditugula. Adineko pertsonei ondorio emozional aski kaltegarriak ekartzen ahal dizkie ohiko ingurua utzi beharrak, eta, ahal dela, erabaki horiek saihestea komeni da, edo ahal bezainbat atzeratzea.

Familiako kideek batzuetan ez dute nahi izaten adineko pertsona bat bakarrik bizi dadin, kezka izaten baitute zerbait gertatuko ote zaion (erori, istripuren bat...). Adinekoek, berriz, euren etxean jarraitu nahi izaten dute askotan, eta hor sortzen dira eztabaidak eta arazoak. Egoera horretan, oso aukera ona izan daiteke etxez etxeko laguntza zerbitzuetara jotzea, bai adinekoentzat berentzat eta bai haien ardura duten senitartekoentzat. Profesionalek adinekoei ematen dieten laguntza hori ezinbeste bihurtzen da askotan eta askotan, egunero-egunero izaten baitira zereginak, eta familiak ezin izaten du beti erantzun: etxeko lanak egin, norberaren higiene eta garbiketa-lanetan lagundu, edo ondoan egon, hitz egiteko eta lagun egiteko. Populazio-hazkundearen inguruan egiten diren proiekzioek erakusten dutenez, hamar urtean asko handituko da 65 urtetik gorakoen kopurua (% 25 baino gehiago), eta, ondorioz, behar handiak sortuko dira arlo horretan.

Erakunde publiko eta pribatuek urte asko daramatzate gisa horretako zerbitzuak eskaintzen, zerbitzu espezializatuak, baina zenbait etxetan, dirua aurreztu nahi-eta, norbanakoak kontratatzen dituzte horretarako, titulazio egokirik ez dutenak eta, batzuetan, oinarrizko ezagutzarik ere ez. EROSKI CONSUMER aldizkariko osasun-adituen esanetan, akats handia izan liteke irizpide ekonomikoa lehenetsi eta zerbitzuaren kalitatea eta segurtasuna bigarren mailan jartzea. Merkea garesti ordaintzen da batzuetan, eta gai honetan ere halaxe gerta daiteke. Jakin egin behar da nora jo dezakegun etxez etxeko laguntza publikoa eskatzeko eta, beharrezko balitz, zer egin daitekeen laguntza-zerbitzu pribatu ez oso garestia eta eraginkorra kontratatzeko; urrats egokiak eginez gero, ongi zainduta egongo dira adinekoak. EROSKI CONSUMER aldizkariak gida praktiko bat jartzen du kontsumitzaileen eskura, Zer egin adinekoak hobeki zaintzeko izeneko gida, hain zuzen (http://mayores.consumer.es), eta hainbat gairi buruzko informazioa eskaintzen du, modu erraz eta ordenatuan: zergatik zahartzen garen, nola planifikatu behar den adinekoen zaintza, zer alarma-seinaleri erreparatu behar dieten senitartekoek, laguntza non eta nola eskatu behar duten...

Etxean eta bakarrik, baina laguntzarekin

  Etxez etxeko laguntza-zerbitzuek, eguneroko etxeko lanak egiten laguntzeaz gain, bakardadeari eta gizarte-bazterketari ihes egiteko bitartekoak ere eskaintzen dituzte. Eguneroko erosketak egitea, medikutara joatea edo beste zernahi zeregini aurre egitea gogor samarra gerta daiteke bakar-bakarrik egin behar dituenarentzat, eta are gehiago 75 urte baino gehiago baditu eta osasun pattala; norbait ondoan edukita, asko arintzen da zama. Etxez etxeko laguntzak era askotako zerbitzuak biltzen ditu, eta, zeinek eskaintzen duen gorabehera (erakunde publikoek, pribatuek edo norbanakoek), komeni da jakitea zer aukera dagoen. Adinekoari laguntza pertsonala ematea izan daiteke aukera bat (higiene-gaietan, elikadurarekin eta botikekin, otorduekin), eta adinekoak ezgaitasun edo gaixotasunen bat edukiz gero, laguntza berezia ere jaso dezake (adinekoa ohean dela, ohea egitea; zer botika eta noiz hartu behar duen zaintzea; pixoihalak aldatzea...). Horretaz gain, etxeko lanak egiten laguntzeko aukera ere hor dago (etxea garbitzeko eta txukun edukitzeko), eta paseoan, irakurraldietan edo askaritan norbaitekin egoteko modua ere eskaintzen dute. Etxez etxeko laguntza orduka ematen dute: egunean pare bat orduko laguntza izan daiteke, edo egun guztikoa, asteko zazpi egunetan. Erakunde publikoek eskaintzen duten laguntza jasotzeko zortea edo aukera edukiz gero, Udalak edo zerbitzua emateko ardura duen erakundeak bideratuko du, eta hark esango du zenbat orduz izango duen eta zein ordutegitan (eskatzailearen egoera zein den aztertu ondoren finkatzen dute hori).

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto