Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Etxeko ekonomia

Λ

Auzokideak: beti auzo eta kide?

Administratzaileak laguntza handia eman dezake, batik bat etxebizitza asko dituzten eraikinetan edo zerbitzu asko partekatzen dituztenetan

  Bizilagun edo auzoekin ongi moldatzea zaila izaten da batzuetan, baina beti komeni da horretan saiatzea. Ez da gozoa agurtu ere egiten ez dugun bizilaguna maiz-maiz atarian topatzea, edo eguna joan eta eguna etorri, bategatik ez bada besteagatik, eztabaidak, liskarrak eta une txarrak jasan behar izatea bizilagunen artean. Egoera horiek eraginda, askok utzi egiten dio Etxejabeen Batzarretan parte hartzeari, eta beste bizilagun batzuen esku jartzen dute erabakiak hartzeko ardura. Hutsegite handia da hori. Garrantzitsua da parte hartzea, gure ahotsa entzunaraztea eta gure ikuspegiak defendatzea, nahiz eta jakin badakigun beti ez dela erraza izaten harreman eta giro ona sortzea bizilagunen artean.

Ohiko gauzek eragiten dituzte eztabaidak eta tirabirak. Ordainagiri bat ez ordaintzea, norberari dagokion zerga-zatia ordaintzeko garaian atzeratzea, guztiena den gune bat oker erabiltzea edo txakurrek edo bestelako maskotek aldrebeskeriaren bat egitea izan daitezke arrazoietako batzuk. Eta krisi ekonomikoak ere ez du askorik lagundu; aitzitik, handitu egin ditu etxejabe elkarteen arazoak. Arrenta izeneko aholkularitza-enpresak egin duen ikerketa baten arabera, Espainian, etxebizitza-blokeen % 15etan bada bizilagunen bat kuotak ordaintzen ez dituena. Urtebeteko epean, % 10 izatetik % 15 izatera igaro da kopurua. Txosten horretan bertan esaten denez, hileko kuotak ez ordaintzeak eta zerga-banaketan egokitu zaion zatia edo derrama ordaindu gabe uzteak eragiten ditu bizilagunen arteko gatazka ekonomikoen ia % 60. Horien atzetik datoz onespenik ez duten eraikitze-lanak ez ordaintzea (% 15) eta igogailuak eta aire girotua jartzeko lanak ez ordaintzea (% 7). Etxebizitza arloko adituek eta EROSKI CONSUMER aldizkariko legelariek aholku praktiko batzuk ematen dituzte halako egoerak saihesteko eta, sortuko balira, konponbidean jartzeko. Aski lagungarria izaten da, besteak beste, legeak zer dioen jakitea, egoera zailetan patxada eta gizalegea ez galtzea, eta zentzuz jokatzea.

Baten zorrek guztiei eragiten diete

  Etxejabe elkarteek hainbat gastu izaten dituzte, eta horietako batzuk hilero-hilero edo maiztasun jakinarekin ordaintzekoak izaten dira: guztiek erabiltzen dituzten guneetako garbiketa-lanak eta argindarra, igogailuen mantentze-lanak (lorategi eta igerilekuenak ere bai, edukiz gero), eta zenbait eraikin eta urbanizaziotan, atezainaren eta administratzailearen soldata ere ordaindu behar izaten dira. Horiez gain, tartean-tartean sortzen diren gastuak ere badaude: zerbait berritu edo pintatu behar dela... Etxebizitzen eta lokalen jabe guztiek aurre egin behar izaten diete gastu horiei, eta arazorik ohikoena izaten da jabe batek edo gehiagok dagozkien kuotak ordaintzeari uztea. Horrek arazoak ekarri ohi dizkie gainerako etxejabeei, hitzartuta dituzten lan edo akordio batzuk atzeratu egin baitaitezke, eta kuota zintzo-zintzo ordaindu dutenak haserretu ere egin daitezke. Eta muturreko egoeretan, etxejabe askok ordaintzeari uzten diotenean, gerta daiteke zerbitzuak eten edo bertan behera geratzea. Kuotak ordaintzen dituztenen interesak babesteko, legeak eskaintzen du prozedura azkar bat zorretan direnei ordainarazteko, zeina abian jar baitaiteke abokatu bat hartzen ibili beharrik gabe: monizio-prozesua esaten zaio.

Berariaz antolatu behar da Etxejabeen Batzarra, zordunen gaia aztertzeko (kuotaren bat zor dutenek hitz egiteko eskubidea daukate, baina ezin dute bozkatu), eta jabegoaren administratzaileak edo presidenteak epaile aurrean eska dezakete zordunek zorra ordain dezatela. Gainera, etxejabe elkarteak berak jar dezake salaketa, abokatuaren edo prokuradorearen beharrik gabe.

Epaitegiak behin salaketa onartu eta gero, hilabete baino gutxiago izango du zordunak zorra ordaintzeko edo, bestela, epaitegiaren aurrean argudiatzeko zergatik iruditzen zaion bidegabea zorra osorik edo zati batean ordaindu beharra. Behin epe hori igarota, salatuak ez badu ordaintzen eta ez badu epaitegian azalpenik ematen, epaileak aginduko du ordainketa gauza dadila, interesak barne eta, etxejabeek abokatu bat hartu badute, abokatuaren gastu eta sariak ere hark ordaindu beharko ditu. Kasu horretan, epaileak erabaki dezake zordunaren pisua edo lokala bahitzea, eta zordunak helegitea jarri nahi badio erabaki horri, aurrez ordaindu egin beharko du etxejabe elkartearekin duen zorra.

Legeak zer dio?

Etxebizitza-eraikin batean, hainbat arazo eta gorabehera sor daitezke bizilagunen artean. Elkarrekin edo elkarren ondoan bizi behar izaten dute, eta hormaz beste aldera dagoenak zer egingo duen, hori ez dago jakiterik. Agian, garbigailua jarriko du goizaldean, eta esnatu egingo gaitu; edo garbigailua beharrean, txakurra hasiko da zaunka; edo goiko bizilagunak alfonbrak astinduko dizkigu lixiba zabaldu berriaren gainera, edo... auskalo zer gerta daitekeen hainbeste jende bizi den lekuan. Dena ez da libre, ordea, eta lege bat ere badago bizikidetza arautzeko egina: Jabego Horizontalaren Legea. Arau horrek ahalik eta askatasun handiena ematen dio jabeari, baina muga argiak jartzen ditu, gainerako jabeen eskubideak, eta jabegoaren eta komunitatearen beraren interes orokorra bermatze aldera.

Bizilagunen batek uste badu beste norbait jarduera trabagarriak, arriskutsuak edo osasunaren kontrakoak egiten ari dela, kexua aurkez diezaioke etxejabe elkartearen presidenteari, eta hark eskatuko dio arazoa sortzen duen bizilagun horri jarrera alda dezala. Behin zuzenean eta aurrez aurre ohartarazi eta lehen bezala jarraitzen badu, burofax zertifikatu bat bidaltzea da onena, jaso izanaren adierazpena eskatzen duten horietakoa, eta haren bidez galdegingo diogu berehala eten ditzan jarduera trabagarriak, auzitara eramatea nahi ez badu. Bizilagunak ez entzunarena egiten badu, etxejabeen batzarra antola daiteke gaia aztertzeko, eta han hala erabakitzen bada, baimena emango zaio presidenteari auzitara jo dezan.

Behin salaketa jarrita, epaileak agindu dezake jarduera trabagarriak behin-behinean eteteko. Eta epaia salatuaren aurkakoa bada, jarduerak etetea ez ezik, kalte-ordaina ordaintzea ere galdegin dezake epaileak, eta etxebizitza edo lokala aldi batez erabiltzeko debekua ere jar diezaioke. Arazoak sortu dituena maizter bat bada eta ez etxejabea, alokairu-kontratua bertan behera utz dezake epaileak.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto